JENDEA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
JENDEA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/05/20

MIHI MARROIAK

 Ez neukan zalantzarik, baina, badaezpada, etxera heldu bezain laster, ispiluaren aurrean mihi atera dut… Eta ez dut marroi. Eskerrak!!!

Ez da gaixotasun berri baten sintoma edo COVID19ak utzitako ondorioren bat. Beste gauza batez ari naiz: mihi marroidunez. Ez dakit nola definitu zer den mihi marroia izatea, baina iruditzen zait azkenaldi honetan gero eta jende gehiagok duela mihi marroia. Haiek ez dira konturatzen, baina batzuen kasuan marroia izan ordez, beltz dutela edo oso marroi ilun esango nuke nik.

Ez dakit dagoeneko jakingo duzuen zertaz ari naizen. Bestela pentsatu zergatik eduki ahal duen pertsona baten mihiak kolore hori. Pentsatu ondo, mesedez.

Oraindik ez badakizue, hona hemen azalpena: aurreko batean lagun batek esan zidan nagusia, irakaslea edo gainean dutena beti lausengatzen dutenak direla mihi marroiak. Ez da gehiago azaldu behar, ezta? Orain jakingo duzue eta ezagutzen dituzuen batzuk burura etorri zaizkizue, ezta? Niri asko, pilo bat.

Zer uste duzue mihi marroidunez? Horrelako jende asko ezagutzen duzue? Nahiko zenuke ondoan  mihi marroidunak izatea, nagusiak izango bazinete?

2022/03/25

KAR, KAR, KAR,…

Serioak garenoi asko kostatzen omen zaigu barre egitea, baina horrek ez du esan nahi barre egiten ez dakigunik. Gehienetan barrutik egiten dugu. Barre maltzurra da gurea, ez zaigulako barre-algararik gustatzen. Graziarik? Bai, ziur aski egingo digu, baina ez dugu inolaz ere neurrigabeko barre-karkararik egingo. Serioak garenok beti neurriz eta egoki egiten ditugu gauzak, eta, jakina, barrea ere bai.

Baina badaude etengabe barre egiten dutenak. Edozer esanda, barrez hasten dira, barre tontoa da hori, oso tontoa, nire ustez. Baliteke oso pertsona zoriontsuak izatea eta besteok beti pipertuta egotea, baina ez da posible edozer esanda barre egitea. Denak ez dauka graziarik eta denak ez digu barrerik eragiten.

Ez dut hemen esango zer pentsatzen dudan beti barrez egoten direnez. Nahiago dut ez esan. Baina, aurreko paragrafoa irakurrita, argi dago, ezta?

Eta zuek, barre egiten duzue azkar ala kosta egiten zaizue? Zer-nolako barre egiten duzue? Zer pentsatzen duzue etengabe barre egiten dutenez? Zerk eragiten dizue barrea?

2020/06/08

86. EGUNA: KROKODILO DUNDEE

Gaurko Teleberrian  Valladoliden krokodilo bat bilatzen ari direlako berria entzun dudanean harrituta geratu naiz. Normalean, Teleberria ikustean deskonektatu egiten dut, berri gehienak pandemiari buruzkoak baitira. Horregatik, krokodilo hitza entzun dudanean ametsetan ote nengoen pentsatu dut.

Ez dakite nola, baina Niloko krokodilo bat dabil Valladolideko ibaiko uretan. Niloko krokodiloa? Nola heldu da horraino? Halako gauzak film amerikarretan bakarrik pasatzen zirela uste nuen. Badakizue, lagun taldea asteburu pasa joan aintzira ondoko etxola batera eta bertan krokodilo erraldoia edo azkar baino azkarragoa den marrazoa, edo bestelako piztiaren bat. 

Baina gaur entzun dudana ez da filma izan, benetakoa izan da. Askotan entzun dugu batzuei animalia exotikoei izatea gustatzen zaiela, baina gauza bat da nork bere etxean edukitzea eta beste gauza bat animalia hori guztiekin partekatzea. Handiegi egin da etxeko bainuontzian izateko ala? 

