GUGGENHEIM etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
GUGGENHEIM etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2017/10/18

BAPEZ

Deus ez edo ostiarik ez. Goitik behera, behetik gora edo ezkerretik eskuinera , eskuinetik ezkerrera. Alde guztietatik begiratuta, ez dut deus ere ulertzen, ez dut ostiarik ulertzen. Ez dakit arazoa zein izan daitekeen batzuek ulertu ahal izateko eta nik, berriz, ez. Nire begiak besteenak bezalakoak dira, besteenak bezain borobilak, besteenak bezain garbiak. Nik dakidala, behintzat, ez dut inolako tararik begiratzeko eta, errealitatea begien araberakoa dela sarritan esaten dugun arren, errealitatea bakarra denez , guztiok gauza bera ikusi beharko genuke. Baina ez.

Afera honetan bakarra ez naizela da nire kontsolamendua. Jendeari asko kostatzen zaio onartzea akats hori duela, baina niri askok intimitatean esan didate haiek ere ez dutela deus ere ulertzen edo ez dutela ostiarik ulertzen.

Egongo da arrazoiren bat, azalpen bat. Begiak txiki-txikitatik hezi behar direla diote askok, baina begiez bakarrik begiratzen ez dela pentsatzen dugunetakoa naiz. Gauza batzuk begiratzeko begiak ez dira nahikoak, gauza batzuk itsuek hobeto ikusten dituzte.

Pasa den asteburuan Guggenheim museoan egon nintzen Bizkaiko Foru Aldundiak gonbidatuta eta lehen deskribatu dudan sentsazioa izan nuen. Ez nuen ulertzerik izan hor zeuden artelanak. Horman zegoen txarteltxoa irakurri nuen eta hortxe topatu nuen erantzuna: “titulurik gabeko koadroa”. Istant horretan jakin nuen erantzuna: egileak berak ez badaki zer demontre den, nola jakingo dut nik, bada.

Eta zuek, zer edo zer ulertzen duzue koadro abstraktu baten aurrean zaudetenean? Gustuko duzue museoak bisitatzea? Eta, oro har, artea? Zer deritzozue urrian Bizkaiko Foru Aldundiak Guggenheim museoa doan ikusteko eman digun aukerari?

2012/10/19

ARTE BERRIA


Artea modernoari buruz hitz egiten dugunean beti gauza bera kontatzen dut. Zuetako batzuek entzunda duzue kontu zahar hura, baina oso adierazgarria da ilustratzeko zer uste dudan.
Ez dut sekula santan ahaztuko Guggenheim museora joan nintzen lehenengo aldia. Hor nengoen Puppy txakur loredun horren etxetzarraren gibelean, erakusketaz gozatzen. Garai hartan moto erakusketa zegoen. Bai, moto batzuk arte erakusketa batean … Motoak beheko solairuan aparkaturik utzita, goiko pisura jo nuen. 

Hor nengoen ni arte berria deskubritzen, pisu horretako bihurgune batean lurrean erregaliza pilo bat aurkitu nuenean. Ondo pilatuta eta bisitari guztion eskura. Museoak gonbitea luzatu nahi izan baligu bezala. Txikitan lurreko gauzak ahora ez eramateko erakutsi zidaten eta ez nuen gonbitea onartu, baina aldemeneko emakumeek plastikoa kendu eta bana jan zuten. Eta beste bana poltsikorako, gerorako.

Emakumeak aldenduta, ikusi ahal izan nuen ondoko paretan zegoen plakatxoa. Artista eta lana: (ez ditut izenak gogoratzen). Azalpena: “erregaliz hauek dira Balkanetako gudan jendea hil zuten balen sinboloa”. Hauxe izan zen bi emakume balak edo arte lanak irensten ikusi nituen eguna. Ez dakidana da bigarren erregaliz hura jan zuten ala oraindik izango duten erakusgarri etxeko txoko batean.
  
Ez dakit lar arteari buruz eta modernoari buruz are gutxiago, baina badaude koadro batzuk benetan zirrara handia sortarazten didatenak. Van Gogh da nire artista eta “Los girasoles” nire koadroa. Etxean badaukat kopia bat eta begiratzen dudan bakoitzean, ez dakit zergatik, baina oso ondo sentitzen naiz.

Zein da zuen margolari gustukoena? Edo artelana? Zergatik? Ulertzen duzue ezer arte modernoaz? Nola margotzen duzue? Inon ikasi duzue?