Animaliak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Animaliak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/03/07

NIRE LORATEGIKO LOREA

Zer edo zer berezia behar da etxean landareak izateko. Askok etxea ez dela lekurik egokiena diote, baina ez dut uste, nire kasuan, hori arrazoia izango denik. Interes osoa jartzen dut eta mimatu egiten ditut, baina ez dut lortzen. Noizbait hitz egin diet edo musika jarri, baina agian ez dute gogoko jarri diedan musika.

Landareek, oro har, bizitasuna edo alaitasuna ematen diote etxeari eta urtean zehar izaten dituzten aldaketak ikustea berezia da, batez ere, bonsaien kasuan. Benetan ikusgarriak dira zuhaitz txiki horiek urtaroaren arabera dauzkaten aldakatetak. Zuhaitz handiek bezalaxe izaten dituzte beren zikloak eta naturaren pausuak jarraitu behar dituzte. Etxean bonsai bat duzunean, naturaren zati bat duzu.

Azken urteotan ez dakit zenbat bonsai erosi edo oparitu didaten. Zaila da, bueno, arte bat da bizirik mantentzea. Oso delikatuak dira. Beharbada animaliak baino delikatuagoak, eta hiltzen direnean sentitzen duzun pena berbera da. Baina bizirik dauden bitartean gozatu ahal ditugu txakurra, txoria edo katuarekin gozatzen dugun bezalaxe.

Baduzue landarerik etxean? Nola zaintzen dituzue? Zer da inportanteena bizirik mantentzeko? Landareak animaliak bezalakoak dira?

2020/06/08

86. EGUNA: KROKODILO DUNDEE

Gaurko Teleberrian  Valladoliden krokodilo bat bilatzen ari direlako berria entzun dudanean harrituta geratu naiz. Normalean, Teleberria ikustean deskonektatu egiten dut, berri gehienak pandemiari buruzkoak baitira. Horregatik, krokodilo hitza entzun dudanean ametsetan ote nengoen pentsatu dut.

Ez dakite nola, baina Niloko krokodilo bat dabil Valladolideko ibaiko uretan. Niloko krokodiloa? Nola heldu da horraino? Halako gauzak film amerikarretan bakarrik pasatzen zirela uste nuen. Badakizue, lagun taldea asteburu pasa joan aintzira ondoko etxola batera eta bertan krokodilo erraldoia edo azkar baino azkarragoa den marrazoa, edo bestelako piztiaren bat. 

Baina gaur entzun dudana ez da filma izan, benetakoa izan da. Askotan entzun dugu batzuei animalia exotikoei izatea gustatzen zaiela, baina gauza bat da nork bere etxean edukitzea eta beste gauza bat animalia hori guztiekin partekatzea. Handiegi egin da etxeko bainuontzian izateko ala? 

Espero dut animalia aurkitzea, jakina! Baina are gehiago animalia horra bota duena harrapatzea eta merezi duen zigorra jartzea. Covid 19a gutxi bazen, orain uretara sartzen garen bakoitzean nor aurkituko ote dugun pentsatu beharko dugu?

Nola uste duzue heldu dela krokodiloa uretara? Zer zigor merezi du uretara bota duenak? Zilegi da animalia exotikoak etxean izatea? Izango zenukete?

2017/02/17

LEIALAK ETA POLITAK

Gero eta gutxiago gustatzen zaizkit txakurrak. Animalia politak eta leialak dira. Gure lagunik onenak omen dira baina, esan bezala, gero eta gutxiago gustatzen zaizkit.

Ulertu ahal dut animalia hauek maite izatea, baina ez dut ulertzen animalia hauek pertsonak bezala maite izatea. Ezin dut txakurra bikotekidea maite dudan bezala maite. Eta, are gehiago, ezin dut ulertu  txakurra inguruko pertsonak baino gehiago maite izatea. Ez. Ez da posible. Animaliak animaliak dira eta pertsonak pertsonak.

Horregatik ez dut ulertzen nola tratatzen dituzten zenbait pertsonak bere maskotak pertsonak izango balira bezala. Jantzi, “ile-apaindegira” eraman, musuak muturrean eman... gauza hauek pertsonok egiten ditugun gauzak dira eta, animaliak horrela tratatzea, ez dakit “tratu txartzat” hartu dezakegun.

Zer deritzozue animaliei horrelako tratua emateari? Ezagutzen al duzue bere maskotari tratu berezia ematen dionik? Nolakoa da tratua?

2013/11/22

TXIMINOEN ARTEAN

Behin Cabarcenoko zooan nengoela “El planeta de los simios” filma etorri zitzaidan burura. Une batez neure burua irudikatu nuen tximino haien menpe eta pentsatze hutsak izutu egin ninduen.Benetan pena ematen zuten filmeko gizaki haiek kaioletan sartuta, preso.