Espero dut animalia aurkitzea, jakina! Baina are gehiago animalia horra bota duena harrapatzea eta merezi duen zigorra jartzea. Covid 19a gutxi bazen, orain uretara sartzen garen bakoitzean nor aurkituko ote dugun pentsatu beharko dugu?

Nola uste duzue heldu dela krokodiloa uretara? Zer zigor merezi du uretara bota duenak? Zilegi da animalia exotikoak etxean izatea? Izango zenukete?

2020/05/30

77. EGUNA: ZALANTZA BARIK, MASKARA DA BABESIK ONENA

Badakit orain arte batzuetan hitz egin dugula maskarei buruz: ezinbestekoak diren, zeintzuk diren onenak, diseinuzkoek balio duten,…. Gauza horiek guztiak komentatu ditugu blog honetan. Baina lehengo egunean, lagun batekin telefonoz hitz egiten ari nintzela, zer pentsatua eman zidan gauza bat esan zuen. 

Lagun honek egunero hartu behar izaten du metroa eta, nola ez, maskara jantzita eraman behar du bai ala bai. Hasieran nahiko deserosoa zela esaten zuen, baina egunak pasata konturatu da maskarak metroan ohikoak diren kiratsetatik babestu egiten duela. Hori esan zuenean barregura eman zidan eta arrazoia zuela esan nion. 

Ez dakit zergatik kostatzen zaien hainbeste batzuei dutxa azpitik pasatzea edo noizean behin desodorante apur bat ematea. Seguruenik denok izango dugu horrelako bat lagunen artean, lanlekuan, edo zergatik ez familian akaso. Ez dut uste gaur egun xaboia hain garestia denik.  Gainera,  supermerkatuan eskaintza zabala dugu, azal guztietarako eskaintza. Agian doakoa izan beharko luke xaboiak batzuek garbitasunari uko ez egiteko. Baina, seguruenik, horrela balitz, gero uraren aitzakia jarriko lukete. Txerria beti txerri. 

Maskara izan daiteke horren kontrako babesik onena? Ezagutzen duzue horrelako pertsonarik? Nor? Zein beste usain ezin duzue jasan? Zergatik?

2020/05/07

54. EGUNA: GUZTION ORDUA

Hasi dugu irrikaz espero genuen deseskalada famatua. Atera gaitezke kirola egitera, paseoa ematera, betiere, horretarako zehaztuta dauden ordutegietan. Kasu batzuetan ere, aldez aurretiko zitarik badugu, joan gaitezke ile-apaindegira, arropa dendara, zapata dendara,…Hiritar xume gehienok ondo begiratzen ditugu Gobernuak jarritako jardunetarako ordutegiak eta, kasu gehienetan, saiatzen gara errespetatzen. Batzuek esango dute isunik ez ordaintzeko egiten dutela, baina guztiok dakigu, isunez aparte,  badagoela beste gauzaren bat: egoerarekiko ardura.

Ordutegiez gain badaude bete beharreko beste neurri batzuk ere: denbora, etxetik kilometro batera ibiltzea, kirola egiten dugunean nor bere udalerrian geratzea,… Hauek ere hiritar xumeok fin-fin betetzen ditugu, behin baino gehiagotan arauak gustura hautsi egingo bagenitu ere. 

Baina, hara non guri erantzukizuna eskatzen digutenek ez dituzten jarritako arauak betetzen eta nahi dutena egiteko libre direla pentsatzen duten. Bestela nola azal daiteke Osakidetzako larrialdietako zuzendariak egin duena? Nork eta Osakidetzan lan egiten duen batek. Pandemia honek zer-nolako buruhausteak sortu dituen lehenengo lerrotik ikusi dituen batek. Ardura handirik gabe hainbat arau hautsi ditu takada batean, bigarren etxebizitzara joatea, beste probintzia batera joatea, ordutegia ez errespetatzea,…. Eskerrak dimisioa eskatu duen!

Bitartean, hiritar xumeok jarraituko dugu arduraz jokatzen eta elkar errespetatzen, egoera honetatik ahalik eta ondoen ateratzeko.   

Zer deritzezue jarritako ordutegiei? Jendeak errespetatzen ditu? Zer pentsatzen duzu kargu horrek egindakoaz? Eta deseskaladaz?

2020/05/06

53. EGUNA: ELIZAREKIN TOPATU GARA

Garai zailak hauek, zailak guztiontzat. Hemen ez da inor libratzen, modu batean edo bestean, denok galtzaile ateratzen ari gara pandemia honetatik. Birusak mundua hankaz gora jarri du, eta denok malabar-jokoak egin behar ditugu egoera berrira egokitzeko.

Pandemia hau pasa den mendean edo lehenago gertatu izan balitz, ez zatekeen faltako Elizak bultzatutako profesioak Jainkoari laguntza eskatzeko. Kaleetan (agian ordutegi jakin batean) apaiza gurutzeari lotuta eta, ondoan, meza-mutilak. Askok eta askok birusa gizarte ustel honen bekatuak garbitzeko zigorra dela esango zuketen pulpitutik, eta asko eta asko etengabeko arrosarioa errezatzen egongo ziratekeen elizan konfinatuta.

Baina, garaiak aldatu dira eta denok egoera berrira egokitu behar dugu. Koronabirusa ez da Jainkoaren zigorra, txinatar deabru horien maldizioa beharbada bai, batek daki! Elizak itxita daude eta apaizak ez dira kalera prozesioetan ateratzen. Orain (beste garai batean pentsaezina) debekatu digute mezatara joatea. Lehen behartu eta orain debekatu, mundua hankaz gora dago. Orain, erromatarren garaian bezala, meza klandestinoak antolatzen dira eta eliztarrak legetik kanpo daude. Orain, Ingalaterran, apaizak jendea konfesatzen du elizatik kanpo eta bekataria kotxetik atera gabe. Azken hau bai dela egoera berrira egokitzea eta derrigorrezko distantzia mantentzea. Amen.

Zertan uste duzue aldatuko dela zuen ohiko bizitza? Ikasketan edo lanean zer egin beharko dugu egoera berrira egokitzeko? Zer deritzezue meza klandestinoei? Zer erantzukizun du Elizak pandemia garai hauetan?

2020/04/30

47. EGUNA: EZ GARA LEHENGOAK IZANGO

Arratsaldeko zortziak dira. Denok balkoira txaloak ematera. Balkoira atera eta auzokoak agurtzen hasten naiz, nire eraikin aurreko auzkoak, ondoko eraikinekoak, goikoak, albokoak,… guztiok agurtzen dugu elkar egoera hau hasi zenetik, nahiz eta hau baino lehenago harremanik izan ez.

Pandemia honek gauza asko kendu digu. Kalera ateratzeko askatasuna, familia ikusteko eskubidea, eta kasurik txarrenetan senideak agurtzeko aukera azken, hatsa ematean. Une gogorrak bizi izan ditugu berrogeialdi honetan, baina gauza onen bat ere eman digu zorioneko pandemia honek, auzokoekiko harremana berreskuratzeko aukera, esaterako.

Aspaldi galduta genuen harreman hura berreskuratu egin dugu txaloak emateko unean, auzokide baten urtebetetzea izan denean, igandeko Fbermuta ordua gogoratzeko egindako elkarretaratzeetan, kontzertuetan, ezkontzeko mandatuan… Une horietan guztietan hortxe egon gara auzokideok, elkar animatzen, laguntzen, sostengua izaten, denok bat egiten. Uste dut hau bukatzen denean gure auzokideak beste era batera agurtuko ditugula, behintzat, nire kasuan espero dut txaloak jotzeko momentu horretan sortu dugun harremanak aurrera egitea. 

Zer deritzozue txaloak emateko momentuari? Aldatu dira zuen auzokideekiko harremanak? Zertan? Errekuperatuko ditugu garai bateko auzokideekiko erlazio hura?

