2017/06/09

FRAK ALA TRAJE DISTIRATSUA?

Ez dut gustuko inorekin zorretan egotea eta,  zer edo zer zor badiot inori, berehala ordaintzen diot. Ez dut gustuko inor nirekin zorretan egotea eta, ordaintzen ez badit, haserretu egiten naiz. Ez dut ulertzen, zorretan egonda, ez ordaintzea eta ez dut inoiz ulertuko zorretan dagoenak zorretan dagoela onartzea eta ezer ez egitea. Barkatu, … badakit zor dizudala ez dakit zenbat edo ez dakit zer, baina …, tira, orain ez daukat dirurik, hurrengo batean ordainduko dizut.

Lagun batek 25 euro zor dizkit, ia duela bi urte Gabonetako loterian tokatutako dirua. Ikusi nuen azken aldian, duela urtebete, soinean ez zuela esanda, hurrengoan ordainduko zidala esan eta pare bat musu eman ondoren, alde egin zuen.

25 euro baino ez dira, baina nireak dira. Ez da dirua, detailea da, detaile itsusia.

Batzuek dirua kobratzeko konpainia horretako baten bat bidaltzea merezi dute. Baina, ziur aski, frakduna edo zezenkaria bidalita, berdin-berdin izango zaie. Frakdunarekin dantzatzeko kapaz izango dira edo zezenkaria txikotan paseatzeko, belarri biak moztu balitu bezala. Agian, neuk fraka edo traje distiratsua janztea izango litzateke irtenbiderik onena.

Eta zuek, nolakoak zarete afera honetan? Berehala bueltatzen duzue utzitakoa? Zer deritzozue kobratzeko frakduna edo zezenkaria bidaltzeari?

iruzkinik ez: