Bitxikeriak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Bitxikeriak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2022/02/18

ARRAROA ZARA?

Ez dut uste adinean aurrera egin ahala arraroagoa naizenik. Arraroa naiz eta kito!!! Holakoa naiz eta daukadan adinarekin gaitza dut aldatzea. Gainera, gustura nago neure buruarekin eta, azken batean, horixe da garrantzitsuena.

Blog honetan sarritan hitz egin dizuet jasan ezin ditudan pertsonez edo, hobeto esanda, beraiek egiten dituzten gauzez, adibidez, astean behin dutxatzen direnez, laneko komunean egunero ordu jakin batean kaka egiten dutenez,… Haiei bost axola, arazoa ez da beraiena, ez. Arazoa ondoan gaudenona da, jakina.

Baina, gauza batzuk ezin dira onartu. Bizikidetzak, guztion onurako, baditu bere arauak eta errespetatu egin behar ditugu. Baina guk errespetatzen baditugu, besteek ere bai. Inor ez dago horretaz salbuetsita. Denok berdinak gara. Ziur aski pentsatzen ari zarete zergei buruz ari naizela, zergak ordaintzen ez dituztenei buruz, baina ez. Hortzak garbitzen dituztenei buruz ari naiz.

Hortzak garbitzea ondo dago, haginlariek egunean hiru aldiz garbitzea gomendatzen dute. Hori oso ondo dago, baina ez dute gomendatzen hortzetako pasta konketan uztea, odolez eta adurrez beteta. Nazka ematen dit. Ezin dut jasan.

Jendea zikina da eta, tamalez, jendeak ez du besteengan pentsatzen. Bakarrik pentsatzen du arraroa naizela.   

Zuek ere arraroak zarete? Zer ezin duzue jasan? Zer egin behar dugu horrelako kasuetan? 

2021/11/19

BUUUUUUUUUA!!!

Eeeeeeeh, ez dakit helduko naizen. Buuuuuuuuuuua! Bai, bai , helduko naiz. Hartu arnasa, baina, ikasleek diotenez, sabelatik… Nola demontre egiten da hori? Sudurretik eta … nahikoa da. Une honetan ez dakit ezta arnasa hartzen ere. Azkar, azkar, bestela soinean egingo dut. Buuuuuua! Etxeko atariko atea ikusten dut. Lasai. Berriro hartu arnasa. Ez naiz helduko, kauguen!!! Lorategia! Lorategia!

Buuuuuuua! Txakurrak bezala, baina ezin nuen gehiago. Sentitzen dut, baina ez nuen beste aukerarik.

Ez zait ondo iruditzen kalean txiza egitea, baina noiz edo noiz, beste erremediorik ez dagoenean, egin egin behar da. Buuuuuuua! Zer ondo geratu naizen!!!

Zer deritzozue kalean txiza egiteari? Debekatuta egon beharko luke? Zer zigor jarri zenikoke kalean txisa egiten duenari? Argazkikoa? Beste bat?

2020/06/07

85. EGUNA: BURUTIK JOTA? EZ

Ez da birusagatik izan, ez. Birusak ez dauka gertatzen zaizkigun gauza guztien errua. Pandemia pairatu baino lehen egiten nuen noiz edo noiz, baina, beharbada, itxialdiarekin areagotu egin zait. Pandemiarekin sarriago egiten dut.

Askok eta askok pentsatzen dute egiten dugunean burutik jota gaudelako seinalea dela, zoratzen ari garelako lehenengo sintoma dela, hain zuzen ere. Baina, nire ustez, burutik sano egon gaitezkeenok ere egiten dugu edo egin beharko genuke. Niri neuri, behintzat, gustatzen zait eta burutik osasuntsu egiteko ariketa ona iruditzen zait. Batez ere komunean nagoenean egiten dut. Bertan gustura sentitzen naiz, libre, bakarrik, askatasun osoz egiteko. Eta gehienetan ispilu aurrean, horrela ematen du beste batekin ari naizela eta ez nagoela neure buruarekin hitz egiten.

