Duela gutxi entzun nuen Victoria Beckhami damu egin zaiola titiak operatu izana. Urteetan ukatzen ari
izan den operazioaz damu izan da gure Spice Girl famatuena. Agian, hemendik aurrera famatu guztiak hasiko
zaizkigu egindakoaz damutzen, orain arte behin eta berriz ukatu dutenaz
damutzen. Une jakin batean hartu zuten erabakiaz damutzen.
Txikitatik
hartu behar ditugu erabakiak. Hala behartu eta behartzen gaitu bizitzak eta
askotan gure inguruan dauden pertsonek eta egoerek ere. Egunero hartu behar
ditugu erabakiak, ohetik jaiki bezain laster: zer egin lehenago, dutxatu ala
gosaldu? Alkandora ala nikia? Soinekoa ala prakak? Zer prestatu bazkaltzeko?
Ala etxetik kanpo bazkaldu?
Bizitza
osoa da erabakia eta beti asmatzen ez dugun arren, erabakitzen jarraitu behar
dugu. Batzuen arabera, hartzen ditugun erabakiek markatzen digute bidea, nork
bere bidea erabakiz osatzen du. Agian arrazoia dute, baina hala ez bada, beti
geratuko zaigu damutzeko aukera.