Egia esan, animalia ez izateak poztu egin ninduen. Gatibu zeudenak haiek izateak eta ez ni, gizakion botereaz jabearazi ninduen. Zenbateko boterea gurea, edozein lekutako animaliak, edozein tamainatakoak, edozein espezietakoak …. leku  berean sartzeko eta guk nahi dugun guztietan ikuskizun izateko.

Berdin digu aske bizi beharko luketen horien bizitza hondatzeak, haien instintua desagerrarazteak, bertara egokitze-prozesua ez gainditzeak … gure edozein jai egunetako plana izaten jarraitzen badute.

Azken finean gizakiok gara izaki arrazional bakarrak eta tximinoak munduaren jabe izatea zinemako pantailetan bakarrik gertatzen da.

Debekatu behar dira zirkoak edo zooak bezalako ikuskizunak? Zergatik?

2013/04/26

MASKOTAK ETXEAN

Irene eta Juan Carlos ikasleek egindako sarrera.

Orain dela lau urte gaixorik egon nintzen.Ez neukan kalera ateratzeko gogorik, deprimituta bainengoen, orduan, nire gurasoek maskota bat oparitzea erabaki zuten . Honek behartu ninduen kalera ateratzera eta apurka apurka depresioa desagertu zen. Gainera, jende asko ezagutu nuen berarekin paseatu bitartean.

Gaur egun, etxera heltzen naizenean bera itxaroten ari da oso pozik, bere buztana mugituz. Inoiz ez dago haserre eta ez dauka egun txarrik.

Benetan, nire kasuan, txakurra gizakion lagun onena da.

Badaukazue maskotarik etxean? Eduki nahiko zenukete? Konta iezaguzue animalia batekin gertatutako pasadizoren bat.

FAMILIAKO BESTE BAT

Marisa, Jose eta Izaskun ikasleek egindako sarrera.

Lehen txakurrak etxea gordetzeko erabiltzen zituzten eta katuak saguak harrapatzeko.Orain soinekoak eta bitxiak jartzen dizkiete maskotei. Ile-apaindegira eramaten dituzte eta masajeak ematen dizkiete.Oporretan joaten direnean, maskotentzako hotel batera eramaten dituzte eta oso ondo zaintzen dituzte. Jabeei ez zaie diru asko gastatzea inporta, bere maskotak errege bat bezala egoteko.

Gure etxean maskotak dauzkagu baina tontakeriarik gabe, ez dira ez umeak, ez pertsonak eta txarto hezten badituzu, haiek jaun eta jabe izango dira.

Uste duzue animaliak familiako beste kide bat direla? Zer iruditzen zaizue animaliak pertsonak bezala tratatzea?

2013/04/12

ANIMALIA IZAN NINTZENEKO EGUNA

Animaliak maite ditut. Eta ez bakarrik nire espezieko beste sexukoak, animaliak oro har. Haiek maite ditut eta beraiek maite naute. Oso harreman onak ditut animalia guztiekin eta, ziur nago, euskara irakaslea izan ez banintz albaiteroa izango nintzatekeen. Animaliak zaindu, mimatu eta ikustea dira nire pasio sekretuak.

Baina, … Gaztea ere izan nintzen eta garai hartan animaliei egindako barrabaskeria batez edo bestez damututa nago, batez ere, herriko jai batean egindako batez.
Jaiak herrian eta kaleko saltzaileak plazako txoko guztietan. Merkatu handia zen herriko plaza jai egunetan. Kanpotik ekarritako azken gauzak, tramankulurik arraroenak eta, nola ez, animaliaren bat. Guztiak salgai. 

Urte hartan kolorezko txitak zeuden modan. Koadrilako guztiok bana erosi, sokatxo bat jarri eta egun hartan herriko kaleetatik ibili ginen paseoan. Gauean, alkohola soberan (zentzu guztietan) eta txitei eman. Kalimotxoa animaliei guri baino gehiago gustatu eta zurrupa eta zurrupa ibili ziren ordu txikitan etxera heldu arte.
Biharamunean, etxeko pasilloaren azken puntan hankaz gora txita. Begiak itxita. Ikusi nuenean txarrena pentsatu nuen, baina ez. Aurreko eguneko ajea baino ez zen. 

Mimo handiz jaso lurretik, umeentzako xaboiez garbitu, ilea sikatzeko aparatua minimoan jarri eta gozotasunez nik egindako ohetxo batean laga nuen deskantsatzeko. Egun hartan orduro joan nintzen nire logelara nola zegoen ikustera eta prestatu nion salda jaten ematera.

Hurrengo goizean, esnatu nintzenean, hortxe zegoen bizirik eta panpox nire alboan ohean.
Gehienok animaliak maite ditugu, baina ziur aski, nire kasuan bezala, zuek ere baduzue zer aitortu, ezta? Konta iezaguzue umetan edo gaztetan animaliei egindako aldrebeskeriaren bat, lagun batek egindakoa edo herrian ohikoa den bat.

