amerikarrak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
amerikarrak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/04/07

24. EGUNA: AZALPENIK EZ

Txinatarrak, amerikarrak edo errusiarrak, guztiak susmagarriak. Animaliak ere errudunak: saguzarrak, pangolinak eta txerriak. Laborategi batean apropos sortutakoa edo bertan egondako isuria, soldadu batzuek eraman zuten gaixotasuna eta, zergatik ez, guda kimikoa. Dena gezurra ala dena egia? Hamaika teoria daude, hamaika konspirazio; baina egia, beti bezala, bakarra. Eta ez dakit inoiz jakingo dugun.

Ez naiz oso konspirazioen aldekoa eta uste dut gauzak gertatzen direla gertatzen direlako. Ez da beharrezkoa atzean esku beltza egotea, gauzen zioa azaltzeko. Azalpenak normalean sinpleagoak izaten dira eta ez daukate alde ilunik.

Konspiranoikoz inguratuta bizi gara eta gaur egun disfrutatzen egongo dira zurrumurruak, erdi usteak eta konspirazioak lau hauzetara zabaltzen. Jendearen beldurraz baliatzen dira beldur gehiago hedatzeko eta ez dute inolako erreparorik edozein astakeria esateko. Baina, agian, horietako baten bat egia izango da birus kabroi horren jatorria azaltzeko.

Zein uste duzue egia dela? Konspirazioen aldekoak zarete? Zergatik?

2016/11/11

AMETS AMERIKARRA

Amerikanoa. Izengoiti hori zuen auzoko pobreenak. Dirurik ez, eta amerikanoa jarri genion ezinen.  Kabroi halakoak!

Koitaduak xentimorik ez, baina edadeko bizio guztiak zituen. Barre egiten genion, baina ez zen inoiz falta behar zuena emateko prest zegoena. Mahai-futbolean beti egiten genion lekua, zigarro-mutxikinak (pibiak) berarentzat ziren eta eskotean pagatzen genuenean berea ordainduta beti egoten zen. Kabroiak, baina bihotz onekoak!

Amets egiten zuen. Ametsetan nahi duguna gara. Bere ametsa amerikanoa izatea zen, amerikano diruduna izatea. Pelikuletan agertzen diren amerikanoak, diruz josita dauden amerikanoak.

Egun batean herritik joan zen kanpora lan egitera. Gurasoek eraman zuten. 80. hamarkadako industria birmoldaketa eginda, aitak lan egiten zuen enpresak ateak itxi eta beste leku batera joan ziren ogi bila.

Ez genuen bere berri izan hurrengo urteetan,  duela ez asko, udaberriko egun eguzkitsu batean, mahai-futbolean jolasten ginen lekura postal bat heldu arte: 


Kaixo, lagunok:

Eskerrik asko denagatik.
Eskerrik asko mahai-futbolean utzitako lekuagatik.
Eskerrik asko zigarro-mutxikinengatik.
Eskerrik asko eskotean nire ordez jarritako diruagatik.
Eskerrik asko, benetan, nire lagunak izateagatik.
Ametsa bete dut, orain benetako amerikanoa naiz.

Besarkada handi bat.
                                                 Donald

Oharra: amerikanoagoa izateko aldatu dut izena. Daniel ez zen amerikano dirudun batek izan dezakeen izena. Bye, bye my friends.

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak egin berri dituztenez, lagun horren istorioa etorri zait burura. Horrelaxe ikusten genituen amerikarrak, dirudunak batez ere. Eta zuek, nola ikusten dituzue amerikarrak? Zer gustatzen zaizue eta zer ez? Zer deritzozue Donald Trumpi?

2012/10/31

DENOK IGUALAK

Levi praka bakeroak jantzita. Kafeinarik gabeko Coca-cola lan-egunetan eta bourbon zorrotada batek lagunduta asteburuetan. Hanburgesaz eta hot-dogez bapo eginda. Winston paketea beti aldean… Amerikanoa naiz, Barakaldoko amerikanoa. Baina egia esaten badizuet ez ditut amerikarrak gustuko. Ez dakit zergatik, baina harroak, zapaltzaileak eta erdi-leloak iruditzen zaizkit. Ez dut inoiz hitz egin amerikar batekin, baina ezin dut nire burutik irudi hori kendu, estereotipo hori.


Atseginak, dibertigarriak eta oso langileak iruditzen zaizkit txinatarrak. Etxe ondoko dendako txinatar txikia ezagutzen dut eta atsegina, dibertigarria eta, batez ere, oso langilea da. Gezurra badirudi ere, txinatar zakarrak, aspergarriak eta alferrak egongo dira, baina herri zahar horretako jendeaz pentsatzen dudanean buruan hasieran esandakoa dut, estereotipo hori.

