2012/05/18

GAUR EZIN NAIZ ALTXATU

Ezin dut iratzargailuaren zarata jasan, jotzen duenean. Benetan. Burua maindireen artean ezkutatzen dut, noiz isilduko zain, baina, ez. Joka eta joka dabil ni altxatu eta amatatu arte.

Logelako punta batean uzten dut gauero, baztertuta, zigortuta egongo balitz bezala. Ezin dut ondoan izan, bestela badakit itzaliko dudala eta gozo-gozo ohean jarraituko dudala. Ez naiz neure buruaz fido.

Hurrengo egunean zerbait garrantzitsua badut, konpainia jartzen diot. Beste iratzargailu bat, badaezpada. Beti badaezpada. Behin sakelako alarma jarrita hiru ziren. Imajinatu ahal duzue txalaparta denak batera hasi zirenean.

Argazkigilea: Ana Pi.

Zuei berdin gertatzen zaizue? Zenbat iratzargailu jartzen duzue? Inoiz gertatu zaizue komeriaren bat iratzargailua zela eta? Zein?

2012/05/11

BIDAIA LUZEA

Hortxe geunden El Pijo, El Torete, Ion eta laurok. Fuengirolan, ikasketa-bidaian. Zurbil, koadrodun bainujantzia belaunetaraino eta toalla lepoan, giri guztiekin endredatzeko prest. Fuengirolara joan ginen nire lehenengo ikasketa-bidaian eta bakarrean. Unibertsitatean geunden hirugarren mailan. 


Baina hara heldu baino lehen penitentzia, 24 orduko bidaia. Bilbotik arratsaldeko lauretan atera eta hurrengo egunean ordu berean bertan. Egun oso bat autobus barruan. Diru apur bat aurrezteko asmoz, herriz herri zihoan autokarra hartu genuen eta herri guztietan, baita txikienetan ere, gelditu beharra. Heldu ginenerako ez genekien zein egunetan geunden. Lur jota, izerditan eta begiak ezin batu gau osoan. Baina hori bai, barrez lehertuta. Beharbada bidaia horretan onena bidaia bera izan zen.

Ikasketa bidaiarik egin zenuten? Nora? Zer gogoratzen duzue?

2012/05/04

ZURI-GORRIA NAIZ

Herriko taldea delako, txikitan Iribar edo Dani nintzela egiten nuelako amets, euskalduna naizelako izan daitezke arrazoi batzuk nire Athetic-ekiko zaletasuna nondik datorren azaltzeko. Baina nire aitak grina hau transmititu zidalako da arrazoi nagusiena. Etxean guztiok izan gara zuri-gorriak oraingo une gozoetan zein latzetan. Eta beti izango gara, jakina.

Aita futbolari nahiko ona eta futbol zale handia. Semea futbolari eskasa, baina bera bezain zalea. Aitak semea Athleticeko futbolaria izatea nahi zuen, baina semeak balio ez. Futbolak erdipurdiko jokalaria galdu eta euskara munduak irakasle ona irabazi zuen, kar, kar, kar.

Athleticek UEFAko finala jokatu zuen azken eta aldi bakarra aita hil zen urtean izan zen. Aita ohean azkenetan eta ni ondoko gelan irratian partidak entzuten. Gazi-gozoa da txapelketa horretako oroitzapena. Baina, tira, aurten Iraolak kopa zerura jasotzen duenean ziur aski berarekin gogoratuko naiz.
AUPA ATHLETIC!!!

Zuek Athletic zaleak zarete? Zergatik?

DENOK BUKARESTERA

Hogeita hamabost urte eta gero berriro heldu gara Europako finalera. Bizkaia osoa dago aztoratuta, pozaren pozez sinetsi ezinik, eta zoramen honetan bidaia agentziak beterik, final hau ikusteko lekutxoren bat erreserbatzeko. Athleticek egindako zozketan izan ziren zorioneko batzuk sarrera lortzen. Saridunak izan ez zirenak zoroan pare ari dira sarreratxo bat lortu nahian eta zortedun izeneko batzuek egoera aprobetxatzen dute etekina lortzeko, sarreren prezioak bikoiztuz eta hirukoiztuz. Makina bat diru mugitzen ari da egunotan, batzuek oporretarako edo gordetako diru hori gastatuko dute eta beste batzuek, berriz, oporretara joateko beste diru aterako dute.


Badira egoera hau kritikatzen dutenak, krisi garai hauetan hainbeste diru gastatzea ulertzen ez dutenak. Egia esan, partida ikusteko bidaiako 575 euro gehi sarrerak balio ahal duena gastatzea ez dago edonoren esku eta, halako egoeretan, batek baino gehiagok nahiago luke aberatsa izan. Hala ere, oporrik gabe eta beste gutiziarik  gabe geratu beharko banu ere, nahiago nukeen zozketan sarrera bat lortu dutenetako bat izan, eta zuk?

