Gabonak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Gabonak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2021/12/17

BESTE URTE BAT!!!

365, bai, 365 egun pasa izan dira aurreko urtetik. Kontrakoa uste arren, 2021. urtea ez da aurrekoa baino luzeagoa izan, ezta laburragoa ere. Urte bisustuek izan ezik, beste guztiek egun berberak dituzte. Gurea da luzeagoa edo laburragoa izatearen kontua, gure  pertzepzioa: gauzak txarto badoaz, luzeagoa, eta, ondo badoaz laburragoa. Erlojuaren orratzak mugitzen dituenak (kabroi horrek), ez dakit nik, apropos egiten bide du.

Urtea nolakoa izan den aztertzeko garai honetan, ziur aski denetarik izan dugula esango genuke. Egun asko dira eta denetarik izaten dugu. Baina, oraingo honetan, urtea bukatzear dagoen honetan,  zuek gauza onak bakarrik gogoratzea nahi dugu eta, horregatik, urtean gertatu zaizuen onena gurekin partekatzeko gonbit egiten dizuegu. Eta, bide batez, hurrengo urteari zer eskatzen diozuen esan.

2016/12/22

NAHI DUZUEN BEZALA, BAINA ONDO

Bainujantzian, eguzkitan. Ezin ditut horrela imajinatu Gabonak. Ez dakit zergatik, baina betidanik Gabonak hotzaren sinonimoa iruditu zaizkit. Mojitoa eskuan Karibeko hondartza batean urte berria itxarotea oso esperientzia polita (erlijiosoa ez dut uste) izan behar da baina, egia esanda, elurrez inguratutako Iparraldeko herri bat nahiago dut aukeran. Noel aitaren herrian hobe mulatoen artean baino.

Hala ere, aitortu behar dizuet noiz edo noiz urteko azken egun hori luxuzko hotel batean pasatu nahi dudala, hori bai, leku hotz batean. Ezer gehiagorik ez. Ez dut ezer egin nahi, Gabonak disfrutatu eta kito!!! Afaldu, dantzatu  eta balantzaka hasten naizenean igogailua hartu eta ohera. Etxean egiten dudana, baina igogailua hartu gabe eta afaria prestatu gabe.

Eta zuek, nola ospatu nahiko zenituzkete Gabonak?

Por zierto, 
ZORIONAK eta URTE BERRI ON!!!
EUSKERABILI

2016/01/16

ESKOLAKO ZIGILUA

Ezin dut esan ez dudanik zorte onik. Bizitza luzea da eta zorte ona zein txarra izateko uneak ditugu. Gakoa da balantzea eginda zer ateratzen garen garaile ala galtzaile.

Eskolan urtero jostailu batzuk zozkatzen zituzten Gabon garaian. Gabonak heldu arte urte osoa ematen genuen zigiluak biltzen. On Tomasek, eskolako apaiz batek,  Afrikako ume behartsuei laguntzeko zigiluak biltzen zituen eta geuk ematen genizkion familiaren, lagunen eta auzokideen gutunetatik “lapurtzen” genituen zigiluak. Ez dut ondo gogoratzen zenbat zigilu eman behar genion zozketarako txarteltxo bat jasotzeko, baina zenbat eta zigilu gehiago orduan eta txartel gehiago.

Eskola osoak hartzen zuen parte eta ikasle guztiok Gabonetako oporrak hartu baino lehen biltzen ginen areto nagusian zozketarako prest. Gabonetan egin ohi den zozketa famatu hori baino garrantzitsuagoa zen hura, San Ildefonso ikastetxeko umeak bakarrik falta ziren.

Zortzi urte eman nituen eskola horretan. Eta zortzi urte horietan ezer ez. Jostailu-piloa zozketan eta niretzat bat ere ez. Ondokoek, aurrekoek eta atzekoek bazuten beren oparitxoa, nik ez. Urtero ilusio handia eta urtero ez nuela zorte onik uste nuen.

