Konfinamenduan gaudenetik egunero ohetik altxatzen naizenean neure buruari
galdetzen diot hau guztia amets bat den, amets gaizto bat den. Oheratzen
naizenean, berriz, beti espero dut hurrengo egunean esnatzean hau guztia pasatuta
egotea. Baina, “marmotaren eguna” izango balitz bezala, hau guztia errepikatzen
da, behin eta berriro errepikatzen da.
Normalean ez dut gogoratzen aurreko gauean amets egiten dudana. Adituek
diote guztiok amets egiten dugula gauero, baina ni ez nago oso ziur, sarritan
hain azkar pasatzen da gaua ezen ez bide dut astirik amets egiteko. Inoiz
gogoratzen badut, bat-batean esnatzen naizenean, hau da, amets gaiztoa izan
dudanean izaten da.
Itxialdiak ere lo egiteko modua aldatu dit. Ez dut lehen bezala lo egiten
gauean esnatzen bainaiz pare bat aldiz eta, txarrena, ernagailuak jo baino
hamar minutu lehenago esnatzen bainaiz. Birus madarikatu honek dena aldatu
digu, oporrak, lan egiteko modua,… eta ametsak ere. Dagoeneko ez dugu
ilusiorik, ez dugu itxaropenik eta, beharbada, ez dugu ametsik. Kaguen txos!!!
Ametsik egiten duzue? Zer-nolako ametsak dituzue?
Badaukazue errepikatzen den ametsik? Kontatu ahal diguzue? Nola egiten duzue lo
konfinamenduan gaudenetik?