Páginas

2013/05/31

ESTO …

Oso argi daukat. Une honetan gauzarik inportanteena eta denok eduki beharko genukeen gauza da, da, da … Baina, zer ote da gauza hori? Zer eduki beharko genuke? Arranopola!!!  Ahaztu egin zait. Gezurra dirudi, baina ez. Ez dut gogoratzen.

Beti izan dut memoria ona, beno zenbakietarako ez; baina beste gauzetarako bai. Hemen aurpegi bat ikusi, munduko beste punta batean aurkitu eta ezagutu egiten nuen. Lagunekin egon eta baten batek galdetu: “inork gogoratzen du …?” Bada, neuk gogoratzen nuen. Baina orain zer? Ozta-ozta gogoratzen dut goizean jandakoa edo koadrilako lagunen bikotekideen izenak. 

Lagunek adina dela diote, familiakoek laneko estresa eta nire nagusiak arreta falta. Hiru hauetatik bat ere ez, eta guztiak batera, nire ustez. Memoria selektiboa daukadala da arrazoia. Orain daukadan adinarekin gogoratu behar ditudan gauza pilo horretatik nahita gogoratzen ditut interesatzen zaizkidan gauzak. Memoria ona dut oraindik, baina nahi dudanerako.

Baduzue memoria onik? Zertarako? Inoiz ahaztu zaizue gauza inportanteren bat? Zer? Kontatu zer pasatu zitzaizuen.

HAU BURUA!

Burua galdu, buruari galdetu, buruaz beste egin, burutik eginda, buruhandi, burumakur, buruhauste …

Gazteleraz ez bezala, asko dira euskaraz burua hitzaz osaturiko hitzak. Zorioneko burua!  Akaso euskaldunok beste inor baino gehiago jabetzen gara buruaren garrantziaz? Ez dut uste, hizkuntzaren berezitasuna izango da.

Dena dela, egia da, edozein hizkuntza izanda ere, burua dela edozein pertsonaren jaun eta jabe. Berak agintzen du gorputzaren mugimenduan, non eta noiz zer mugitu, berak esaten du noiz jan edota noiz edan, eta berak ere hartzen ditu gure bizitza zuzenduko duten erabakiak.

Baina, zer gertatzen da buruak burua izateari uzten dionean? Zer geratzen da garai batean izan ginenaz? Nork  gidatuko du gure gorputza? Nork esango digu zer egin edozein egoeraren aurrean?

Heriotza bera baino gehiago, hauxe da, nire ustez, gizaki gehienok beldurtzen gaituena, burua  galtzea, alegia. Eta hau ez gertatzeko, saihesteko edo atzeratzeko ikasteari, irakurtzeari, sudokuak egiteari, logika ariketak egiteari … edozeri ekiten diogu, jo eta ke burua galdu baino lehen. Baina, nik galdera bat dut: hau egia balitz, zergatik galtzen dute burua nobel saridunek, idazleek, zientifikoek … ? Ez al dute hauek burua etengabe erabiltzen? Hortaz, badago gure esku zerbait egitea burua ez galtzeko?

2013/05/17

GORRITUTA

Gure bizitzako zati handi bat ematen dugu ikastetxeetan. Denbora tarte horretan bizi izandakoak egiten omen gaitu orain garena. Txiki txikitatik, orain oso txikitatik, hasten gara eskolan lehenengo urratsak ematen etorkizunean probetxuzko pertsonak izateko.

Lehenengo urrats hauen artean bat gogoratzen dut bereziki. Oso urte gutxi nituen horretan, bost beharbada. Klasean egon ostean etxera nindoan poz pozik eskolan emandako kartoi bat eskuan. Nire lehenengo emaitzak. Nik bertan idatzita zegoena ezin ulertu eta amonari esan nion irakurtzeko. Amonari aurpegia aldatu zitzaion,  errukiz begiratu zidan eta berehala, aita etorri baino lehenago, ohera joateko eta maindireen artean ezkutatzeko esan zidan.Ene! Dena suspendituta. Ene! Dena gorriz.

Beldurraren beldurrez dardarka oheratu nintzen afaldu gabe. Ez nuen emaitzen kontua ondo ulertzen, baina banekien dena gorriz, dena suspendituta ez zela ona izango, ez. Ohean izerditan eta begiak ezin lotu nengoen aitaren zain. 

Azkenean aita etorri zen. Juxtu une honetan hasi nintzen errezatzen. Amonak nire alde egin zuen eta aitari nirekin oso gogorra ez izateko eskatu zion. Aitak kartoia hartu, zabaldu eta irribarre maltzur bat atera zitzaion. Dena gorriz, baina dena gaindituta. Amonak, nik bezala, ez zuen horretaz asko ulertzen eta gorria suspentsoa zela eta urdina gainditua uste zuen. Aitak ni esnatzeko eta afaria emateko esan zion amonari, baina ordurako banengoen ni sukaldeko atean goseak amorratuta. 

Datorren 25ean mailako idazmen froga dela eta, azterketez, eskolaz eta, oro har, notez hitz egin nahi dugu blog honetan. Ziur aski zuen ikasle bizitzan hamaika anekdota izango duzue kontatzeko. Bada, horixe da sarrera honetan egin behar duzuena, ikastetxeetan izandako komeriaren bat idaztea.

