OSASUNA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
OSASUNA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2019/01/25

AZAK ETA PORRUEK, NIRE TRIPAREN ORRUEK

Perretxikoak bezala, horrelaxe ari dira sortzen fruta-dendak gure herrian. Egia esanda, ez nuen pentsatzen hainbeste gustatzen zaigunik barazkiak eta frutak jatea. Uste nuen hemen nahiago genituela txuletoia, patatak eta piperrak.

Mundu moderno honetan osasuntsu jatea modan jarri da. Guztiok bizitzako pasarelatik dotore-dotore, argal-argal desfilatu nahi dugu eta, horretarako, ez dago beste modurik: barazkiak jan behar dira. Edo hori uste dute batzuek.

Niri gustatu, batzuk gustatzen zaizkit; baina onartu behar dut jaten ditudan egunetan bazkaritik ordu batera berriro gose naizela eta gosea kentzeko … txuletoia jan nahi dudala.

Zer iruditzen zaizue herrian hainbeste fruta-denda egotea? Osasuntsu jaten duzue? Zer jaten duzue gose handia  zaretenean?

2018/10/19

MEDIKUARI ETA APAIZARI EGIA BETI


Zer erraza den orain medikuaren kontsultan hitzordua hartzea. Nahi edo ahal duzun egunean, ondo datorkizun orduan, klik bat egin eta listo. Di-da batean baduzu konfirmazioa zeure epostan.
Arazoa da aurrez aurreko kontsultara zoazenean. Hor, zoritxarrez, ez da gauza handirik aldatu. Ez zaituzte inoiz zeuk aukeratutako orduan artatzen. Batzuetan orduak ere eman behar dituzu bertan eta, kexu bazara, berehala ematen dizute erantzuna: behar baino bezero gehiago omen dute.

Eta kontsulta barruan zaudenean, askotan, sudoku zailenak baino ahalegin gehiago eskatzen dizu medikuaren diagnostikoa ulertzeak. Bere terminologia horretan murgildu egiten dira, kontuan izan gabe aurrean duten herritar xumeak ez duela medizina karrera egin eta, beraz, ez dakiela hitz horien esanahia.

Espero dezagun etorkizun hurbilean klik horrekin batera hiztegitxo bat ere ematea, medikuari ondo ulertzeko eta, bide batez, itxarongelan pasatu behar dugun denbora zerbaitetan emateko.

Horrelakorik gertatu zaizue? Denbora luzeegi itxaron behar izaten duzue? Zer-nolako tratua duzue medikuarekin? Esaten dizuna ulertzen diozu?

2014/10/10

TXAKUR BAT BAINO GEHIAGO

Excalibur ez da  Arturo erregearen ezpata, ez. Madrilen sakrifikatu duten txakur hori da Excalibur. Kondairak dio Arturo erregeak, hiltzear zegoelarik, Perseval zaldunari Excalibur ezpata laku batera botatzeko agindu ziola, betiko desagertzeko. Excalibur txakurra, bere jabea ospitalean ébolak jota zegoelarik, agintariek sutara botatzeko agindu dute, hau ere betiko desagertzeko.

Ébolak eragindako azken biktima izan da Excalibur. Lehenengoak pertsonak izan ziren, baina oraingo honetan lau hankadun maskota. Ez dakit txakurrarenak edo bi misiolarien heriotzak izan duen inpaktu handiagoa hedabideetan, baina leku guztietan mundu guztia ari da hitz egiten Excalibur gizajoari gertatutakoaz.

Koarentenan jartzea, laborategian antidotoa aurkitzeko erabiltzea, … ala bake santuan uztea. Aukera batzuk zeuden eta akabatzea erabaki zuten. Denborak esango digu asmatu duten edo Excalibur txakurra legenda izango den.

Zer uste duzue horretaz? Asmatu dute agintariek hartutako erabakiarekin? Bazuen txakurrak bizitzeko eskubiderik?
Oharra: argazkia Ana Pik egindakoa.