MEMORIA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
MEMORIA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2013/05/31

ESTO …

Oso argi daukat. Une honetan gauzarik inportanteena eta denok eduki beharko genukeen gauza da, da, da … Baina, zer ote da gauza hori? Zer eduki beharko genuke? Arranopola!!!  Ahaztu egin zait. Gezurra dirudi, baina ez. Ez dut gogoratzen.

Beti izan dut memoria ona, beno zenbakietarako ez; baina beste gauzetarako bai. Hemen aurpegi bat ikusi, munduko beste punta batean aurkitu eta ezagutu egiten nuen. Lagunekin egon eta baten batek galdetu: “inork gogoratzen du …?” Bada, neuk gogoratzen nuen. Baina orain zer? Ozta-ozta gogoratzen dut goizean jandakoa edo koadrilako lagunen bikotekideen izenak. 

Lagunek adina dela diote, familiakoek laneko estresa eta nire nagusiak arreta falta. Hiru hauetatik bat ere ez, eta guztiak batera, nire ustez. Memoria selektiboa daukadala da arrazoia. Orain daukadan adinarekin gogoratu behar ditudan gauza pilo horretatik nahita gogoratzen ditut interesatzen zaizkidan gauzak. Memoria ona dut oraindik, baina nahi dudanerako.

Baduzue memoria onik? Zertarako? Inoiz ahaztu zaizue gauza inportanteren bat? Zer? Kontatu zer pasatu zitzaizuen.

HAU BURUA!

Burua galdu, buruari galdetu, buruaz beste egin, burutik eginda, buruhandi, burumakur, buruhauste …

Gazteleraz ez bezala, asko dira euskaraz burua hitzaz osaturiko hitzak. Zorioneko burua!  Akaso euskaldunok beste inor baino gehiago jabetzen gara buruaren garrantziaz? Ez dut uste, hizkuntzaren berezitasuna izango da.

Dena dela, egia da, edozein hizkuntza izanda ere, burua dela edozein pertsonaren jaun eta jabe. Berak agintzen du gorputzaren mugimenduan, non eta noiz zer mugitu, berak esaten du noiz jan edota noiz edan, eta berak ere hartzen ditu gure bizitza zuzenduko duten erabakiak.

Baina, zer gertatzen da buruak burua izateari uzten dionean? Zer geratzen da garai batean izan ginenaz? Nork  gidatuko du gure gorputza? Nork esango digu zer egin edozein egoeraren aurrean?

Heriotza bera baino gehiago, hauxe da, nire ustez, gizaki gehienok beldurtzen gaituena, burua  galtzea, alegia. Eta hau ez gertatzeko, saihesteko edo atzeratzeko ikasteari, irakurtzeari, sudokuak egiteari, logika ariketak egiteari … edozeri ekiten diogu, jo eta ke burua galdu baino lehen. Baina, nik galdera bat dut: hau egia balitz, zergatik galtzen dute burua nobel saridunek, idazleek, zientifikoek … ? Ez al dute hauek burua etengabe erabiltzen? Hortaz, badago gure esku zerbait egitea burua ez galtzeko?