ELKARTASUNA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ELKARTASUNA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/04/10

27. EGUNA: DENOK BAT EGINIK

Noizean behin ilobak ekartzen dit ogia. Atzo, esaterako, ogia eta beste zer edo zer ere ekarri zidan. Lau etxetako erosketak egin behar dituela esan zidan, familiako lau etxetan. Supermerkatura zerrenda lau zatitan bananduta, etxe guztietarako gauzak erosten ditu. 

Seguru antzean, bera bezalako asko egongo dira bizi dugun egoera honetan, birus honek etxean egotera behartu dituen asko, adinekoak, konplikazioren bat dutenak,…laguntzen ari direnak. Egoera honek solidario egin gaitu, arazoak dituztenekin solidario egin gaitu. Atariko auzokide guztiekin solidario egin gaitu.

Egunero ospitaleetan gelditu gabe lanean ari direnekin solidario egin gaitu, ordu berean mundu osoko jendea txaloak jotzera ateratzen denean, haiek egindako lana eskertzera. Denok batera, elkar lagunduz lortuko dugu. Horixe da behin eta berriz elkarri esaten dioguna, iragarki guztietan esaten digutena, telefonoz hitz egitean elkarri esaten diogun mezua,…

Bizi dugun egoera honek solidario egin gaitu. Dena normaltasunera bueltatzen denean ere jarraituko ote dugu solidario izaten ala nork berea baino ez du begiratuko?