2017/11/29

EGUNAK ETA EGUNAK

Erosi eta erosi, zenbat eta gehiago erosi orduan eta zoriontsuagoak. Eta horretarako, espresuki, urtean zehar egun seinalatu batzuetarako asmatu dute zer edo zer. Betidanik egon diren erosteko datak gutxi izango balira bezala, gaur egun Ameriketatik ekarritako sasi-moda horiek ditugu: Black Friday edo Zibermonday.

Guk sakelei astindu ederra ematea dute helburu eta gutako askok, dagoeneko, zalantzan jartzen dugu erosteko data berri hauetan benetan maukarik dagoen ala aldez aurretik prezioak handitzen diren gero jaitsi egin dutela pentsarazteko, eta horrela ziria sartzeko. Batek daki!

Horretan argi daukat: itxaron ahal badut, itxaroten dut. Aurreko egunetan edo asteetan hasten naiz begiratzen eta prezioak konparatzen. Badakit zer erosi nahi dudan eta, arrantzan bezala, pazientzia baino ez da behar. Arrainak inguruan daude eta tzast! saskira. Kreditu txartela atera eta datozen asteetan etxean izango dut.

Baina,... ez dakit nik. Ez dakit arrain ederra harrapatu dudan ala arraina neu naizen. Eskerrak bi egun baino ez direla, behintzat, momentuz. Ez nuke esango laster Tuesday Berdea izango dugun edo merkathursday. Saldu eta saldu, zenbat eta gehiago saldu orduan eta zoriontsuagoak.

Zer deritzezue egun horiei? Erosten duzue? Merezi du? Zer beste egun proposatuko zenukete eta zer saltzeko edo erosteko?

iruzkinik ez: