TRESNAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
TRESNAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2012/12/05

KLIK ETA KLIK


Udaro begiak urratuta eta hatz erakuslean min handia izaten dut. Ez naiz, horitu gabe, udan japoniar bihurtzen den bakarra. Kanpora joan eta klik eta klik egiten ematen dut eguna eta batzuetan gaua. Ikusten dudan guztia gorde nahi dut, nire disko gogorrean lekurik egongo ez balitz bezala. Den-dena istant batean harrapatu eta gorde egin nahi dut betiko. 

Orain egiten dut hori, lehen leku askotara joan eta ez nuen argazki bat ere ateratzen. Ez nuen gogoko eta momentua disfrutatu behar nuela uste nuen, sentsazio guztiak sentsu guztiekin eta ez argazki makinaren objektibotik. Baina, argazki-makina digitalak asmatu zituztenetik dena oso desberdina da. Kamara bat lepoan eta beste txikitxo bat gerriko aldean, horrela ateratzen naiz hoteletik. 

Lehen barre egiten nien argazkiak egiten postura arraroak hartzen zituztenei eta orain neu naiz lurrean etzanda plano hobea eduki nahi duen edo belauniko monumentu guztiak adoratzen dituen lehenengoa. Ez dut ulertzen, baina egia da. Makina batek aldatu egin nau, ez naiz lehengoa.

Eta zuek, makina batek aldatu zaituzte? Zein? Zergatik?

TEKNO-MORROIAK


Itzelak gara gizakiok. Edozerk egin gaitzake morroi. Oso erraz moldatzen gara egoera berrietara eta are errazago egoera berri hauek eskura jartzen dizkiguten aurrerapen teknologikoetara.

Duela ez asko inoiz eskuko telefonorik erabiliko ez zutenak egon baziren ere; egun, desagerturik daude, teknologiek akabatutako “espeziea” dira. Eskuko telefonoa gure lagunik onena bihurtu dugu, gure sekretuak dakizkien bakarra, gure bizitza osoa dakien laguna eta sekula traiziorik egingo ez diguna.

Duela ez asko metroko, autobuseko bidaietan egunkaria irakurtzen genuen, ondokoarekin hitz batzuk izaten genituen; egun, berriz, gure eskuko telefonoarentzako begirik besterik ez dugu. Maitasunez begiratzen dugu, gozotasunez laztantzen dugu eta, behar ez dugunean, kontu handiz sartzen dugu poltsan, bere diseinuzko oskoltxo horren barruan, ezer larririk gerta ez dakion.

Duela ez asko bagenekien teknologiarik gabe bizitzen, bagenekien besteekin denbora konpartitzen, bagenekien zertaz hitz egin, bagenekien lagunak egiten; gaur, ostera, teknologiak egiten dizkigu gauza hauek guztiak, morroiek bezala. Baina kasu honetan morroiek agintzen dute, ez jabeek. 

Teknologiaren morroiak gara? Jakingo genuke tresna teknologikorik gabe bizitzen? Zergatik?