Hitz egiteko, eztabaidatzeko, barre egiteko,… beste pertsona bat behar izaten dugu, baina ez beti. Posiblea da bakarrik egitea. Posiblea da geure buruarekin egitea. Arazoa da besteek zer pentsatuko duten, haiek ganbara pipiak jota dugula pentsatzea. Baina, komuneko ispiluan dagoenak dioenez, nori inportatzen zaio nik egiten dudana?

Zeuen buruarekin hitz egiten duzue? Noiz? Non? Zer uste duzue kalean bere buruarekin hitz egiten duen jendeaz?

2020/05/17

64. EGUNA: DENOK ORROKA

Gizakiok arrazionalak omen gara. Horrexek ezberdintzen gaitu animaliengandik. Erabakiak hartzeko gai gara, nork bere erabakia. Ez animalien antzera. Behintzat, horixe da beti esan dena. 

Artaldeetan batek egiten duena egiten dute besteek ere, itsu-itsuan. Bestelako taldeetan berdin, bat izutzen bada talde osoa izutzen da eta horren atzetik doaz, inertziaz edo. Instintiboki egiten omen dituzte halakoak animaliek, pentsatu gabe. Hala ere, gizakiok arrazionalak gara eta ez dugu halakorik egiten. Horrela izaten da gure bizimodua, beti ere aldatzen ez duen zerbait ez badago.

Baina pandemia honek erabakitzeko berezko dugun horretan ere eragina izan du. Ez dakit gogoratuko duzuen berrogeialdi honen hasieran supermerkatuetan ez zegoela komuneko paperik. Jendea erotu egin zen eta zoroen moduan salgai zegoen paper guztia agortu egin zen di-da batean. Geroago mundu guztia gozogintzan hasi zen eta supermerkatuetan irina aurkitzea miraria zen. Ezin ahaztu ere guztiok kirolzale amorratu egin ginela eta bizikleta estatikoak saltzen zituzten dendek sekulako negozioa  egin zutela. 

Orain, zorioneko deseskalada honetan, gauzak bere onera bueltatzen ari zirela pentsatzen genuenean, etxeko lorategietan jartzeko igerilekuak  daude modan eta agortzen hasiak dira. Oporretan joan ezin izateak beste aukera batzuk bilarazi dizkigu eta orain igerilekuen txanda heldu da. Baduzue lekurik igerilekurik jartzeko? Horrela bada erosi lehenbailehen, baten bat geratzen baldin bada. 

Zergatik zoratzen gara eta denok gauza bera erosten dugu kontrolpean ez ditugun larrialdietan? Zeuk ere komuneko papera kiloka erosten zutenetakoa izan zinen? Zer erosi zenuen pandemia honen hasieran bukatuko zelako beldurrez?

2019/02/22

MILA EUROKO EURO BAT

Horrelako hortz bat ere badu. Dena faltsua, dena kopia. Ez dena izan nahi du eta, orijinala erosteko beste diru ez duenez, kopiarekin konformatu behar. Euro bat ordaindu eta trukean mila euro balioko lukeen baten kopia etxera eraman. Negozio ederra!!!

Horrelaxe da gure mundua: dena faltsua, dena kopia. Txinatarrei botatzen diegu errua, baina erosten duenaren errua da. Ez dago aitzakiarik. Erosiko ez bagenitu, haiek ez lituzkete fabrikatuko. Baina, egia da edozer kopiatzeko gai ere badirela, den-dena kopiatzeko gai direla.

Aukeran orijinala nahiago dut. Onak izanda ere, kopiak kopiak dira. Ez dakit zergatik, baina kopia bat erosi dudanean, orijinalarekin alderatuta, ez dit ondo ematen. Aberats baten gorputzean jaio nintzen, nonbait. Eta, horregatik, ordezko hortzak ere urrezkoak ditut.


Zer deritzozue kopiak erosteari? Inoiz erosi duzue ezer? Zer? Noiz? Zergatik erosten ditu jendeak horrelako produktuak? 

