2021/10/22

TXIN TXIN!!! DIRUAREN HOTSA

 Askotan galdetu diot neure buruari zer sentitu behar den prezioa begiratu gabe gauzak erostean. Edozein dendatan sartu eta gustuko duzuna erosi, garestia zein merkea izan. Edonora bidaiatzeko ere kontuak egiten ibili beharrik ez, business bidaiatu, hotelik onenetara joan, suita hartu, … hori mauka hori! Kontu korrontean begiratzean digitu askoko zenbakiak ikustea, eta beste hainbeste gauza gehiago. Baina, zoritxarrez, langile xumeok garenok ezin ditugu gauza horiek egin. Gauzen prezioak ezinbestean begiratu behar ditugu hile bukaerara zenbaki gorritan heldu nahi ez badugu.

Segur aski batek baino gehiagok esango du beti esan ohi dena: diruak ez du zoriontasuna ematen. Agian bai, horrela izango da, baina diruak asko laguntzen du bizitza honetan aurrera egiteko. Eta apustu egingo nuke guztiok ikusi nahiko genituzkeela sei digitu baino luzeagoko zifra kontu korrontea begiratzean, ez al da horrela? Neu prest nengoke aberats baten bizitza egun batez edota aste batez bizitzeko, prezioak begiratu gabeko sentsazioa bizitzeko, zuek ez ala?

Gaiaren galderari erantzuna emateaz gain, beste galdera batzuk proposatzen dizkizuegu: Gustuko duzue erosketak egitea? Zein dira zuen erosteko ohiturak?

2021/10/07

AMETS BAT

Amets bat dut, bueno, amets asko ditut, baina ezagutzen nauzuenok badakizue amets bat dudala lanean. Ametsa polita bezain zaila. Agian horregatik da ametsa, betetzen zaila delako.

Hogeita hambi urte daramat lan honetan, hogeita hamabi urte amets berberarekin. Batzuetan hurbil izan dut, baina beste batzuetan urrun. Lortuko nuela pentsatzen nuenean, zapla!!!, desagertu egiten zen eta berriro beste urte bat zain.

Ez dakit erretiroa hartu aurretik lortuko dudan, horretarako ez zait asko falta eta. Baina ez dut amorerik emango eta aurten ere saiatuko naiz. Aurten ere nire ikasle guzti-guztiek gainditzea nahi dut, aurten ere espero dut ametsa betetzea.

Bestalde, bizitzan ere baditut ametsak.Txikiak eta handiak.Baina, bizitzan zoriontsua izatea da nire ametsa.

Eta zuek zer amets duzue? Zer dira ametsak zuentzat? Zein amets bete duzue?

2020/06/17

90. EGUNA: GOGOR EUTSI EGIN DIOGUNEZ, HABEmus AZTERKETA

Urriaren 1ean hasi genuen bidea bukatzear dagoen honetan ez daukagu asko esateko. Esan beharreko guztia esanda dugu eta, gainera, behin baino gehiagotan. Bakarrik espero dugu bihar-etzi, behintzat, zuek apur bat kasu egitea eta emandako aholkuei jarraitzea. Gero gerokoak!!!

Urte arraroa, berezia, desberdina,… ez dakit zer adjektibo jarri, baina uste dut ez dugula inoiz berriro horrelakorik izango. Baina ez da atzera begiratzeko momentua. Ez. Aurrean daukazuenari begiratu behar diozue eta zuen onena eman behar duzue, horretarako gogor lan egin duzue euskaltegian eta etxean.



Zorionak!!!, Pandemiari eta, batez ere, HABEri eutsi egin diezue eta ez da gutxi gaur egun bizi dugun egoera kontuan hartzen badugu.

Agurra moduko sarrera honetan kontaguzue nola egin duzuen azterketa, nolako esperientzia izan den eta… nahi duzuena.

Ondo ibili eta hurrengo batera arte!!!

2020/06/11

89. EGUNA: ETA HAUXE SUERTATZEN BADA!!!

Azterketak ate joka dugun honetan, apurka-apurka aurtengo bloga bukatu behar dugula iruditzen zaigu. Egun hauetan azterketaren gaia zein izan daitekeen komentatu dugu eta proposamenen artean oso egokia iruditzen zaigu hurrengoa:

Gabonen osteko azterketa mediku batean kolesterol maila oso altu zenuela esan zizun medikuak. Hori zela eta, gimnasio batean izena ematea erabaki zenuen. Otsailean hasi zinen eta martxoan konfinamendua hasi zen. Etxean egon zaren hilabete horiek ere kobratu egin dizkizute, etxean kirola egiteko bideo-deiak erabili dituztelako aitzakia jarriz. Zuri metodo hori ez zaizu batere gustatzen eta ez duzu ezer egin. Gimnasioko arduradunari esan diozu dirua itzultzeko, baina bere erantzuna izan da berak zerbitzua eman duela eta hori ordaindu egin behar dela. 