Geroago zozketan zorte hobea izan dut. Soldaduskatik libratu nintzen jendea libratu zen azken urtean eta pasa den Bilboko aste nagusian urdaiazpikoa irabazi nuen barraketan.

Bizitzan, beraz, zorte ona ditugun uneak zein zorte txarra ditugunak daude eta, lehen esan dudan bezala, gakoa da zorte ona ditugun horiek gehiago izatea.

ZER NOLAKO ZORTEA DUZUE? TOKATU ZAIZUE INOIZ EZER? ZER? USTE DUZUE PERTSONA BATZUEK ZORTE ONA DUTELA BETI? EZAGUTZEN DUZUE INOR BETI ZOZKETETAN ZORTE HANDI DUENIK?

2015/12/18

GABON GARAIA POZIK IGARO DAIGUN

Berriro Gabonak. Beste urte bat pasa izan da eta laster 2016an egongo gara. 2016an …buff … Oraindik gogoratzen dut, umetan, bi milagarren urtea oso urrun ikusten genuela eta espaziotik ibiliko ginela edo pilula bat hartuta gazte mantenduko ginela pentsatzen genuela. Ez, bi mila aspaldi atzean utzita, imajinatzen genuen hori ez da bete izan eta, aldaketaz aldaketa, berdin gaude, espaziotik ibili gabe eta urte gehiago aldean, kendu ezinik.

Urteotan Gabonak dira aldatu direnak. Ez ditugu berdin ospatzen. Orain lagun gutxiago elkartzen gara mahaiaren inguruan. Orain gutxiago jaten dugu. Lehengo langostinoez eta turroiez betetako mahai horiek Michelin izarra duen jatetxe baten menu minimalista dira orain. Plater handia, baina jaki ñimiñoa. Gosez oheratzen gara. Ilusioa ere galtzear dugu, Olentzerok edo Erregeek utzitako oparien ordez ikatza nahiago dugu, behintzat, zerbait ezberdina. Denetarik daukagu eta ez dakigu zer oparitu. Originalak izan nahi dugu. Ez dugu sekula asmatzen eta hurrengo egunean dendako ilaran gaude etxekoek erositakoa aldatzeko.

Urteotan ez dira Gabonak aldatu, geu aldatu gara. Ez ditugu Gabonak berdin ikusten, ez ditugu Gabonak berdin bizitzen. Umeentzako garai dela uste dugu. Jan eta edan bai, baina Gabonetako izpiritua galdu dugu eta batzuek maite zituzten jai hauei orain gorroto diete. Berriro umeak izan behar dugu. Egun hauetan txikitan izandako ilusioa izan behar dugu berriro. Urtarrilaren zazpitik aurrera izango dugu denbora helduak izateko, behintzat, hurrengo urteko abenduaren hogeita laura arte.

Eta zuek nola bizi dituzue Gabonak? Zer gustatzen zaizue? Zer ez? Nolakoak ziren zuen Gabonak umetan? Zer aldatu da?
  
      ZORIONAK   ETA   URTE   BERRI   ON!!!

2014/12/19

NOTHING THE NOTHING

Ezer ez. Urtean zehar gaizki portatu izan bagina bezala geratuko gara aurten Olentzerok edo Errege magoek ekarriko digutenarekin. Erresuma Batutik dator ideia eta, antza, dena daukaten pertsonentzat dago pentsatuta. Jakina, dena daukatenek ez dute ezer behar eta “ezer ez”-ez betetako kutxatxoak opari gisa jasotzea dute gustuko. 

34 euro balio du kutxarik merkeenak (nire ustez, apur bat garestia ezer ez edukitzeko),  baina garestiagoak ere badaude gehiago gastatzea inporta ez zaienentzat, luxuzko kutxak, 134 euroan.  Arrakasta ziurtatuta dago eta benefizioak are gehiago, inbertsio ezin hobea.

