ELURRA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ELURRA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015/02/13

ZURI-ZURI

Zuri-zuria idazlana idazteko orria bezala, zuri-zuria emaztegaiaren soinekoa bezala, zuri-zuria merengeak (pastelak eta futbolariak) bezala, horrelaxe izan genuen orain dela gutxi  herria. Elurra, elur bustia,  elur lodia, elur xehea, elur-lapatxa, … mota guztietako elurrak izan genituen, batzuk goizean, besteak arratsaldean, eta gauean guztiak batera. 

Ederra da elurra. Paisai politak uzten dizkigute elurteek. Dena zuri, zuri-zuria. Ederra da elurra eta ederra da transmititzen digun berotasuna. Hotza denak beroa transmititzen digu, sutondoko beroa.

Urteek, ez elurteek, zuritutako ileak ditugunok ziur aski gogoan izango ditugu beste garai batean izandako elurte haiek. Neuk, behintzat, gogoan dut unibertsitatean nengoela bizi izandako elurtea. Azterketa garaia zen eta azterketan zuri geratzeko beldurrez lehenengo elur-malutak noiz eroriko zain zerura begira, ez liburuetara, eman nuen gaua. Handia izan zen elurte hura. Azterketak bertan bera utzi eta aste beteko oporraldia eman ziguten. Lagunak bildu, ondoko mendien magaletara igo eta gero plastikoz inprobisatutako trineo batean  ziztuan jaisten ginen berriro igotzeko.

Urte hartako aste hartan kaosa izan zen nagusi herrian. Arazoak izan genituen ohiko gauzak egiteko, erosketak egiteko, leku batetik bestera joateko, autoak gidatzeko, … kaos totala. Hauxe da zuria denaren alde beltza.

Nola bizi izan duzue elurte hau? Gogoratzen duzue izandako elurteren bat? Zer uste duzue elurteek eragindako kalteez? Eta elurraz, oro har?