Opor garaia da Aste Santua. Lehen zuen zentzu erlijiosoa
galdu bide du eta mezatara joan beharrean hondartzara edo mendira joateko
aitzakia ezin hobea dugu orain. Otoitzak elizako bazter batean utzita, toalla
hartuta hondartzara edo bota goretexdunak jantzita bideari ekin, igual, Aste
Santua izanik, Santiagorako bideari.
Erabat aldatu da Aste Santua, erabat aldatu dugu. Lehen
hemen geratzen ginen, gero herrira joaten ginen, beranduago Espainian zehar
bidaiatzen genuen garaiko prozesioak ikusten eta orain, hegazkin bat hartuta,
edonora joaten gara. Ez dago desberdintasunik Aste Santuko eta udako oporren
artean, iraupenean ez bada.
Berezia da beti opor garaia, batez ere, kanpoan
gaudenean. Beste herrialde batean egoteak badu zerbait, aldatzen gaituen
zerbait, bertakoa egiten gaituen zerbait. Edonon egonda hangoa egiten saiatzen
gara, natiboak baino natiboagoak izango bagina bezala, sarritan barregarri
geratu arren.
Oso sentsazio arraroa da gu oporretan egondako leku bat
film batean ikustea. Eszena ikusi eta han egon garela esaten dugu berehala.
Film horretako parte sentitzen gara. Baina berezia bezain barregarria da film
batean ikusi genuena egitea bertan gaudenean.

Arraroa bezain barregarria da Filadelfian egonda, Rocky
Balboak korrika batean igotzen zituen eskailerak igotzea eta gora helduta
besoak altxatzea. Eskerrak eskailera gutxi direla, bestela ez dakit nik … Eskailerak
ikusi eta barruko indar batek bultzatzen du jendea eskailerak igotzera.
Bertan nengoela, neure burua kontrolatu nuen. Eskailerak
igo nituen, banan banan, baina korrika ez. Ez nuen barregarri geratu nahi.
Goian nengoela, besoak ez altxatzeko, eskuak patriketan eta listo. Ez nintzen frikia
izan, beti bezala, pertsona zentzuduna
eta logikoa. Baina onartu behar dut eskailerak igotzen ari nintzela TARI, TARA … entzuten nuela nire barnean.
Holakorik ikusi duzue inoiz, hau da, oporretan jendea egiten
filmetako edo telesailetako eszena xelebreenak? Eta zuek egin duzue inoiz
halakorik? Zer uste duzue Aste Santuak duen zentzu berriaz? Ikusi duzue inon
Aste Santua ospatzeko modu berezirik? Non? Nolakoa zen?