2020/04/29

46. ZENBAT URTE DAUKAZU?

1.500 boluntario, bai, 1.500 pertsonak nahi dute koronabirusaren kontrako txertoan entsegu klinikoetan parte hartu. Beren gorputza, beren bizitza jarriko dute arriskuan txertoa aurkitzeko epeak laburtzeko. Ez dakit zerk bultzatzen duen pertsona bat horretan parte hartzeko. Badakit beste entseguetan dirutan ordaintzen dietela zer edo zer, baina irakurri nuen artikuluan ez zuten horretaz tutik ere aipatzen. Horrela bada, benetan, hauexek dira azken heroiak, kaparik gabeko heroiak.

Pentsatu une batez! Ondo zaude eta birusa eta txertoa jarriko dizkizute ikusteko txertoa eraginkorra den. Hostie!!! Haietako bat izango banintz, kakatan egongo nintzateke, teleberrietan ematen dutena ikusita. Ez naiz ausarta. Baina, ez naiz zoroa. Edo oso solidarioak dira edo ganbara pipiak jota dute edo…Ez dakit zein izan daitekeen arrazoia. Ezagutu nahiko nuke bat, galdetzeko arrazoia.

Onartu behar dut. Berria irakurtzen bukatu baino lehen egunkaria itxi nuen eta kirolak irakurri nituen. Baina ez dakit zergatik ez nintzen ondo sentitzen. Errudun konplexua nuen. Hor buruan neukan zifra hori, 1.500. Eta ni etxean, Jitsiren bidez klaseak ematen, sofan eserita. Boluntarioa izan behar nuen. Egunkaria berriro zabaldu nuen jakiteko non eman behar nuen izena. Erabakita neukan, prest nengoen, parte hartu nahi nuen entseguan. Hasi nintzen baldintzak irakurtzen: osasuntsu egotea, erretzailea ez izatea,… guztiak betetzen nituen,… Heroia izango nintzen… azken baldintza: 20-45 bitarteko adina izatea… ESKERRAK!!! Ea ezer esaten duten finalari buruz!!! Baina, zuk zenbat urte daukazu?

Parte hartuko zenukete horrelako entsegu batean? Zergatik? Zeren truke? Zerk bultzatzen du jendea parte hartzeko?

2020/04/15

32. EGUNA: HAMAIKA IKUSTEKO JAIOAK GARA

Uste nuen balkoiko txaloak gu seguru egoteko ospitaleetan lanean ari direnen lana eskertzekoak zirela, gure etxean ezer ez faltatzeko supermerkatuetan lanean ari direnen lana eskertzekoak zirela,…baina usteak erdi ustel! 

Beti bezala, gure artean badaude beren burua baino harago ikusten ez dutenak eta pertsona horiek egunero egunero egiten duten lanari behar duen balioa ematen ez diotena, are gehiago, izenik gabeko ohartxoak bidaltzera ausartu ere egiten direnak. Bestela, ez dakit nola azaldu ahal den supermerkatuko langile bati bere ate azpitik sartutako oharra. Nola esan ahal zaion supermerkatuan nahi dugun guztia prest egoteko atseden barik lanean ari den langileari bere etxera ez den leku batera joateko, gainerako auzokideak arriskurik gabe lasai egoteko.

Edo atariko sendagileari bere atea eta eskutokia lixibaz garbitzea bere baimenik gabe? Ez dakit nik, baina nor bere etxean bizi bada, ez dakit zer arrisku ikusten duten. Gauza bera pentsa lezake medikuak eta hain garrantzitsua den bere lana egitera ez joatea, kutsatu egingo delakoan edo.

Berri horiek irakurri ditudanean sinestea ere kostatu egin zait bizi dugun egoera honen aurrean zer jarrera erakusten duten batzuek. Eskerrak pertsona horiek ez direla medikuak edo supermerkatuko langileak, bestela jai izango genuke. 

Zer deritzezue kasu hauei? Nolako pertsonak dira besteen lana epaitzera ausartzen direnak? Uste duzue, kalera ateratzen garenean, kutsatuta dauden edo egon direnekin gauza bera pasako dela?

