Bertigoa dut. Mexikon jakin nuen bertigoa nuela, Acapulcon. Bertako hotelean nengoelarik,
hogeigarren pisuan nuen gela. Balkoira atera eta behean zegoen igerilekua
niregana hurbiltzen zela ikusi nuen. Hurbildu eta urrundu. Hurbildu eta
urrundu. Eskerrak atzean sofa bat neukala. Poliki-poliki atzerantz joan nintzen
eta, ukitu nuenean, begiak itxi eta … eseri egin nintzen.
Harrez geroztik, alturetan bertigoa izaten dut. Ezin dut
beherantz begiratu eta, begiratzen badut, hanka tartekoak txikitzen zaizkidala
nabaritzen dut. Sentsazio arraroa da, gorputz osoa gelditzen zait eta ez naiz
kapaz pausu bat ere aurrera emateko. Ez naiz ni.
Bitxia da gero, baina hegazkinetan ez dut bertigorik.
Gainera, ahal badut, leihotxoaren ondoan eskatzen dut eserlekua. Gustuko dut
leihotik begiratzea eta gustuko dut
mundua nire aurrean txikitzen dela ikustea.
Badakit jende askok bertigoa baino zerbait gehiago duela eta
nolabaiteko beldurra sentitzen duela hegazkina hartu behar dutenetan. Pilulak,
whiskiak, denak balio du, batez ere, bidaia luzeak direnean.
Aste Santuan gaude eta zuetako batzuek beharbada hartuko
duzue hegazkina eta, hartzen ez baduzue, ziur aski, noizbait hartu duzue. Nolako
esperientziak izan dituzue hegazkinetan? Gogoratzen duzue hegazkinez egindako
lehenengo bidaia? Baduzue bertigorik? Zein izan da hegazkinez egin duzuen
bidaiarik luzeena? Zer egiten duzue hegazkinean denbora pasatzeko?