NON ETA ZEIN

Euskaltegiko  ikasturteak bederatzi hilabete dauzka, haurdunaldi batek beste. Eta denboraldi hau pasata erditzea dagokigu, baina zein leku aukeratu erditze momentu horretarako erabakitzea ez dugu batere erraz.

Bederatzi hilabete horietan mimo eta ahalegin handiz sortutako idazteko teknikek, entzumenak, eta irakurmenak egiteko estrategiek, buruz ikasitako egiturek, egindako hamaika idazlanek argia ikusi behar dute, baina: NON?


Apropos eginda ere ezin dira azterketa egunak hain bateratsu jarri. Erakunde ezberdinek bat egiten dutela dirudi azterketa egutegia jartzean, bestela ezin da ulertu astebetean bi edota hiru leku ezberdinetan azterketak izatea. Hizkuntza Eskolak, Ivapek, Habek, Iralek … eta batek daki zein gehiagok, hainbeste hilabete erditze momentu hori prestatzen ari izan direnen kontra egiten dutela ematen du. 

Baina, dirudienez,  hauxe da ikaslea izateko ordaindu beharreko bidesaria, nire ikasle bizitza gogoratzen dudanetik kurtso amaieran azterketak pilatzen baitira, data gehiagorik egongo ez balitz bezala.

Zer deritzozue leku ezberdinetako azterketak data berdintsuetan egiteari?

2013/05/10

I LOVE EUSKALTEGIA

Amerikarrak zoro daude, ez dago dudarik, eta txarrena ez da hori, guk imitatzen ditugula da txarrena. Estatu Batuetatik datorren guztia ontzat hartu eta kopiatu egiten dugu. Aspaldi “amerikanizatzen” ari gara. Begira bestela nola janzten garen edo zer jan eta edaten dugun edo zein film ikusten dugun. Inbadituta gaude eta errua gurea da.

Baina hortik datorren guztia ez da pentsatzen dugun bezain ona. Gauza batzuk amerikanoak direlako egiten ditugu eta kito! Ez dago beste azalpenik, moda kontua baino ez da. Gainera, guztiok gara frikiak eta frikirik frikienak amerikarrak dira, japoniarrekin batera.

Bada, Ameriketatik etorri den azken nobedadea hauxe da: zenbait enpresatan beren logoa edo anagrama tatuatzen badute ehuneko hamabost gehiago kobratuko dute langileek hurrengo hilabeteko nominatik aurrera. Igual dio non, zein gorputzeko ataletan egiten duten. Beren enpresarekiko konpromisoa sinatzen edo tatuatzen dute gorputzean.

Laster etorriko da moda hau hona. Badaezpada, badaukat pentsatuta non egingo dudan tatuaia. Eta zuek, tatuatuko zenukete enpresaren logoa hilearen bukaeran gehiago irabazteko? Zergatik? Non egingo zenukete tatuaia?

ONGI ETORRI !!!

Lehengo egunean koadrilakook bazkaltzen ari ginela, baten alabak, 16 urtekoak, tatuaien gaineko komentario bat egin zuen. Ez dakit txantxetan ala serio aritu zen, baina inoiz tatuaiaren bat egitekotan aluaren goiko aldean egingo zuela esan zion amari, eta, gainera, zer jarriko zuen ere esan zion: “nire bisitarientzat”.

Burutazio hau entzun ondoren denak barre batean hasi ginen, barregarria iruditu baitzitzaigun. Pasadizoa horretan geratu zen, eta bazkalostekoa beste gauza batzuei buruz hitz egiten eman genuen.

Gauean, etxean nengoela bazkarian gertatutakoa etorri zitzaidan burura eta zer egingo nukeen halako kasuren bat gertatuko balitzait hausnartzen hasi nintzen. Egia da tatuaiak ez direla nire gustukoak, beraz ez egiteko konbentzitzen saiatuko nintzateke, eta are gutxiago, hainbeste barre eragin zigun esaldia balitz.

Gaurko gazteek tatuaia bat egiten dutenean ez dute epe luzera pentsatzen, ezta horrek arazorik ekarriko dien ala ez ere, gauza jakina baita zenbait lanetan ez dutela gustuko tatuaiak agerian izatea.

Baina, lagun honen alabak esandako lekuan bisitariek besterik ikusiko ez luketenez, agian hortxe egiteak ez luke ondoriorik izango etorkizunean lan munduan hastean.

Zer egingo zenukete egoera horretan? Utziko zeniokete egiten?  

2013/05/03

UDAKO JAIAK

Iñaki eta Lara ikasleek egindako sarrera.

Aurten Bilboko jaietara joango naiz. Oso jai onak dira, jende asko dago eta denetarik aurkitu ahal duzu. Ez naiz beste hiri bateko jaietara joango dirurik ez daukadalako. Baina, nire udako herriko jaietara bai eta alboko jaietan ere egongo naiz.

Herri txikietan guztiok ezagutzen dugu elkar, denok lagunak gara eta horrexegatik egiten dugu jaia nahi dugun moduan. Diru gutxirekin gauza asko egiten ditugu nire herrian, “Herramellurin” zurrakapotea ematen diogu jendeari txupinazoa eta gero eta perretxikoak ere bai.
Udan asko nabaritzen da jaiak daudela, jende asko dagoelako. Neguan bakarrik herrikoak daude. Zuen herrietan gauza berbera gertatzen da? Nolakoak dira zuen herriko jaiak?