Argazkiaren iturria: LA VANGUARDIA egunkaria.

2020/04/08

25. EGUNA: MASKAREN DANTZA

Eraman behar dugu maskararik? Eraman beharko dugu maskararik kalera ateratzen hasten garenean? Ez dakit zuei, baina niri ez zait hau argi geratu eta, are gutxiago, egunkaria irakurtzen dudanean.


Gaurko egunkarian, adibidez, gurean oraindik jarraitzen dute bere erabilera arautu gabe. Italian, berriz, behartu dituzte hiritar guztiak erabiltzera eta, erabili ezean, 400 euroko isuna jarriko diete. Gainerako herrialdeek sekulako lehia dute zorioneko maskarak lortzeko, ez baitago eskaria asetzeko nahiko eskaintzarik. Adibidez, Frantziak Txinari erositako maskarak AEBera desbideratu zituzten estatubatuarrek, salmenta prezioaren hirukoitza edo laukoitza eskudirutan ordaintzea eskainita Txinako aireportuetan bertan.  Hau guztia estatubatuarrek ukatu egin dute, jakina!

Birus puta honek dena astindu du, mundu osoa eta mundu guztia etxean konfinatuta egotera behartu du, jende asko lanik gabe utzi du, maskarak eta arnasgailuak lortzeko herrialdeen arteko borroka piztu du, …

Baina gurean oraindik ez dakigu maskarak erabili behar ditugun ala ez. Gainera, erabili behar izanez gero, non erosiko ditugu inon ez badago? Zer iruditzen zaizue erabili behar izatea? Betiko edo denbora luzez erabili beharko genuke? Zer abantaila edo desabantaila dute maskarek? Adibidez, ligatzeko bestearen aurpegia ez dugu guztiz ikusten edo bere irribarrea...

2020/04/07

24. EGUNA: AZALPENIK EZ

Txinatarrak, amerikarrak edo errusiarrak, guztiak susmagarriak. Animaliak ere errudunak: saguzarrak, pangolinak eta txerriak. Laborategi batean apropos sortutakoa edo bertan egondako isuria, soldadu batzuek eraman zuten gaixotasuna eta, zergatik ez, guda kimikoa. Dena gezurra ala dena egia? Hamaika teoria daude, hamaika konspirazio; baina egia, beti bezala, bakarra. Eta ez dakit inoiz jakingo dugun.

Ez naiz oso konspirazioen aldekoa eta uste dut gauzak gertatzen direla gertatzen direlako. Ez da beharrezkoa atzean esku beltza egotea, gauzen zioa azaltzeko. Azalpenak normalean sinpleagoak izaten dira eta ez daukate alde ilunik.

Konspiranoikoz inguratuta bizi gara eta gaur egun disfrutatzen egongo dira zurrumurruak, erdi usteak eta konspirazioak lau hauzetara zabaltzen. Jendearen beldurraz baliatzen dira beldur gehiago hedatzeko eta ez dute inolako erreparorik edozein astakeria esateko. Baina, agian, horietako baten bat egia izango da birus kabroi horren jatorria azaltzeko.

Zein uste duzue egia dela? Konspirazioen aldekoak zarete? Zergatik?

2020/04/01

18. EGUNA: HORRELA BAI!!!

Horrela bai!!! Horrela pasako nuke nik berrogeialdia, eta beharrezkoa izango balitz denbora luzeago.

Horrela bai!!! Kexarik ez. Baina, zoritxarrez, hori bakarrik batzuen esku dago, edo hobeto esanda bakarrik baten esku dago. Ez gara berdinak eta ez gara inoiz berdinak izango. Aditu askok, azken egunotan, esaten digute koronabirusa bezalako gaixotasunak oso gaixotasun demokratikoak direla, guztioi berdin eragiten digutela. Bai, eraginean, agian, berdinak izango gara. Birusak ez du bereizketarik egiten: hau aberatsa da eta libre, edo hau pobrea eta kutsatuta. Kabroi hori kabroia da, baina demokratikoa.

