AGATE DEUNA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
AGATE DEUNA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/02/07

ETXE HONETAN ZORION HUTSA

Fe gabeko oso herri erlijiosoa da gurea. Jai gehienak elizak santifikatuak dira. Elizak eta bere santuak babestutako festak ditugu herri honetako txoko guztietan. Ezin da ukatu Elizari zor dizkiogula parrandaz ibili ahal izateko jai egun gehienak, egun gorriak egutegian.

Baina badaude gorriz ez dauden beste festa egun batzuk, tradizioak urteak joan urteak etorri ezarri dituenak. Hauexek ere jai erlijiosoak ziren hasiera batean, baina egun gure erara moldatu ditugu. 

Agate eta Blas deuna dira horietako bi.Otsaileko lehenengo astean tradizioak gainditzen dio erlijioari. Agate deunari eskainitako kantak, txokolatada erraldoia bildutako diruaz, baselizara igo, kordoia lepoan eta Blas deunaren opila. Umetako oroimen ederrak! Gaur egun bakarrik kordoia janzten dut. Zaila da tonua mantentzen abestian, txokolatea medikuak debekatu dit, Baselizara igoko banintz hurrengo egunean mugitu ezinik egongo nintzateke eta opila, gozozale amorratua izan arren, gozoegia iruditzen zait.

Erlijioa duela urte asko bidean utzi nuen eta ez dakit berreskuratuko dudan, baina tradizioa ez dut galdu nahi. Datorren urteko kantuen entsegurako prest egongo naiz, medikuari “bulda” eskatuko diot txokolatea jan ahal izateko, astebete lehenago sasoi onean jarriko naiz mendi tontorreraino arrapaladan igotzeko eta opila ardo on batek lagunduta barrura. Ohiturei eutsiko diet gogor.

Zuek, horietako zein mantentzen duzue? Zergatik? Eta umetan edo gaztetan? Zer oroitzapen duzue?

ASTE OSOA JAI

Euskal ohitura astea dugu hau, San Blas eguneko kolorinetako kordoitxoak lepoan, makila eskuan hartuta koadrilak Agate Deuna abesten kaleetatik, anisdun erroskillatxoak, malbabisko  karameluak … egun hauetako ikurrak dira.

Baina, nire ustez, urterik urtera gero eta jarraitzaile gutxiago dute ohiturok. Egun oso jende gutxi joaten da Bilboko azokara kordoitxoen bila eta are gutxiago Abadiñoko jai seinalatu horretara. Kaleetako koadrilei erreparatuz gero adineko jendeak edo ikastetxeetako ikasleek osaturiko koadrilak dira gehienak. Gazteek osaturikoak zailak dira ikusten.

Garai batean auzoetatik abesten ibilitako gazte koadrilak aspaldiko kontutxoak dira, gaurko gazteek hori egiteari lelokeria baiteritzote. Gazte koadrila hauen eskasiak agerian uzten du tradizioz beteriko ohitura hauek ez dutela lekurik gaurko bizimoduan, teknologia munduan ez dute kabidarik. Nola uztar daitezke bi mundu ezberdin hauek? Zertara joango da gazte bat baserritar jantzita eta kaskoak eta eskuko telefonoa aldean? 

Agian, oraindik kolorinetako kordoitxoak izango du etorkizuna, agerian ez baitaramagu. Baina kalean abesteko makilatxo horiei ez diet etorkizun handirik iragartzen, bestela denbora izango da lekuko.