BIDAIAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
BIDAIAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/04/24

41. EGUNA: UDAKO OPOR EZOHIKOAK

Orain Aste Santuko oporrak bukatuta, udako oporrak izan beharko genituzke buruan eta, zenbait kasutan, hartuta ere bai. Birus honek hainbat ilusio eta plan hondatu dizkigu dagoeneko eta, batek daki, hemendik aurrera gehiago ere ez ote dizkigun hondatuko.

Egia esan, patuaren gauzak edo, aurten oraindik ez genuen erabakita nora joan udan eta, behintzat, gure kasuan hori ez da oso normala. Urtero, udan, bidaia luzeak egitea dugu gustuko. Urte osoan lanean eman ondoren, geure buruari nolabaiteko saria eman nahi diogu eta aurrezki guztiak bidaiarako izaten dira. Normalean, urrutiko lekura joateko bidaiak direnez eta data zehatzetan joan ahal garenez, konfiantzazko bidaia agentziara joaten gara. Horregatik, otsaila aldera badugu bidaia hartuta eta horrela dauden deskontuak baliatu ahal ditugu bidaia merkeago ateratzeko. 

Baina, esan bezala, aurten ez genuen ezer erabakita, bagenituen leku batzuk buruan, baina argi ezer ez, eta, egia badiotsuet, izugarri pozten naiz, horrela ez dugu desilusiorik izango, beno desilusioa baino, sekulako haserrealdia esango nuke.
 

Ez dakit noiz bidaiatu ahal izango dugun beldurrik gabe eta lehen genuen ilusioz, baina gu hasiko gara destinoren bat aukeratzen. Behintzat, hori eginez arinago pasako ditugu egun luze hauek. Ametsak izatea ez dago gaizki, ezta?

Bazenuten aurtengo udarako bidaiarik? Noiz bidaiatu ahal izango dugu beldurrik gabe? Zein bidaia egin nahiko zenukete amesgaizto hau amaitzen denean?

2018/10/01

OPORRETAKO POSTALA

Pribilegiatua naiz. Askok eta askok egin ezin izan dituzten bidaiak egin ahal izan ditut. Txikitan ametsetan bisitatzen ditugun lekuak bisitatu egin ditut, eta, oraindik herrialde batzuk ezagutzen ez baditut ere, badakit laster ala berandu hara joango naizela.

Zaila da esaten zein den zirrara handiena egin didan lekua. Mundua handia da eta edozein lekutako txoko batean aurkitu ahal dugu ahoa bete hortz utzi ahal gaituen zerbait edo norbait. Ez da beharrezkoa lekutara joatera, Kotxintxinara joatea. Hemendik ez oso urrun baditugu leku politak, ohitura ikaragarriak, janari ezin gozoagoak,,, eta jende jatorra eta berezia.

Baina, bisitatutako lekuen artean bat aukeratu behar izango banu, Txina izango litzateke. Zeruko Tenpluarena izango litzateke bidaliko nukeen postalaren argazkia, Zerua urdina eta zerupean tenplua.

Ikastaro berri honetako lehenengo sarreran nahi dugu zuek bisitatutako lekuen artean zirrara handiena egin dizuena zein izan zen, zergatik eta zein izango litzatekeen bidaliko zeniguketen postala konpartitzea.

2016/11/18

ILARGIRAKO TXARTELAK

Asteleheneko gaua ilargira begira eman nuen. Gau osoa begira. Gaztetan bezala, balkoian manta bat gainean egiten zuen hotzetik babesteko, zigarro bat esku batean  eta bestean nire garagardo gustukoena. Begira eta begira.

Ilargi betea izan genuen. Oso hurbil. Hortxe zegoen bera, inoiz baino hurbilago eta inoiz baino beteago. Hurrengo ez dakit zenbat urtetan ez dugu berriro astelehenean bezala ikusiko, ez bezain betea, ez bezain zuria.
Ilargiak zer edo zer magikoa du eta ziur nago niregan, beste askorengan bezala, eragin handia duela. Ez zait gorputzean ilerik ateratzen, ez … baina bai, zerbait berezia nabaritzen dut ilargi betea dagoen egunetan.  

Astelehenean ilargian egon banintz bezala sentitu nintzen. Ilargian egon nintzen … horixe nahi dut, ilargian egon. Nire ametsetako bat da.  Egin nahi ditugun gauzen zerrendan lehenengo postuetan dut idatzita. Ilargira bidaiatu nahi dut. Duela ez asko Interneten bidez erreserbatu nuen lekua bidaia-agentzia batean Ilargira bidaiatzeko posible izango den egunean nire eserlekua izateko.

Zuengan badu eraginik ilargiak? Posible izango balitz, hurrengo oporrak Ilargian pasatuko zenituzkete? Zergatik?

2015/10/09

PLANO PLANO

Ederra egin ziguten telebistagileek. Ederra egin ziguten bidaiatzea gustuko dugunoi telebista planoa asmatu zuten egunean. Harrez geroztik ez dakigu non jarri gure bidaia exotikoetan erositako txorakeriak. Telebista lekua ezin hobea zen munduan zehar bildutako altxorrak bere gainean jartzeko, bata bestearen ondoan, segidan. Gezurra zirudien, baina espresuki horretarako eginda zeudela ematen zuten telebistek. 

Orain, berriz, oporretatik bueltan ez dakigu non utzi ekarri ditugun oroigarriak. Batzuetan, gainera, erosi  baino lehen pentsatu behar dugu non jarriko dugun, gero ez damutzeko eta zakarrontzira ez botatzeko edo etxeko ganbaran kutxa batean ez gordetzeko.

Familiakoek eta lagunek ekarritakoak ere kabitzen ziren. Telebistaren gainean den-denak bazuen lekua, erakusleiho batean bezala. Egongelatik mundura. Mundutik egongelara. Oroigarriak ikusi eta ez genuen telebista piztu behar mundu osotik bidaiatzeko eta gure pelikulak asmatzeko. Orain, zoritxarrez, ezin dugu. 


Oroigarririk erosten duzue oporretan? Nolakoak dira? Non jartzen dituzue? Ba al dira oso frikiak? Zein da erosi duzuen edo oparitu dizueten oroigarri frikiena?

2015/03/18

ATZERA BUELTAU

DeLorean-ean jesarrita. Aukeran, aurrera ala atzera? Zaila da aukeratzen. Atzean dagoena ezagutzen dugu, baina aurrean dagoena ez. Pasatutako gauza zoragarrien artean zoragarrienak aukera ditzakegu, gogokoenak. Aitzitik, ezagutzen ez dugunak bere xarma du. Igual ez dira hain zoragarriak izango, baina ez jakite horrek ematen die zer edo zer ezagutzen ditugun gauzek ez daukatena.


Marty McFly bezala sentitzen naiz, baina bidaia bakarra egin ahalko banu nora joango nintzatekeen da galdera. Ziur naiz, etorkizunera ez nintzateke joango. Lehen aipatu dudan xarma hori beldur bihurtzen da nire kasuan. Ez dut etorkizuna nolakoa izango den jakin nahi, deskubritu nahi dut egunez egun. 

Beraz, atzera bueltatuko nintzateke, Erroma munduko kapitala zen garaira. Lana eta plazera ondo uztartzen zituen gizarte hura liluragarria zen. Gogor lan egin zuten eta gauza handiak egin zituzten, plazera inoiz alde batera utzi gabe. Mota guztietako lanak eta mota guztietako plazerak. Oreka perfektua.

Eta zuek aurrera ala atzera aukeratuko zenukete? Zein garaitara? Zergatik?