Demokratikoa ez dena berrogeialdia pasatzeko modua da, bestela galdetu Thailandiako erregeari. Herritik hanka egin eta Alemanian dago, luxuzko hotel batean bere harenanekin, hogei emakumerekin. Horrela bai!!! Imajinatzen duzue zuen burua han hogei emakumerekin edo gizonekin… Hemengoak garenez eta imajinatzea denez, ziur aski, berrogeialdia berrogeirekin hobeto.

Zer iruditzen zaizue Thailandiako erregeak egin duena? Berrogeialdia famatu batekin pasatzeko aukerarik izango bazenute, norekin pasako zenukete? Zergatik?

2017/05/25

EMEKI EMEKI, EZ DAKIT

Poliki-poliki jaten ikasten ari naiz. Ez da erraza. Gauzak azkar baino azkarrago egin behar ditugun gizarte honetan ez da batere erraza, ez.

Astebete daramat, baina oraindik ez dut lortu. Oraindik platera begiratzen dut eta amen batean barrura, agian ez lehen bezain azkar, baina oraindik azkarregi.

Horretaz zerbait dakitenek motel jateak abantailak dituela diote. Osasuntsuagoa da eta, gainera, mokaduak gehiago eta hobeto disfrutatzen dituzu. Azkar jatea ez da edukazio onekoa. Mahaikideak eseri orduko dena irentsi baduzu, horiek ez dira familia on batean hezitako pertsona baten manerak. Horregatik, batez ere, saiatu naiz noiz edo noiz astiroago jaten.

Dena den, jateko orduan ditugun manerei buruz hitz egiten badugu, askoz txarragoa iruditzen zaizkit mahaikideak eseri orduko dena irensten dutenak, dena, hau da berena eta gurea jaten dutenak, besteok ezer gabe uzten gaituztenak. Beraz, kasu horietan ez egin inori kasurik eta jan azkar.

Nola jaten duzue? Zer manera iruditzen zaizkizue txarrak jateko orduan?

2015/04/17

LORE-BEGIEN GARAIA

Udaberria dugu. Udaberriak odola berotzen du. Dena berotzen du. Eta egia esanda, bero hori eskertzen da. Neguko hotza atzean utzita, alaiago gaude aurrean dugun beroaz gozatzen.

Inguruan dauzkagun lore-begiak loratzen dira udaberrian eta beren onena ematen digute. Beren urteko unerik ederrenean daude, dena emateko prest.  Pentsatzen nuen baino lore-begi gehiago daudela konturatu naiz, inoiz baino gehiago, txoko guztietan bat,  gutxienez. Ez dakit klima-aldaketagatik den edo zergatik, baina Euskal Herrian gero eta lore-begi gehiago eta mota gehiago ditugulako susmoa dut.

Plazera da kaleratzea eta argia ikustea. Neguko kobazulotik kanporatu eta naturan bertan egon. Argia, koloreak eta usaina … usaina … eta askotan kiratsa. Neguko lore-begi kirasdunak loratzen dira udaberrian eta beren onena ematen ez badute ere (udarako uzten dute), perretxiko moduan ugaltzen dira. 

Udaberrian kaleratzea eta argia ikustea plazera bada, handiagoa da plazera usaina gozoa denetan.

Batzuk dira nire inguruan dabiltzan lore-begi kirasdunak eta identifikatuta ditut dagoeneko. Ikusi eta berehala egiten dut ospa. Ezin ditut jasan eta ezin diet ulertu. Ziur nago haiek ez direla konturatzen eta kiratsa guri darigula pentsatzen dutela. Ez dakit horregatik edo potro faltagatik den, baina inor ez da haiei ezer esatera ausartzen eta istorio honetan, beste batzuetan bezala, ez dut esango diedan lehenengoa izan nahi. 

 Zer deritzezue lore-begi kirasdunei? Zein da arrazoia jendea hain zikina izateko? Ezagutzen duzue lore-begi kirasdunik?  Zer egin beharko genuke? Zuzenean esan, zeharka esan edo ezer ez esan?