Urte batzuk pasatu behar izan ziren ostia ardotan bustita edo ostia eta ardoa zer onak ziren konturatzeko. Opor batzuetan izan zen. Herrian geratu ginen lagunok eskolako patiora joaten ginen jolastera. Hor ematen genituen orduak eta orduak oporrak pasatzeko herririk ez genuenok. Laugarren opor egunean eskolako apaiz zahar bat hurbildu zitzaigun eta berak ematen zuen eguneroko mezatan lagundu ahal genion galdetu zigun. Hasieran dudan ibili ginen, baina … eskolako apaiz horrek beste irakasleengan eduki ahal zuen influentziaz konturatuta baietz esan genion.
Jolasteko tresnak bazter batean utzita, elizan sartu ginen. Ez zegoen inor.
Apaizak publikorik gabeko meza ematen zuen egunero. Jaunartzeko momentua heldu
zenean ostia hartu eta sekulako tragotxoa eman zion urrezko kalizari. Guretzat
ez ostiarik ez ardorik.
Ohiko meza batean egin beharrekoa eginda, sakristiara eraman gintuen eta
ostia eskukada bana eman ostean botila batetik zurrutada ematera gonbidatu
gintuen. Zer ona izan zen!!! Opor guztietan zazpietan, meza emateko orduan, hor
geunden meza osteko ordainsariaren zain.
Zer gogoratzen duzue lehenengo jaunartze
egunaz? Nola egin zenuten jaunartzea? Zer opari jaso zenuten? Eta zer sentitu
zenuten ostia eta ardoa hartu zenituztenean?
Oharra: argazkigilea Ana Pi.
