Ergela edo masokista naiz, edo gauza biak, ez dakit. Whatsapp talde batean komentatu zuten filma ikusi nuen atzo, “Contagio” filma. Eta ez dakit ikusi nuena filma zen edo egun hauetan sufritzen ari garena. Zenbait gauza igual-igualak ziren eta, amerikanoen gauzak kenduta, gure hiria izan zitekeen, gure
Koronabirusa izan zitekeen. Protagonistak ere geu izan gintezkeen. Eta birusa sortzeko modua, konspirazioak alde batera utzita, birus kabroi honen modukoa izan zitekeen. Sarritan errealitateak gainditzen du fikzioa, baina espero dut kasu honetan bukaera desberdina izatea.
Ikusi nuenean ez nintzen beldur izan, ez naiz oso ausarta, baina une hartan ez nintzen izutu; pelikula amaitu ostean, ordea, bai. Telebistako albisteak ikusi nituenean ikaratu egin nintzen eta ez nekien ikusten ari nintzena filmaren jarraipena zen.
Gaur ez dakit zer ikusiko dudan. Film hori bilatu nuenean “Virus” pelikula aurkitu nuen eta balorazioetan zioten daukagun pandemia aurreikusi zuen pelikula zela. Ez dut ikusteko gogo handirik, atzokoarekin nahikoa izan dut. Horregatik, gaurko sarreran eskatzen dizuegu konfinamendua pasatzeko film bat gomendatzea eta zergatia azaltzea. Posible balitz, gomendatu daukagun egoera ahazteko filmen bat.