Lana etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Lana etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/05/20

MIHI MARROIAK

 Ez neukan zalantzarik, baina, badaezpada, etxera heldu bezain laster, ispiluaren aurrean mihi atera dut… Eta ez dut marroi. Eskerrak!!!

Ez da gaixotasun berri baten sintoma edo COVID19ak utzitako ondorioren bat. Beste gauza batez ari naiz: mihi marroidunez. Ez dakit nola definitu zer den mihi marroia izatea, baina iruditzen zait azkenaldi honetan gero eta jende gehiagok duela mihi marroia. Haiek ez dira konturatzen, baina batzuen kasuan marroia izan ordez, beltz dutela edo oso marroi ilun esango nuke nik.

Ez dakit dagoeneko jakingo duzuen zertaz ari naizen. Bestela pentsatu zergatik eduki ahal duen pertsona baten mihiak kolore hori. Pentsatu ondo, mesedez.

Oraindik ez badakizue, hona hemen azalpena: aurreko batean lagun batek esan zidan nagusia, irakaslea edo gainean dutena beti lausengatzen dutenak direla mihi marroiak. Ez da gehiago azaldu behar, ezta? Orain jakingo duzue eta ezagutzen dituzuen batzuk burura etorri zaizkizue, ezta? Niri asko, pilo bat.

Zer uste duzue mihi marroidunez? Horrelako jende asko ezagutzen duzue? Nahiko zenuke ondoan  mihi marroidunak izatea, nagusiak izango bazinete?

2022/02/18

ARRAROA ZARA?

Ez dut uste adinean aurrera egin ahala arraroagoa naizenik. Arraroa naiz eta kito!!! Holakoa naiz eta daukadan adinarekin gaitza dut aldatzea. Gainera, gustura nago neure buruarekin eta, azken batean, horixe da garrantzitsuena.

Blog honetan sarritan hitz egin dizuet jasan ezin ditudan pertsonez edo, hobeto esanda, beraiek egiten dituzten gauzez, adibidez, astean behin dutxatzen direnez, laneko komunean egunero ordu jakin batean kaka egiten dutenez,… Haiei bost axola, arazoa ez da beraiena, ez. Arazoa ondoan gaudenona da, jakina.

Baina, gauza batzuk ezin dira onartu. Bizikidetzak, guztion onurako, baditu bere arauak eta errespetatu egin behar ditugu. Baina guk errespetatzen baditugu, besteek ere bai. Inor ez dago horretaz salbuetsita. Denok berdinak gara. Ziur aski pentsatzen ari zarete zergei buruz ari naizela, zergak ordaintzen ez dituztenei buruz, baina ez. Hortzak garbitzen dituztenei buruz ari naiz.

Hortzak garbitzea ondo dago, haginlariek egunean hiru aldiz garbitzea gomendatzen dute. Hori oso ondo dago, baina ez dute gomendatzen hortzetako pasta konketan uztea, odolez eta adurrez beteta. Nazka ematen dit. Ezin dut jasan.

Jendea zikina da eta, tamalez, jendeak ez du besteengan pentsatzen. Bakarrik pentsatzen du arraroa naizela.   

Zuek ere arraroak zarete? Zer ezin duzue jasan? Zer egin behar dugu horrelako kasuetan? 

2020/05/21

68. EGUNA: MAILU HOTSAK

Pandemia baino lehen auzoko berria etorri zen atarira eta erositako pisuan lanak egiten hasi zen. Imajina dezakezuenez, sekulako zarata egoten zen egun  guztietan, mailu hotsak etengabe, belarriak urratzen. 

Berrogeialdia bitartean, dena gelditu zenez, lanak ere bertan behera utzi zituzten.  Baina, orain, normaltasunerako egokitze-prozesu honetan, berriro hasi dituzte zorioneko lanak eta berriro hasi dira mailu hotsok jo eta ke belarriak urratzen.

Kasu gehienetan auzokook ondo ulertzen dugu halako egoerak ohikoak direla eta, amen eginez,  pasatu behar ditugula. Baina, ados egongo zarete nirekin, lan hauek jasatea oso oso astuna dela eta lanok ez direla inoren gustukoak. Eskerrak auzoko guztiok batera hasten ez garen!


Honek guztiak pentsarazi dit neuk ere egin beharko nukeela lanen bat, baina sekulako nagia ematen dit halakoetan hasteak; beraz, dagoen moduan utziko dut dena, momentuz. Agian, auzoko berriaren lanak nola geratu diren ikustera joango naiz ea lanetan hastea merezi duen. Suposatzen dut kriston inbidia izango dudala dena ikustean, baina trantze horretatik pasatu behar izateak atzera eragingo dit; bueno, zintzo izanez, horrek eta dirurik ezak ere kar,kar, kar,… 

Astunak iruditzen zaizkizue atariko obrak? Nola jasaten dituzue suertatzen zaizkizuenean? Nagia ematen dizue obretan hasteak ala arazorik gabe egiteko prest zaudete? Zein izan da egin duzuen azken obra etxean? Zein egingo zenuke?

