KLASEAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
KLASEAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/06/28

HURRENGORA ARTE

 Beste urte bat. Kurtsoaren amaierara heldu gara beste urte batez. Une honetan beti tristura eta poza. Tristura zerbait bukatzen delako. Poza oporrak hasten direlako.

Plazera izan da jende berria ezagutzea, batzuk ezagutzea hobea izango zatekeen, kar, kar,… Ez pentsa, zuek aguantatu behar nauzue, pertsona bat; baina nik zuek, pertsona asko. Eta guztiak ez zarete berdinak. Ez hobeak, ez txarragoak. Ezberdinak.

Animoa eta hurrengo egunetan dauden azterketak ondo egin.

OSO ONDO PASA OPORRETAN!!!

2021/10/07

AMETS BAT

Amets bat dut, bueno, amets asko ditut, baina ezagutzen nauzuenok badakizue amets bat dudala lanean. Ametsa polita bezain zaila. Agian horregatik da ametsa, betetzen zaila delako.

Hogeita hambi urte daramat lan honetan, hogeita hamabi urte amets berberarekin. Batzuetan hurbil izan dut, baina beste batzuetan urrun. Lortuko nuela pentsatzen nuenean, zapla!!!, desagertu egiten zen eta berriro beste urte bat zain.

Ez dakit erretiroa hartu aurretik lortuko dudan, horretarako ez zait asko falta eta. Baina ez dut amorerik emango eta aurten ere saiatuko naiz. Aurten ere nire ikasle guzti-guztiek gainditzea nahi dut, aurten ere espero dut ametsa betetzea.

Bestalde, bizitzan ere baditut ametsak.Txikiak eta handiak.Baina, bizitzan zoriontsua izatea da nire ametsa.

Eta zuek zer amets duzue? Zer dira ametsak zuentzat? Zein amets bete duzue?

2020/06/06

84. EGUNA: KOKOTARAINO

Sentitzen dut, baina bukatzeko gogo izugarria dut. Ikastaro madarikatu honek nekatu egin nau, erabat.  Altura honetan aurrez aurreko ikastaroan leher eginda banago, aurten inoiz baino nekatuago nago. Bukatzeko irrikan nago.

Kokotaraino nago Jitsiren bitartez klaseak emateaz. Gero eta txartoago entzuten da, gero eta arazo gehiago dugu. Galdera bat bota eta birritan errepikatu behar izaten dut denek ulertu ahal izateko. Edo ikasleak gorrak dira edo nik ez dut ondo ahozkoatzen. Baina ez, ez bata, ez bestea. Ez da zuen errua, ez nirea. 

Txarrena da mundu guztiak esaten duela horrelako sistema mantenduko dela datozen hilabeteotan eta etorkizuna dela, klaseak ez direla lehen bezalakoak inoiz izango. Birusak, antza, klaseak emateko modua ere aldatu egingo digu. Kaguen birusa!!!

Nola zaudete ikastaroa bukatzear dagoenean? Aprobetxatu duzu ikastaroa? Uste duzue etorkizunean horrela ikasiko dugula?

2020/05/03

50. EGUNA: IKUSTEN EZ DUGUNA

Ez nau inork harrapatu, telebistako kazetari bati gertatu zitzaion bezala. Inork ezin izan du jakin, orain arte behintzat, bideo-klaseak ematen ditudanean gerritik behera nola nagoen jantzita, edo jantzita nagoen. Gerritik gora bai. Dotore, beti bezala. Bueno, ia-ia beti bezala, berrogeialdi honetan ez dut neure burua lehen bezala zaintzen eta. Baina, ondo pentsatuta, nik ere ez dut jakin zuek nola zaudeten jantzita gerritik behera, jakina, jantzita baldin bazaudete.

Bideo-konferentziek, klaseek edo telelanak zenbaitetan agerian uzten dute jende nolakoa den. Jendeak nola lan egiten duen. Eta ugari dira Interneten jarritako bideoak, zeinetan jendea agerian geratzen den.