2018/01/12

ASKE EGIN BEHARREKOAK

Debekuak debekuak dira. Txiki-txikitatik debekatzen digute zer edo zer. Txiki-txikitatik sartzen digute kaskoan hori eta beste hori ezin direla egin. Gainera, gero, handitu ahala, debekuak txikitu beharrean handitu egiten dira eta oso gauza gutxi egin dezakegu libreki. Debekatuta dauden gauzak egin ahal ditugunak baina askoz gutxiago bide dira.

Baina, ez nago ziur debekatuta dauden gauza guztiak egin ezin daitezkeenik. Egongo dira debekatuta dauden batzuk debekatuta egon behar ez direnak. Ziur. Debekatzeko ahalmena dutenek jakingo dute zergatik debekatzen duten, baina guri ez zaizkigu hain txarrak iruditzen eta, beharbada, horregatik egiten ditugu ezkutuan.

Urte berriko lehenengo sarrera honetan ez dizuegu eskatuko sekretuan egiten dituzuen debekatutako gauzak kontatzea. Sekretuak sekretuak dira. Eskatuko dizuegu debekuak zer iruditzen zaizkizuen kontatzea eta gaur egun debekatuta dauden gauzen artean zein ez litzatekeen debekatuta egon behar esatea.

2017/11/17

NAZKAGARRIA, BENETAN!!!

Obsesionatuta bizi gara. Ez da normala. Edozer egiteko kapaz gara gero eta ederrago egoteko. Gauza bat da gure itxura zaintzea eta beste gauza bat da gaur egun egiten duguna egitea edo erabiltzen ditugun produktuak erabiltzea.

Lehengo egunean ikusi nuen ile-apaindegi baten erakusleihoan: gorilaren mukua. Jodo! Ez dakit benetan tximino horien mukua den ala bakarrik produktu baten izena baina, egia da, ilerako gomina izateko izen ezin aproposagoa da.

Agian, gorilen mukuek badute ezaugarri bereziren bat ilerako edo, agian, ez. Ez dakit. Aspaldi barraskiloen adurra azalerako oso ona dela ere entzun nuen, zimurrak kentzeko. Gauza hauek nazka ematen didate. Mukiak, adurrak,... zer izango da hurrengoa. Gorila, barraskiloa,... zer animalia izango da hurrengoa. Eta inportantea, zertarako izango da? Non eman beharko dugu?... Nahiago dut ez pentsatu.


Zer deritzozue horrelako produktuak erabiltzeari? Zer garrantzi ematen diozue itxurari edo edertasunari? Zer egiteko prest zaudete ederragoak izateko?

2017/04/28

HORRETARAKO EZ DAGO ADINIK

29, 29 urteko aldea dute Melaniak eta Donaldek, eta 29 urteko aldea dute Frantzian  lehen dama izan daitekeenak eta lehen ministroa izan daitekeenak, baina bigarren kasu honetan emakumea da zaharrena.

Ez da oso ohikoa emakumea gizona baino zaharragoa izatea, baina egon badaude kasu batzuk, eta Frantziako lehen bikotearena da azkena. Jendeak gaizki pentsatzen du gizona zaharragoa denean, baina emakumea denean... askoz gaizkiago. Emakumea gazteagoa denean, ustezko maitasun harreman horretan dirua dela lotura esaten da, baina gizona gazteagoa denean, zein da lotura?

Eskolan maitemindu zen, bere irakasleaz, lengoaje irakasleaz. Emakumea ezkonduta zegoen eta pare bat seme-alaba zituen, oker ez banago. Mutikoaren gurasoek, semearen aferaz jabetu zirenean, Parisera bidali zuten. Herriko eskola utzi zuenean, bueltatuko zela eta berarekin ezkonduko zela esan zion.

Esan eta urte batzuk pasa ondoren bete zuen esandako hura.

Zer uste duzue horrelako bikoteez? Azkenean nabaritzen da adinean alde handirik badago? Zuek baino gazteagoa edo zaharragoa den/zen batekin maitemindu zarete? Nolako esperientzia izan zen? Maite izango zenukete zuek baino zaharragoa edo gazteagoa den inor?