2012/04/27

BIOLOGIAREN KONTUAK

Beharbada biologia asko ez genuen ikasi, baina zintzo zintzo joaten ginen biologia klaseetara. Irakasle bakoitzak baditu bere trikimailuak ikasleak klase-arazteko, baina biologia irakaslearena onena zen 16 urteko mutilez osatutako taldearen eguneroko leialtasuna izateko.

Handia zen irakaslea edo, behintzat, handia iruditzen zitzaigun. Bere bi hankak luzeak baino luzeagoak ziren. Txarolezko takoidun zapaten puntan hasi eta gora gora zihoazen gure begiak zeraman minigona minuskularaino. Klasea hasi aurretik beti istiluak. Guztiok nahi genuen pole positiona. Guztiok egoten ginean berak Sharon Stonenena noiz egingo zain. Pasilloetan apustuak ere egiten genituen kuleroen kolorea nork asmatuko zuen. Gorputza perfektua eta titiak uuah!!! Aurpegiz oso polita, beltzarana eta hori bai beti irribarretsu. Total sexya. 

Urte horietako batzuk egun biologoak dira eta askotan neure buruari galdetzen diot ea irakasle sexy horren meritua ote den. Izan duzu irakasle sexyrik? Zein?

HORI ETXERAKO

Harriturik nago! Zenbat ika-mika sortzen ari den etxerako lanak egitea! Batzuk alde, besteak kontra, batzuen ustez beharrezkoak; besteen ustez, ordea, sobera. 

Ez dakit, bina nik ez dut  inoiz etxerako lanen gaineko hausnarketarik egin, betidanik ezagutu ditut, baita sufritu ere. Onartu behar dut batzuetan gogo handirik gabe egin ditudala, eta, beste batzuetan, marmarka aritu naizela etxerako lan madarikatuak aurrera atera ezinik; baina beti pentsatu izan dut bazutela helburu bat, klasean ikasitakoa finkatzea, alegia.

Baina, hara non, orain ez da horrela. Orain etxerako lanak guraso eta seme-alaben arteko arazo sortzaile omen dira. Orain etxerako lanak agintzeak umeen arteko desberdintasunak susta ditzake, etxerako lanak egiten nork lagundu ez daukana besteak baino “tontoagoa” izango omen baita. Orain, lehen ez bezala, umeek etxean erakutsi behar dute eskolan egindakoa, eta ez klasean etxean egindakoa.


Hauxe diote oraingo gurasoek, eskola eta unibertsitate garaian etxerako lanez gainezka egon ziren gurasoek. Ez dakit, agian arrazoia izango dute, baina, nik neuk, ez dut gurasoekin arazorik izan etxerako lanengatik (beste arrazoi batzuengatik akaso) eta are gutxiago izan naiz klaseko tontoena. Nire ustez, etxerako lanek bai laguntzen dute klasean ikasitakoa finkatzen. Etxerako lanek ere ardurak hartzen laguntzen digute. Zer izango ote da hurrengoa? Gurasoek irakasleen programazioa egitea? Batek daki!

2012/04/20

LIBURUA ALDAMENEAN

Ezinezkoa da argitaratzen diren liburu guztiak irakurtzea. Hamaika liburu plazaratzen dira egunero eta inor ez da kapaz horiek guztiak egunean  irakurtzeko, hurrengo egunekoak ere dastatu ahal izateko. Liburuak irentsi eta irentsi, hanburgesa-txapelketetan bezala, hurrengoa zain duten bitartean. Hori betekada hori!

Ez daukat irakurtzeko abilezia handirik. Poliki, oso poliki, irakurri behar dut enteratu nahi badut eta, despistatzen banaiz, erraz galtzen dut haria. Berriro hasi behar. Irakurtzea plazera da niretzat, baina askotan ahalegin handia ere bada. Gauean, sofan, flexoa liburu gainean eta bakar bakarrik disfrutatzen dut benetan. Intimitatean eta gauak babestuta orrien artean murgiltzen naiz, istorioko pertsonaien konplizitate bila.

Abilezia eza horrexegatik behar dut hilabete liburu bat irakurtzeko. Pertsonaia asko badaude, galtzen naizenez, “Cien años de soledad “ irakurri nuenetik zuhaitz genealogikoak egiten ditut atzeko azalean. Jakina, ezin izan dut inoiz irakurri bi liburu batera; bata bukatu arte ezin dut bestea hasi.

Liburuaren eguna dela eta, zuen irakurtzeko ohiturak zeintzuk diren kontatzeko egiten dizuegu gonbit.