Ez dut uste adinean
aurrera egin ahala arraroagoa naizenik. Arraroa naiz eta kito!!! Holakoa naiz
eta daukadan adinarekin gaitza dut aldatzea. Gainera, gustura nago neure
buruarekin eta, azken batean, horixe da garrantzitsuena.
Blog honetan sarritan
hitz egin dizuet jasan ezin ditudan pertsonez edo, hobeto esanda, beraiek
egiten dituzten gauzez, adibidez, astean behin dutxatzen direnez, laneko
komunean egunero ordu jakin batean kaka egiten dutenez,… Haiei bost axola,
arazoa ez da beraiena, ez. Arazoa ondoan gaudenona da, jakina.
Baina, gauza batzuk ezin
dira onartu. Bizikidetzak, guztion onurako, baditu bere arauak eta errespetatu
egin behar ditugu. Baina guk errespetatzen baditugu, besteek ere bai. Inor ez
dago horretaz salbuetsita. Denok berdinak gara. Ziur aski pentsatzen ari zarete
zergei buruz ari naizela, zergak ordaintzen ez dituztenei buruz, baina ez.
Hortzak garbitzen dituztenei buruz ari naiz.
Hortzak garbitzea ondo
dago, haginlariek egunean hiru aldiz garbitzea gomendatzen dute. Hori oso ondo
dago, baina ez dute gomendatzen hortzetako pasta konketan uztea, odolez eta
adurrez beteta. Nazka ematen dit. Ezin dut jasan.
Jendea zikina da eta, tamalez,
jendeak ez du besteengan pentsatzen. Bakarrik pentsatzen du arraroa naizela.
Zuek ere arraroak zarete? Zer ezin duzue jasan? Zer egin behar dugu horrelako kasuetan?