ZOO LOGIKOA

Pentsatu duzue inoiz nola egongo ginatekeen gure habitata ez den lekuan gatibu bizi  beharko bagenu? Eta hor lurrean dauden gizaki mota ezberdin guztiak egongo bagina? Beltzak, zuriak, asiarrak, indiarrak … Adinekoak,  helduak, gazteak, umeak … Lodiak, argalak, altuak, baxuak, politak, itsusiak … Denak parke natural batean, bakoitza bere kideekin eta bakoitza bere kaiolan giltzapeturik.

Segur aski inori ez zaio hau inoiz burutik pasatu, baina hausnarketatxo bat egingo bagenu agian ulertu genituzke parke naturaletan, hobeto esanda,  zooetan dauden animaliak. Libre eta munduaren beste alde batean bizi beharko liratekeen animaliak hortxe daude, preso gizakiak inposatutako esparruan.

Askoren ustez, zooetan egotea da espezie batzuek bizirik irauteko modu bakarra, berauek desagertzerik nahi ez bada. Baliteke arrazoia izatea, baina hau balitz arrazoia zergatik dituzte ikuskizun? Zertara joaten gara halako parkeetara? Beste era batez inoiz ikusiko ez genituzkeen animaliak ikustera , akaso.

Behin egon naiz halako parke natural batean, eta dudan oroitzapena ez da nik nahiko nukeen bezain ona. Baina, beti bezala, bakoitzak atera ditzala ondorioak eta egin beza zuzen deritzona.

Eta zuek zer uste duzue zooei buruz?

2012/03/09

ANIMALIAK PASEOAN

Goizero ikusten ditut betiko auzokoak txakurrekin paseatzen eta askotan gogoratzen naiz ume koskorra nintzela neuk ere txakur bat eskatzen niela etxekoei. Urteak eman nituen txakur bat nahi nuela esaten, nota bikainak ateratzen nituen, etxean ondo baino hobeto portatzen nintzen, eguneroko mandatuak egiteko beti boluntario agertzen nintzen … , baina alferrik, etxekoek ez zuten amore eman eta ni txakurrik gabe geratu nintzen.

Amak askotan esaten zuen txakur bat edo edozein animalia edukitzeak ardura handia eskatzen zuela eta gero ardura horiek berarentzat izango zirela. Nahiko temati aritu nintzen konbentzitu nahian, ardura hori neuk hartuko nuela esaten nion, egunero zainduko nuela eta txakurra oso ondo egongo zela nirekin, baina amak, ni baino tematiagoa denez, ez zuen etsi. Beraz, txakurrik gabe geratu nintzen eta oraindik txakurra duten umeak ikusten ditudanean inbidia dut. Nire ustez, ona izan daiteke umeei animalia bat zaintzearen ardura ematea, nik neuk etorkizunean nire seme-alabei txakur bat erosteko asmoa badut.

Zuek izan zenuten animaliarik txikitan? Zein? Ume bat kapaz da animalia bat ondo zaintzeko?

AHAZTU EZIN DENA

Duela gutxi familia batek bere txakurra auto barruan ahaztu zuen, leiho guztiak itxita. Arduragabekeria honen ondorioz, txakurra hil egin zen, itota. Txakurrak azken hatsa eman bitartean familia IKEAn erosketak egiten ari zen, imajinatu gabe txakurraren egoera eta are gutxiago haren oinazea. Autora bueltatzean hasi ziren aieneak eta penak, familiak ezin zuen sinetsi gertatutakoa ezta txakurra hilda zegoela ere.

Tamalez, hau ez da txarto bukatu duen lehen ahazte kasua izan eta seguruenik ez da azkena izango. Orain arte, egon egon dira halakoak eta beronetan auto barruan ahaztu dutena ez da animalia izan, baizik eta umeak.Niri neuri zaila egiten zait halakoak ulertzea, hots, umea edota txakurra auto barruan geuk sartu dugula ahaztea, umeak txikiegiak baitira bakarrik sartzeko eta txakurrek norbaitek atea zabaltzea behar baitute, oraindik “Pantxo” bezalako txakurrik ez dago eta.

Hala ere, badago honi azalpenik aurkitzen dionik. Gizarte erritmo honetara egokitzeak ahalegin handia eskatzen digu, zenbaitetan egunaren 24 orduak ez dira nahikoak eginbeharreko guztiak egiteko, eta presio hau omen da halako deskuiduak eginarazten dizkiguna, heriotza bat deskuidua dei badaiteke. Halaber,egia da, nahi izanez gero, dena justifika dezakegula, baina seguru nago familia hauek behin baino gehiagotan damutu direla zorioneko deskuiduaz, norberaren umea, edo sarreran aipatutako kasuan txakurra, norberak egindako deskuiduaren ondorioz hil dela jakinda bizitzea oso gogorra izan behar baita.

Zer uste duzue? Badute justifikaziorik halako kasuek? Nahiko zigorra da heriotza horrekin bizitzen jarraitzea?