Igual  dena eduki behar dugu opari hauen balioa ulertzeko. Dena dugunean zer edo zer berrik ilusioa egiten digu edo, hobeto esanda, ez dugunak, eta “ezer ez” bada …  ez da beste inorena izango, esklusiboa izango da. Bat nahi dut.

Bakarrik duda bat. Ez dakit zein aukeratu, bi koloretan daude kutxak, zurian edo beltzean eta ez dakit … agian biak erosiko ditut, batez ere, dena  daukatenen artean (ez da nire kasua) produktu hauen atzean Gobernuz Kanpoko Erakunde bat dagoela jakinda.

Zer iruditzen zaizue oparia? Zer deritzozue Gabonetan horrelako kanpainak egiteari? Zein izan da Gabonetan jaso duzuen oparirik frikiena eta ilusio gehien egin zizuena?

Gure aldetik ezer gehiagorik ez, beno desio bi: Olentzerok edo Erregeek ekar diezazkizuetela “ezer ez”-ez betetako kutxa asko (seinale ona izango litzateke) eta hurrengo urterako zoriontasunez betetako kutxa handi bat.

Z O R I O N A K    E T A    U R T E   B E R R I    ON!!!

2013/12/20

ZORIONAK

Nostalgiak eraginda atzera begiratzen dugun guztietan aurrekoa beti hobea iruditzen zaigu. Lehena beti hobea da oraina baino. Bitxia da gero! Ezer gutxi geneukanean garai oparo hauetan baino zoriontsuagoak ginen, hobeto bizi ginen eta Gabonak hobeak ziren.

Nostalgiak eraginda ari gara geu ere Gabonetako sarrera hauek idazten, gure umetako Gabonak hobeak iruditzen zaizkigu oraingoak baino. Ez geneukan ezer, baina den-denak Gabonen magia zuen. Benetako Gabonak ziren haiek, ez oraingoak, ez Gabon faltsu hauek.

Nostalgiak eraginda hasi gara gure haurtzaroko Gabonetan pentsatzen. Hor geunden poz-pozik, Gabonen zain. Une magikoa zen, benetan. Urtean zehar egin ezin zena egiten genuen, jan ezin zena jaten genuen eta erosi ezin zena erosten genuen. Hala edo nola, baina hori guztia egiten genuen eta, are gehiago, horri guztiari ematen genion merezi zuen garrantzia. 

Nostalgiak eraginda ari gara umeen begietatik Gabonak ikusten, beste garai bateko umeen begietatik eta konturatzen ari gara Gabonak ez direla aldatu, aldatu direnak begi horien atzean zeuden neskak eta mutilak direla.

Nolakoak ziren zuen haurtzaroko Gabonak? Zer gogoratzen duzue? Zergatik?

ETA URTE BERRI ON!!!

Hementxe ditugu berriro ere Gabonak eta hementxe ditugu berriro ere enpresa afariak, koadrila afariak, familia afariak, urtean behin elkar ikusten dutenen afariak …

Mundu guztiak pozik egoteko garaia da hau, guztiok irribarre ahoan Gabon zoriontsuak opa dizkiogu mundu guztiari. Berdin da urte osoan inolako harremanik eduki ez izana, berdin dira urte osoan elkarri ez hitz egiteko asmaturiko aitzakiak.

Gabonak dira eta, dirudienez, Gabonetan guztiok izan behar dugu onak, guztiok izan behar dugu bihotz onekoak eta guztiok pasatu behar dugu ondo. Garai hauetan ez dago lekurik haserrealdietarako, ez dago lekurik betozko egoteko, ez dago lekurik benetan pentsatzen duguna adierazteko.

 
 
Beste urte batez Gabonak hipokresia garaia izango da, beste urte batez barreak eta algarak izango dira nagusi kaleetan, etxeetan, enpresetan … Beste urte batez behar baino diru gehiago gastatuko dugu oparietan, janarian, apaingarrietan … egongo da damutzeko denbora urtarrileko aldapa heltzen denean. Bitartean goza ditzagun Gabonak!

Zer uste duzue?