Sekretu bat: noizbait praka motzetan egon naiz, batez ere, depilatu ostean lehenengo ileak agertu zitzaizkidanean. Bestetan jantzita, askotan txandala edo praka erosoak jantzita. Baina zin egiten dizuet, konfinamendu hau bukatu ondoren, lehen bezain dotore jantziko dudala.



Bideo-konferentziak, klaseak edo telelana direla kausa, zeuen burua apaintzen duzue? Zuen itxura lehen bezala zaintzen duzue? Harrapatu zaituzte lanean edo klasean behar ez bezala jantzita? Harrapatuz gero, zer esango edo egingo zenukete trantze horretatik ateratzeko? Bideoan dauden kasuen artean zein iruditzen zaizue lotsagarriena/barregarriena? Zergatik?

2017/06/23

EBALUAZIO JARRAITUAREN JARRAIPENA


Ekainaren bukaera, ikastaroaren bukaera. Urrian hasi zena aste honetan bukatu da. Urtero bezalaxe.

Aurten ez dizuegu baloraziorik emateko eskatuko. Dena ondo joan da eta ez dugu “lorerik” behar. Aurten zuen iritzia jakin nahiko dugu, baina beste gauza baten inguruan, B1n martxan jarri duten ebaluazio jarraituaren inguruan.

Dakizuenez, datozen lau urtean beste mailetan ere jarriko dute abian eta badakigu zuen artean askotan komentatzen duzuela, baina ez dakigu horretaz zer uste duzuen. Ez dakigu aurten izan duzuenok zer pentsatzen duzuen eta ez dakigu B2n egon zaretenok ere nola hartuko zenuketen ebaluazio hori betiko azterketen ordez. Auzi honetan asko duzue esateko, baina ez dizue inork galdetu.

Beraz, ebaluazio jarraituaren inguruan uste duzuena jakin nahiko genuke. Eskerrik asko eta nahi duzuen arte.

2017/01/13

THANKS, PORKY

Tutilis mangis, tutilis yes” horixe zen nire aitonak ingelesez esaten zekien bakarra. Garai hartan eskoletan ingelesez “nothing de nothing”  ikasten zuten eta baten batek zer edo zer bazekien, goseak bultzatuta edo arrazoi politikoak tartean erbesteratu izanagatik zen.

Aitak eta amak ere eskola gutxitan zapaldu zuten, oinarrizko gauzak ikasita, hori bai … ondo ikasita, lanera. Garai hartan ez zegoen “txorakerietan” ibiltzeko denborarik eta etxera eraman ahal zuten diru apurra beti ongi etorria zen. 

Nik  zorte handiagoa izan nuen eta eskolan Shakespeareren hizkuntza hainbat urtetan (hamar baino gehiago) izan nuen ikasgai. Zorte esan dut, baina benetan sufrikario izan nuen. Txarra baino txarragoa nintzen horretan eta urteak pasa ahala hobetu arren, oraindik badut zer ikasi.

Porky, ingeleseko lehenengo irakaslea, gogoratzen dut bereziki. Emakumea gizagaixoak,  klasean sartu zen lehenengo egunetik, ezin izan zuen izengoiti hori bizkar gainetik kendu. Porky goitizenaz ezagutu genuen bere eskuetatik pasatako garai hartako inglesberri guztiok. Ez dakit zein ikaskide izan zen, baina delinkuente koadrila horretako batzuek txispa handia zuten. Horrela, haietako batek, egun hartan emakume hori atetik azaldu orduko, aurpegia ikusi eta ingelesez esan zuen lehenengo hitza: Porky. Porky txerri famatua bezalakoa zen, benetan.

Porkyrekin ez genuen golperik ematen eta klasea, txerritokia, anarkia zen, egun bakar batean izan ezik. Hilearen azken egunean kontrola genuen. Formal eta isilik egonez gero, hamar bat hitz galdetzen zizkigun eta kito! Denok gai. Egun horretan denok formal formal, isil-isilik. Eta horrela EGB osoan. Orain ulertzen dut zergatik zen hain baxua garaiko hartako ikasleen ingeleseko maila.