2017/03/24

ZUK ZEUK EGIN

Beti esaten da pieza guztiak bere lekuan jarrita ere torlojuren bat sobera dagoela. Ez dakit beti egia den. Nik bakarrik armairu bat muntatu nuen eta, egia esanda, bat baino gehiago izan ziren soberan geratu ziren torlojuak …, bueno, torlojuak eta beste gauza batzuetarako balio zuten hainbat gauza.

Txikitatik gustuko izan dut maketak egitea eta etxea horrelako trastez josita dut. Erdi-aroko katedralak, zazpi itsasoak zeharkatu dituzten itsasontziak edo Txinako pagodak daude etxeko bazter guzietan. Nire museo txikia. Nik egindako obrez osatutako museoa.


Gauza txikiekin ondo moldatzen naiz, baina pieza handiak direnean zail egiten zait dena behar den moduan jartzea eta perfektu uztea. Suediako enpresa horretan erositako armairua da lekukoa. Ez dut ondo gogoratzen orain dela zenbat urte erosi nuen, baina ondo dakit hasiera-hasieratik tiradera bat ezin nuela itxi eta horrela egon da gaur arte eta horrela egongo da armairu aldatuko dudan arte.

Horrelako esperientziarik izan duzue? Zein? Trebeak zarete horretarako? Zer uste duzue Suediako enpresaz?

2017/03/17

BAGOAZ …

Guztiok egin dugu, nahita ala nahi gabe. Ziur aski modu masibo batean, Leonen gertatu zen bezala, ez; baina egin egin dugu. Hor ehun eta hogei pertsona zeuden bataio batean, eta tarta jateko unea heldu zenean, altxatu eta alde egin zuten. Jatetxekoak konturatu zirenerako ez zegoen bertan ezta jaioberria ere, denak hanka eginda zeuden.

Ezin dut imajinatu eszena eta, batez ere, ezin dut imajinatu jatetxeko jabearen aurpegia, geratu behar izan zitzaion tonto aurpegia. Plana, nire ustez, ia ia perfektua. Bapo bapo jan eta ordaindu gabe ospa egin, baina ez guztiz perfektua, behintzat gozozaleak garenontzat.

Egin nuen azkeneko aldian zerbitzariak emandako tratuarengatik izan zen. Pare bat kaina izan ziren, lau euro, baina dirua ez zen arrazoia izan. Barra atzean daudenak pertsonak dira, baina beste aldean gaudenok ere bagara. Horregatik, batzuetan gogorarazi behar zaie gure diruaren truke zerbitzu bat ari direla ematen, eta zerbitzu hori behar bezala ematen ez badigute, protestatzeko eskubidea dugula. Ordaindu gabe joatea ez da protesta egiteko modurik onena izango, baina eraginkorrena, agian, bai.

Zer iruditzen zaizue ordaindu gabe alde egitea? Inoiz egin duzue? Noiz? Zergatik?

2017/03/03

LABIRINTOA EZ GALTZEKO LABIRINTOA

Pinuz osatutako labirintoa da Espainiako labirintorik handiena. 4.000 pinuk osatzen dute 5.000 metro karratuko Kantabriako (Villapresente) labirinto hau. Galtzeko modukoa, beraz.

Egun, holako gutxi egongo dira. Garai bateko atrakzio handi hauek gaur egungo garai teknologiko honetan ez dute apenas lekurik. Beharbada, horregatik arrakastatsua izango da eta pinuen arteko bide horretatik beste garai batera joateko aukera izango dugu.

Basozain batek alabari egindako 4 kilometroko labirintoa da. Alaba langabezian geratu eta lan egin ahal izateko aitak bere eskuz egin zion labirintoa hau. Horregatik ez dakit zerk duen meritu handien, labirintoak berak edo aita batek horrelako ideia originala izateak alabak lan duina edukitzeko.

Oso abila ez den batek ordubete pasatxo beharko du ateratzeko, baina apur bat trebeak bazarete ordu erdi bat nahiko izango da. Hori bai, ni bezalakoak bazarete, sartu aurretik basozainaren telefonoa eman beharko dizuete eta irteera topatu ezean, deitu.

