Orain esaten dute, konfinamendua dela kausa, etxea aurkitu dugula, oso
gustura egon garela eta, ondorioz,
hemendik aurrera denbora gehiago emango dugula bertan. Ez dakit nik. Egia da
inoiz baino hobeto sentitu naizela etxean; aurkitu ez, baina babestuta eta
seguru sentitu naiz. Etxean pasatutako hilabeteak, asteak eta egunak luzeak
izan diren arren, ateratzeko unean ez dut sentitu amesten nuen sentsazioa eta orain,
normal-normal atera ahal garenean, sarritan ez dut kalera ateratzeko gogorik.
Kalezalea, oso kalezalea izan naiz txikitatik. Kalea nire bigarren etxea
izan da beti, baina lehenengo etxea pandemia pasatu dudan lau hormek osatzen
dutena da. Eta ez dakit hemendik aurrera denbora gehiago emango dudan bertan.
Denborak esango du. Baina badakit, den-dena normalizatzen denean, kalea berriro
nire bigarren etxea izango dela.
Pandemiari esker aurkitu duzue etxea ala kokotaraino
zaudete etxean egoteaz? Zergatik? Amesten zenuten etxean bizi zarete? Beste
leku batean biziko bazinete, non bizi nahiko zenukete?