2016/12/09

ZUBIAN GAUDE

Arraroa. Oso arraroa izan da atzean utzi dugun astea. Klasea, jaia, klasea, jaia eta gero klasea. Horrela ez dago lan egiterik. Inork ezin du lana behar bezala egin, ezta gu bezalako langile finek ere. Erritmoa hartu baino lehen, berriro jaia. Eta jaiaz gozatzen ari ginela, ernagailuak jo eta lanera. Horrela egun batean eta hurrengoan ere bai. Azkenean ez genekien zein egunetan bizi ginen edo, hobeto esan da, zer egun zen: laneguna ala jaieguna.

Hau ez gertatzeko aukera batzuk daude: jaiak kendu, aste osoa jai edo orain dela urte batzuk Espainiako gobernuak proposatu nahi izan zuena. Aurtengoa bezalako astea izan genuen eta, dirua aurrezteko aitzakiaz, jaiegun bi horietako bat mugitzea eta ostiralera edo astelehenera pasatzea bururatu zitzaion. Horrela, behintzat, haien ustez, ez zen aste osoa galduko, bakarrik lau egun. Geroago gobernu aldaketa etorri zen eta proposamena ezer ezean geratu zen.

Pasa den astea bezalako astea aurrean dugunean, ministro haren proposamena etortzen zait burura eta, egia esanda, ez dakit … igual proposamen ona zen.

Zuek, zer uste duzue ? Zer egin ahal da pasa den asteko bezalako asteetan? Nola sentitu zarete aste horretan?

2016/03/18

AMETSAK AMETSAK DIRA

Jende askoren ustez, nire lanean gauzarik onena oporrak dira. Ematen du potro jorran ibiltzen garela urtearen zati handi batean, oporrak baino ez ditugula. Eta egia da, beste lanbide batzuen aldean ezin gara kexatu. Udakoak, Gabonetakoak eta orain Aste Santukoak … guztira bi hilabete baino gehiago. Bueno, horiek eta egun solte batzuk ere bai.

Opor luzeak izatea guztion ametsa da. Oporretan bizitzea. Proportzioa txarto eginda dago, bi hilabete lan egin eta hamar opor izan beharko luke. Oporraldiaren amaieran lan egiteko irrikan egongo ginateke, ez litzateke opor osteko ajerik egongo. Baina ezinezkoa da, lan egin behar dugu oporrak izateko eta beste gauza guztiak ametsak baino ez dira.

Oporrak gauza asko egiteko garaia da, normalean egiten ez ditugun gauzak egiteko. Baina bereziki gauza baterako badira, hori bidaiatzeko da. Mundua oso handia da, leku desberdin askoz osatutako planetan bizi gara. Zuen ametsetako bidaia zein den galdetuko banizue, erraz egingo genuke zerrenda luzea. Baina nora ez zinateketen inolaz ere joango galdetuko banizue …

Opor luzeak izate guztion ametsa da? Zein izango litzateke opor proportziorik egokiena?

2015/12/04

MAKINA BAT

Ez da sentimendurik ez duelako. Ez da aurpegira begiratzen diodalako eta bizirik dagoen ez dakidalako. Beste arrazoi bat dago ondokoa makina bat izan daitekeela pentsatzeko.

Dena ondo egiten du, primeran. Robot baten moduan, zero akats. Berdin da zer egin behar den, berak dena ezin hobeto egiten du. Gauza gutxi ondo egiten dituen batentzat, ulertezina.

Inoiz kablerik daukan begiratu dut, disimuluz, baina ez. Ez zaio ezer ikusten. Ez aurretik, ez atzetik. Egun batean ondoan izan nuen komunean eta horretan ere txapeldun. Irribarre maltzurrez agurtu ninduen, praketako kremailera igo zuenean. Behin bateria gutxi zeukala iruditu zitzaidan, baina gaizki sendatutako gripea baino ez zen izan. Etxera joan zen eta hurrengo egunean bertan zegoen, tailerretik pasatu izan balitz bezala.

Lankide batzuekin komentatu dut eta badago zoro nagoela pentsatzen duen norbait, ulertzen dut; baina ez dira gutxi nik bezala pentsatzen hasiak direnak. Mazinger jarri diogu ezizen. “Puños fuera” esaten diogu elkarri brometan ikusten dugunean.

Kezkatu nauka Mazingerrek. Gaizki egiten dut lo. Amesgaiztoak ditut, batez ere, bere arreba, Afrodita, gurekin lanean hasiko dela dakidanetik.  

Baduzue “Mazinger”-rik zuen lanetan edo ikastetxeetan? Ezagutzen duzue dena ondo egiten duen inor? Zertan zarete onak? Zer uste duzue robotez? Etorkizunean ordezkatuko gaituzte lanetan?