Batzuetan, ondo jakin barik eta pertsona horiekin inolako harremanik izan barik, herri batzuk gorrotatzen ditugu eta beste batzuk miresten ditugu, herri bateko biztanle guztiak igual igualak izango balira bezala. Herri jakin batean bizitzeak edo herri jakin batean jaiotzeak klonatu egiten gaitu, nonbait.

Nongoa da gehien gustatzen zaizuen jendea? Eta gorrotatzen duzuena? Zergatik?

JAIRAKO PREST


Gabonak hurbil daudela baino ez dutela hainbeste iragarki ematen uste nuen, baina usteak erdi ustel! Egunotan Halloween izango da eta telebistako kate guztietan zorioneko jai hau dute hizpide, telesaioak, jaiak, mozorroak …
Agortu ezinezko iturria dirudi telebistak. Gainera, telebistan ez ezik kalean ere Halloween izango dela gogorarazten digute, kalabazak, sorginak, … erakusleihoetako apaingarri nonahi ikus ditzakegu.

Ez dakit, baina betidanik pentsatu izan dut Halloween “Amerikanada” bat zela, amerikar filmetan soilik ikusten genuena, baina errealitateak denbora gutxitan ikustetik bizitzera pasatu garela erakutsi dit. Egia esan, ez dut ulertzen zer dela eta hasi garen jai hau gurea balitz bezala ospatzen. Jendeari ere galdetu diot ea azalpenik aurkitzen diodan eta entzun dudan erantzun bakarra parranda egiteko aitzakia dela izan da. Parranda egiteko aitzakiarik beharko bagenu bezala!

Ez dakit zuek, baina nik beste urte batez uko egingo diot  Halloween jaiari eta ez dut parranda egiteko aitzakiatzat hartuko.

Eta zuek zer deritzozue Halloween jaiari? Ospatuko duzue? Zergatik?

2008/10/31

INKESTA ---- ERANTZUNAK




Inkesta: NOR NAHIAGO DUZU?






OBAMA……………………… 16 (%95)

McCAIN……………………… 1 (%5)



2008/10/27

TRUKOA ALA TRATUA?


Urriaren 31ko gauean, urtero bezala, Halloween gaua ospatuko da herrialde anglosaxoniarretan. Irlandako etorkinek Ameriketako Estatu Batuetara eraman eta amerikarrek hartu eta mundura zabaldu zuten ospakizun hau.
Duela gutxi gure inguruan, taberna irlandarren presentziagatik edo, hasi da ospatzen eta, batzuen ustez, ospatu beharreko jai bihurtu da gau magiko hau.
Beste batzuen ustez, berriz, jai honek ez du ez buru ez hanka gure herrian eta amerikarren inperialismoaren seinalea baino ez da.
Gauzak horrela, hemen duzue gonbitea ostiral honetan izango dugun festari buruz zuen iritziak adierazteko komentarioetan.

ZURTZ INTTE

Aste honetan estatubatuarrak ditugu hizpide. Halloween, presidentziarako hauteskunde kanpaina, Bush, … Noiz edo noiz Ozeano Atlantikoren beste aldetik heltzen zaizkigu hango biztanleek egindako xelebrekeriak eta benetan ez gaituzte inoiz hotz uzten. Batzuetan gauza harrigarriak dira, beste batzuetan sinesgaitzak eta oraingo honetan erabat zurtz intte utzi gaituena: Nevadako estatuan Obamaren aldeko propaganda euskaraz (sustatu.com).


Azaroren 4an, hauteskunde-kanpaina amaiezin baten ostean, jakingo dugu nor izango den ditxosozko presidentea: Obama ala McCain. Baina, bien bitartean, propaganda honi zer deritzozuen jakin nahi dugu, jakina, ez dioenari, baizik eta euskaraz izateari.

AMERIKETAKO ESTATU BATUEN AUZIA


IRAKURMENA
Osasun fakturek hondatzen dituzte AEBetako familiak
AEBetako eredua miresten dute Europako ongizate estatuak pribatizazio bidez desegin nahi dituztenek. Baina politika horren ondorioak ezagutzen ditugu jada: familia amerikar askoren ekonomiak sarri ospitale eta osasun gastuengatik hondoratzen dira. Klase ertaineko milioika familiak jo du kiebra.

HIZKA-MIZKA


- Herrialde garatuen eredua izatea zerbaiten adierazgarria da
- AEB, jenderen ametsak errealitate bihurtu ahal diren lekua
- Handik etorritako modak, ohiturak, … eta, oro har, bizimodua gureganatzen saiatzen gara ahalik eta lasterren
- Mundu osoaren babesleak eta ziurtasunaren bermea dira




- Eredua dira, baina onerako eta txarrerako
- Haien arrakastaren gako bakarra dirua da
- Oso gizarte konplexua da. Daukaten moral bikoitza da honen adierazle nagusia
- Urte askotan munduko herrialderik indartsuena izateak errealitatea beste era batez ikustarazi die