2013/05/31

HAU BURUA!

Burua galdu, buruari galdetu, buruaz beste egin, burutik eginda, buruhandi, burumakur, buruhauste …

Gazteleraz ez bezala, asko dira euskaraz burua hitzaz osaturiko hitzak. Zorioneko burua!  Akaso euskaldunok beste inor baino gehiago jabetzen gara buruaren garrantziaz? Ez dut uste, hizkuntzaren berezitasuna izango da.

Dena dela, egia da, edozein hizkuntza izanda ere, burua dela edozein pertsonaren jaun eta jabe. Berak agintzen du gorputzaren mugimenduan, non eta noiz zer mugitu, berak esaten du noiz jan edota noiz edan, eta berak ere hartzen ditu gure bizitza zuzenduko duten erabakiak.

Baina, zer gertatzen da buruak burua izateari uzten dionean? Zer geratzen da garai batean izan ginenaz? Nork  gidatuko du gure gorputza? Nork esango digu zer egin edozein egoeraren aurrean?

Heriotza bera baino gehiago, hauxe da, nire ustez, gizaki gehienok beldurtzen gaituena, burua  galtzea, alegia. Eta hau ez gertatzeko, saihesteko edo atzeratzeko ikasteari, irakurtzeari, sudokuak egiteari, logika ariketak egiteari … edozeri ekiten diogu, jo eta ke burua galdu baino lehen. Baina, nik galdera bat dut: hau egia balitz, zergatik galtzen dute burua nobel saridunek, idazleek, zientifikoek … ? Ez al dute hauek burua etengabe erabiltzen? Hortaz, badago gure esku zerbait egitea burua ez galtzeko?

1 comentario:

Anónimo dijo...

Burua galtzeak beldurra ematen dit.Benetan hil nahiago nuke.Ez dut uste zerbait egin ahal dugunik sahiesteko.Badaezpada nire bizitza osoan ikasi dut.Gurutzegramak eta sudokuak egiten ditut, nahiz eta aitortu behar dudan zailak badira ez ditudala amaitzen.Zoritxarrez denok burua galdu duen jendea ezagutzen dugu eta denetik dago.Horregatik pentsatzen dut pertsona orok ezbehar hau eduki ahal dugula.
Hori dela eta kezka handia daukat.Jakiteko burua galdu dugun, lehen sintomak oso garrantzitsuak dira, esaterako, azukrea hozkailuan sartu,pertsonen eta telefono zenbakiak ahaztu, etxera joateko autobusa nahastu.Baina neuri hau txikitatik gertatzen zait.Aurreko gaian azaldu dudanez oso oharkabea naiz,orduan, nola nabaritu dut neure burua galdu dudala?.Gainera nire ezagunek pentsatuko dute normala naizela!
Beno espero dut pilula bat asma dezaten bestela ez daukat erremediorik!!
I.V.