GORROTOA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
GORROTOA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/05/10

57. EGUNA: MAITASUNAREN ETA GORROTOAREN ARTEAN

Ez dakit gehiago maite ditudan ala gehiago gorrotatzen ditudan. Egunean zehar maite izateko uneak daude eta gorrotatzeko uneak ere bai. Orain maite eta, bi minutu pasa ondoren, gorroto diet, edo alderantziz. Egun hauetan maitasuna eta gorrotoaren arteko muga gero eta meheagoa da eta familiakoekin bizitzea zaila bezain gozoa da. Eta, haiekin bizi ez bazara, bideokonferentzietan ere badaude, hitz egiteko irrika eta telefonoa eskegitzeko gogoa. Fisikoki inoiz baino urrunago gaude familiakoengandik baina, era berean, inoiz baino hurbilago. Haiengan bilatu dugu babesa eta haiengan lortu dugu kontsolamendua.

Apur bat harritzen nauena da jende gazteak, oso gazteak, konfinamendua bikotekidearen etxean pasatzea. Nire gazte garaian pentsaezina. Nola esan ahal nien gurasoei hor egongo nintzela? Nola esan ahal nien konfinamendua pasatuko nuela beste baten etxean, nirean hamarretan egon behar nuenean? Gauzak aldatu egin dira. Onerako ala txarrerako? Denborak esango digu, baina kasu honetan ez dut uste koronabirusaren erruz izan denik.

Norekin pasatzen ari zarete itxialdia? Zelan daramazue konfinamendua etxekoekin? Eta zer deritzezue bideo-deiei? Zer iruditzen zaizue jende gazteak bikotekidearekin pasatzea eta ez gurasoekin?