Zergatik ikasten da hain txarto ingelesa eskoletan? Zer proposatuko zenukete hobetzeko? Nola ikasi zenuten? Beharrezkoa al da eskolatik kanpo zerbait egitea?

Por zierto, badakizu zer den “Tutilis mangis, tutilis yes”, zer uste duzue dela. Esan zuen iritzia eta datorren astean esango dizuegu zer den.

2016/10/03

BUELTATU GARA

Opor ostean hementxe gaude, zintzo zintzo, lan egiteko prest. Kurtso berriari hasiera ematea beti kosta egiten zaigu apur bat. Errutinara bueltatzea ez da erraza, gure oporrak luzeak izanda. Baina, egia esaten badizuegu, klarion usainaren falta nabaritu dugu noiz edo noiz deskantsu luze horretan.

Aurten bueltatzea zailagoa izan da. Aurten ez gaude orain arte egon garen guztiok. Aurten gutako bat ez dago, falta da. Josemari ez dago, Josemari falta dugu. Udan joan zitzaigun, ez beste euskaltegi batera …, ez, inork joan nahi ez duen lekura baizik. Goian bego, laguna, irakaslea, lankidea eta blog honetako jarraitzailea!

Buelta honetan udan izan duzuen unerik onena gurekin partekatzea eskatzen dizuegu eta, bide batez, kurtso honetarako daukazuen asmoa kontatzea ere bai.

2016/06/24

ONENA

Ona. Ikasturte ona izan da aurtengoa. Jende jatorra, ikasle finak eta, gehienak, langileak, oso langileak. Horrela gustura egiten dugu lan. Horrela lana eta ikasketak beste gauza bat dira. Sakrifizio handirik gabe etortzen gara lanera edo klasera.

Ordu asko eman ditugu elkarrekin. Bederatzi hilabetean gauza asko pasatzen dira klase batean, klase bateko lau pareten artean. Gozoak eta gaziak. Aurten, aitortu behar dugu, gehienak gozoak izan dira noiz edo noiz haserretu bagara ere. Dena arrosa kolorekoa ezin da izan. Une onak gehiago baloratzeko txarrak ere egon behar dira eta, zorionez, azken hauek aurten gutxi izan dira.

Dena bukatu den horretan bakarrik onak gogoratu nahi ditugu eta gonbidatzen zaituztegu klasean izan duzuen momenturik onena, dibertigarriena, hunkigarriena edo alaiena gurekin konpartitzera. Esan zein izan den aurtengo ikastaroan beti gogoan izango duzuen une hori.

2015/10/01

AUPA ZUEK!

Onena bukatu da ala orain hasiko da? Oporrak bukatu dira eta kurtso berria hasiko da. Oporraldia garai onena dela pentsatu dugu beti eta, jakina, klase garaia …, bada, ez. Ez dugu gezurrik esango, oporretan bezala inon eta inoiz ez.

Lan egiteko arropa janzteko unea heldu zaigu, baina lanean ere ondo pasatu ahal dugu. Oso langilea omen den herrixka honetan ezin dut sinetsi lanean edo ikasten ezin dugula ondo pasatu. Ez gara masokak eta, ahopean gure artean komentatzen dugun arren, lanean eta eskolan ere disfrutatzen dugu noiz edo noiz. Horregatik txoko honetatik gonbidatzen zaituztegu lanera, baita ondo pasatzera ere. Gainditzen baduzue ondo, baina gainditzen baduzue eta ondo pasatzen badugu hobeto. Eta suspenditzen baduzue, beti esan ahalko duzue ondo pasatu dugula.

Beraz, listo, lanera!!! Baina beste modu batez, alaitasunez. 

Geuk ahalegina egingo dugu eta zuek? Zer egiteko prest zaudete aurten kurtso hau desberdina izateko? Zer eman ahal diozue klaseari edo zer eman nahi diozue?  Eta inportantea … zer egin nahi duzue klasean guztiok gustura egoteko?  Ikastea eta ondo pasatzea ondo ezkontzen diren bi gauza dira. GORA EZKONBERRIAK!!!