Ahal dudan guztietan, arropa kendu eta Jainkoak, bueno,
amak munduratu ninduen bezala egoten naiz. Ez dakit exhibizionista naizen edo
beharra den baina, esan bezala, kontrolatu ezin dudan gauza da. Egia da
daukadan materialak laguntzen didala eta ez zaidala ezer kostatzen daukadan
altxorra erakustea, baina ez da beharrezkoa
nik dudan gorputz perfektua edukitzea, auzi honetan oskola ez da
garrantzitsuena.
Erraza da eta edonork egin dezake. Ez da ezer behar,
kontrakoa baizik, dena sobera daukagu. Umeek egiten dutenean ez dago arazorik,
baina helduok eginez gero komeriak. Askotan umez inguratuta nagoela ematen du.
Ni biluzik eta haiek niri begira, bueno nireari begira, horrelakorik lehenengo
aldiz ikusi izan balute bezala.
Buruan dut, baina ez dakit ausartuko naizen. Telebista
eta kamaren aurrean beste gauza bat da. Biluzik egotea ondo, baina paradisu-kidearenak
ez nau motibatzen. Larru gorritan egotea dut gogoko, ez bikotekide nudista bat
aurkitzea.
Egun hauetan asko ari da hitz egiten Cuatro katean ematen ari
den “Adán y Eva” saioaz. Zuek zer deritzozue saioari? Eta, oro har, nudismoari?
Kontatu ea gustuko duzuen nudismoa, non eta nola egiten duzue, jakina, egiten
baduzue.
