EDARIAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
EDARIAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/05/25

72. EGUNA: TOPA DEZAGUN!!!

Konfinamendua baino lehen inoiz ez nuen etxean alkoholik edaten. Ez dakit zergatik, baina bakarrik edaten nuen kalean. Alkohola banuen, batez ere, etxera bisitan etortzen zirenak gonbidatzeko. Haiei edari desberdinak eskaintzen nizkien, baina nik dastatu ere ez nuen egiten. Jatorduetan ura baino ez nuen edaten, Gabonetan izan ezik.

Baina itxialdia hasi zenean, gauetan, lana amaitu eta afaldu ostean, hasi nintzen kopatxo bat edaten. Etxean nituen alkoholdun botilen artean begiratu nuen eta ardo gozo botila batzuk aurkitu nituen eta, aitortu behar dut, egun batzuetan ardotxo bat baino gehiago edan nuela. Dagoeneko bi aldiz eskatu behar izan dut Internet bidez kutxa bat eta, ez dakit zergatik, harrez geroztik oso ondo egin dut lo, inoiz baino hobeto.

Dena den, kalean edan nahiago dut, kalean bertan, ez terraza batean. Kalean zutik lagunekin hizketan. Pandemia baino lehen, kalean ardotxo bat edo garagardo bat edatea zen nire plazer txikia. Horregatik itxialdi honetako lehenengo egunetan faltan bota nuen, baina gaur egun nire plazer txikia gauetan ardo gozo bat edo batzuk hartzea da, etxean hartzea, eta, ondoren, ondo lo egitea.

Zein da pandemia honetan aurkitu duzuen plazera? Kalean ala tabernan nahiago duzue edan? Zein da gogokoen duzuen taberna? Zergatik?

2020/05/15

62. EGUNA: BALKOIKO ZELATARIA

Nola da posible batzuk horrelakoak izatea?
Bi hilabete daramat etxetik atera gabe; denok bezala, jakina, birusak egoera berezi honetan egotera behartu baikaitu. Oraindik ere, oso kontu gutxitarako atera ahal gara kalera: erosketa batzuk egiteko, lanera joateko, botikara joateko e.a… Aste honetatik aurrera, zorionez, aukera dugu terraza batean garagardo bat hartzeko aspaldi ikusten ez ditugun lagunekin.


Zenbat arazo terraza bat aurkitzeko!! Taberna itxita ez badago, jendez gainezka dago; eta beti erlojuaren kontra. Jakina, tranparik egiten ez badugu. Horretan, neure auzokoa trebea da oso. Txakurra duenez, nahi duenean ateratzen da kalera. “Gaur kafetxo bat hartzera joan naiz eta gero, marianito bat hartu dut”. “Goizeko 9:00etan marianito bat?” galdetu diot nik (zer inuzentea naizen!!). “Ez, gizon!!, txakurra dudanez, nahi dudanean ateratzen naiz”. Zer majoa zaren! – pentsatu dut nik–.

Beraz, ni taberna bat aurkitu ezinik eta nire auzokoa ezer gertatuko ez balitz bezala, nahi duenean kafea, marianitoa edo nahi duena hartzen.

Hau niri bakarrik gertatzen zait? Zure inguruan jendeak arauak errespetatzen ditu? Txakurren jabeek, oro har, errepestatzen dituzte? Nik ez dut auzokoa salatu, baina zuk salatuko zenuke? Zer egin?

2020/04/03

20. EGUNA: OSTIRALA, AZKENEKO EGUNA…

Gaur ostirala!!!!!!!!!!!!! Duela ez asko esaldi hau musika bezalakoa zen! Aste osoa egun honen zain, whatssapean ostirala zela esaten zuen hainbat mezu, aurpegi alaiak edonon, jendea pintxo-potea egiten, sekulako giroa kalean, kuadrilla…. Gure kasuan, lana bukatu ostean ardotxo bat hartzera joaten ginen lankide batzuk, aspaldi hartutako ohiturari jarraiki. Ai, zelako garaiak haiek!!!!!!!
 
Zoritxarrez, konfinamendu honetan egun guztiak dira berdinak, klonak dira, ez dago ostiralik, ez dago pintxo-poterik, ez dago girorik kalean, ez dago ezer,… bueno bai, zortzietan txaloak jotzera ateratzeko ordua.
Baina, egoeratara ohitzeko gai garenez, pentsatu dut lankideei ohitura hori berreskuratzeko esatea eta orain oso ohikoa den bideo-dei horretako baten bidez ardotxoa edatea. Beraz, bidaliko diet mezu bat hamarretan konektatzeko eta elkarrekin ardotxoa hartzeko. Topa! Bai horixe!!!!!!!



Zer ohitura zenuten ostiraletan berrogeialdia baino lehen? Konfinamendu honetan zerbait berezirik egingo duzue ostiral honetan edo asteburuan? Ideia ona deritzozue bideo-deien bidez lagun taldea elkartzeari eta poteoa egiteari?

2014/10/24

EZ DUT BEHAR, ESKERRIK ASKO

Zanga-zanga. Badago garai bat edateko, igual dio zer edaten duzun, edatea da inportanteena. Guztiok gazteak izan gara eta guztiok une horretatik pasatu behar izan dugu. Laster ala berandu, baina guztiok edan dugu, debekatu baino lehen, azkeneko eguna izango balitz bezala.

Gaztea nintzenean ez zeuden orain dauden edabeak, bueno, ez zeuden oraingo edabeak ezta pagatzeko dirurik ere. Horregatik edaten genuenean, ahalik eta azkarren mozkortzeko, kolore desberdinetako ardoak, garagardoa eta apaizek edaten zuten likore moduko zerbait hartzen genuen, bata bestearen atzetik. Apaizen likore sakratu hori edan behar genuenerako koadrila erdia mozkortuta.
 
Heldutan hasi ginen lehenengo kubatak edaten  eta heldutan ere hasi ginen edari arraroak edaten. Ez ditut inoiz gogoko izan, baina noiz edo noiz dastatu ditut “cerebrito”-ak edo “mata-penas”-ak. Batzuetan ezin dut imajinatu nola bururatu ahal zaion horrelako edariak asmatzea planeta honetan bizi den pertsona bati. 

Etxetik kanpo egoten naizenean zuhur jokatzen dut. Ez dut edaten ezagutzen ez dudana. Nazkagarriak iruditzen zaizkit libidoa handitzeko edaten dituzten edabeak eta, sekretu bat, oraindik ez ditut behar.

Zein izan da zuek edan duzuen edaririk arraroena? Noiz hasi zineten edaten? Ba al dugu hemen edan gabe ondo pasatzeko aukerarik? Zer uste duzue?