Agintzea erraza da. Agintzeko ez da
ezer berezirik eduki behar. Edonork agintzen du herri honetan. Edonori ematen
diote aukera agintzeko. Fabrika batean, eskola batean, denda batean eta,
zergatik ez, euskaltegi batean edonor izendatu ahal dute zuzendari eta hogeita hamahirugarren artikuluagatik egingo
dugu bere menpe gaudenok berak esandakoa.
Agintzea erraza da, baina ondo agintzea zaila
izan behar da. Boterea erabiltze horrek
duen ustezko erotikaren atzaparretan ez erortzea zaila da. Ez dakit, nik ez dut agintzen, ezta nire
etxean ere. Demokrazian jaio ez ginenok engainatuta bizi izan gara eta
erabakiak denon artean hartu behar direla sinesten dugu. Demokrazia sistemarik
onena delako pentsamenduarekin hazi ginenok ez dugu inoiz inon inor agintzen. Aginteak
jasotzeko jaioak gara.
Agintzea erreza da eta zuzendari
guztiek egiten dute. Zaila, benetan, zaila dena da langileei ondo egindakoak
txalotzea eta eskertzea. Hemengo nagusiek hau eta hau egin behar duzula esateko
ez dute problemarik, baina eskerrik asko egin duzunagatik edo lan bikaina egin
duzula esatea kosta egiten zaie. Bueno, ez, ez dute inoiz esaten.
Honetan ere txinatarrak onenak.
Hango lan-baldintzak haientzat, baina enpresa batzuetan langileak motibatzeko erabiltzen
dituzten teknikak guretzat nahi ditut. Begira bestela enpresari txinatar batek
enpresaren hogeigarren urteurrena ospatzeko egin duena: 6.400 langile eraman
ditu Txinatik Parisera eta Nizara. Hori bai dela eskertzea urte horietan
egindako lana eta ez hemen egiten dena. Euskaltegiko hogeita bosgarren
urteurrenerako boligrafodun karpeta bana eman ziguten egindakoa eskertzeko.
Espero dut hemengoek hurrengo urteurrena ospatzeko txinatarrek asmatutakoa
egitea.
Erreza da agintzea? Zer behar da ondo
agintzeko? Nolako nagusiak (izan) dituzue? Zer iruditzen zaizue enpresari
txinatar horrek egindakoa?