Etsituta kontsumitzaile-bulegora  gutuna idaztea erabaki duzu egoera kontatzeko, zenbat diru ordaindu duzun esateko eta zer egin ahal duzun diru hori berreskuratzeko galdetzeko.

Hori dela eta, blogan bertan ariketa egitea proposatzen dizuegu (ez bidali emailez) eta horrela partekatuko dituzue zuen idazlanak eta elkarrengandik zerbait ikasi ahal izango duzue. Nahiz eta blogean idatzi, zuzenduko dizkizuegu.

2020/06/10

88. EGUNA: ONDU BAIETZ

Segur aski bat baino gehiago pozik egongo da futbola berriro hasiko delako. Konfinamendu hau oso luzea egin omen zaie futbol-zaleei eta futboletik bizi diren hainbat telebista programari, munduan futbola bakarrik balego bezala. Baina orain pozik egongo dira, aste honetatik aurrera  futbol partidak nonahi eta noiznahi izango ditugu eta. 

Futbolarekin batera apustu-etxeak ere aterako dira lozorrotik eta talde baten edo beste baten aldeko apustuak egitera gonbidatuko gaituzte. Are gehiago, diru apur bat ere doan emango digute apustu egiteko. Amu ederra darabilte apustu-etxeok  inozoak sareetan harrapatzeko eta, dudarik gabe, datozen egunotan arrantza ederra izango dute.

Ez dut inoiz ulertu jendeak dirua barra-barra gastatzea ea nork sartuko duen lehenengo gola asmatzeko edo zein minututan sartuko duten fintzeko. Ez dut ulertzen apustu-etxeak edozein lekutan egotea, edonoren eskura; eta, are gutxiago telebistan edota irratian apustuak egitera gonbidatzea eta jende famatua gonbidapen hori luzatzeko prest egotea.

Zer  deritzezue apustu-etxeei? Gaixotasuna izan daiteke apustuak egitea? Badago futbola ikusi gabe bizi ezin daitekeenik, zure ustez?

2020/06/09

87. EGUNA: UDARAKO PLANA

Fasez fase ari gara atzean uzten amesgaiztoa, pandemia, eta normaltasunera bueltatzen ari gara. Ez dut uste datozen hilabeteotan erabateko normaltasuna lortuko dugunik, baina apurka-apurka ikusten da lehengo egoerara hurbiltzen ari garela, tentu handiz eta musukoa jantzita, baina hortxe dugu.

Uda ate joka dugu, egun batzuk baino ez dira falta urte sasoi horretan bete-betan sartzeko eta merezitako oporrez disfrutatu ahal izateko. Edo, zergatik ez, ikasteko aprobetxatzeko. Izango dugun uda berezi eta arraro honetan ikastea izan daiteke aukera ona, euskara ikastea izan daiteke aukera ona.

Gaur ikusi dut euskaltegiak udako ikastaroen inguruan egindako kartela eta, ondo pentsatuta, plan ezin hobea da, batez ere, hemen geratuko zaretenontzat. Hondartzarik gabe, jairik gabe,… euskara ikastea izan daiteke udako planik onena.


Baduzue udan euskara ikasteko asmorik? Inoiz ikasi duzue euskara udan? Nolako esperientzia izan zen? Beste gauzarik ikasi duzue udan? Eskola garaian udarako uzten zenuten ikasgairik?

2020/06/08

86. EGUNA: KROKODILO DUNDEE

Gaurko Teleberrian  Valladoliden krokodilo bat bilatzen ari direlako berria entzun dudanean harrituta geratu naiz. Normalean, Teleberria ikustean deskonektatu egiten dut, berri gehienak pandemiari buruzkoak baitira. Horregatik, krokodilo hitza entzun dudanean ametsetan ote nengoen pentsatu dut.

Ez dakite nola, baina Niloko krokodilo bat dabil Valladolideko ibaiko uretan. Niloko krokodiloa? Nola heldu da horraino? Halako gauzak film amerikarretan bakarrik pasatzen zirela uste nuen. Badakizue, lagun taldea asteburu pasa joan aintzira ondoko etxola batera eta bertan krokodilo erraldoia edo azkar baino azkarragoa den marrazoa, edo bestelako piztiaren bat. 

Baina gaur entzun dudana ez da filma izan, benetakoa izan da. Askotan entzun dugu batzuei animalia exotikoei izatea gustatzen zaiela, baina gauza bat da nork bere etxean edukitzea eta beste gauza bat animalia hori guztiekin partekatzea. Handiegi egin da etxeko bainuontzian izateko ala? 

Espero dut animalia aurkitzea, jakina! Baina are gehiago animalia horra bota duena harrapatzea eta merezi duen zigorra jartzea. Covid 19a gutxi bazen, orain uretara sartzen garen bakoitzean nor aurkituko ote dugun pentsatu beharko dugu?

Nola uste duzue heldu dela krokodiloa uretara? Zer zigor merezi du uretara bota duenak? Zilegi da animalia exotikoak etxean izatea? Izango zenukete?