Edonon orientatzeko, mapak ulertzeko eta inon ez galtzeko abilidadea berezko dute batzuek, baina beste batzuk beren etxean ere galtzeko kapaz dira. Genetan idatzita dagoen zerbait izango da edo... edo batzuetan atentzio eza baino ez da.

Zuek trebeak zarete orientatzen? Horrelako labirintoetan ibili zarete? Zer iruditzen zaizue basozainaren ideia?

2017/02/17

LEIALAK ETA POLITAK

Gero eta gutxiago gustatzen zaizkit txakurrak. Animalia politak eta leialak dira. Gure lagunik onenak omen dira baina, esan bezala, gero eta gutxiago gustatzen zaizkit.

Ulertu ahal dut animalia hauek maite izatea, baina ez dut ulertzen animalia hauek pertsonak bezala maite izatea. Ezin dut txakurra bikotekidea maite dudan bezala maite. Eta, are gehiago, ezin dut ulertu  txakurra inguruko pertsonak baino gehiago maite izatea. Ez. Ez da posible. Animaliak animaliak dira eta pertsonak pertsonak.

Horregatik ez dut ulertzen nola tratatzen dituzten zenbait pertsonak bere maskotak pertsonak izango balira bezala. Jantzi, “ile-apaindegira” eraman, musuak muturrean eman... gauza hauek pertsonok egiten ditugun gauzak dira eta, animaliak horrela tratatzea, ez dakit “tratu txartzat” hartu dezakegun.

Zer deritzozue animaliei horrelako tratua emateari? Ezagutzen al duzue bere maskotari tratu berezia ematen dionik? Nolakoa da tratua?

2016/12/09

ZUBIAN GAUDE

Arraroa. Oso arraroa izan da atzean utzi dugun astea. Klasea, jaia, klasea, jaia eta gero klasea. Horrela ez dago lan egiterik. Inork ezin du lana behar bezala egin, ezta gu bezalako langile finek ere. Erritmoa hartu baino lehen, berriro jaia. Eta jaiaz gozatzen ari ginela, ernagailuak jo eta lanera. Horrela egun batean eta hurrengoan ere bai. Azkenean ez genekien zein egunetan bizi ginen edo, hobeto esan da, zer egun zen: laneguna ala jaieguna.

Hau ez gertatzeko aukera batzuk daude: jaiak kendu, aste osoa jai edo orain dela urte batzuk Espainiako gobernuak proposatu nahi izan zuena. Aurtengoa bezalako astea izan genuen eta, dirua aurrezteko aitzakiaz, jaiegun bi horietako bat mugitzea eta ostiralera edo astelehenera pasatzea bururatu zitzaion. Horrela, behintzat, haien ustez, ez zen aste osoa galduko, bakarrik lau egun. Geroago gobernu aldaketa etorri zen eta proposamena ezer ezean geratu zen.

Pasa den astea bezalako astea aurrean dugunean, ministro haren proposamena etortzen zait burura eta, egia esanda, ez dakit … igual proposamen ona zen.

Zuek, zer uste duzue ? Zer egin ahal da pasa den asteko bezalako asteetan? Nola sentitu zarete aste horretan?

2016/11/11

AMETS AMERIKARRA

Amerikanoa. Izengoiti hori zuen auzoko pobreenak. Dirurik ez, eta amerikanoa jarri genion ezinen.  Kabroi halakoak!

Koitaduak xentimorik ez, baina edadeko bizio guztiak zituen. Barre egiten genion, baina ez zen inoiz falta behar zuena emateko prest zegoena. Mahai-futbolean beti egiten genion lekua, zigarro-mutxikinak (pibiak) berarentzat ziren eta eskotean pagatzen genuenean berea ordainduta beti egoten zen. Kabroiak, baina bihotz onekoak!

Amets egiten zuen. Ametsetan nahi duguna gara. Bere ametsa amerikanoa izatea zen, amerikano diruduna izatea. Pelikuletan agertzen diren amerikanoak, diruz josita dauden amerikanoak.

Egun batean herritik joan zen kanpora lan egitera. Gurasoek eraman zuten. 80. hamarkadako industria birmoldaketa eginda, aitak lan egiten zuen enpresak ateak itxi eta beste leku batera joan ziren ogi bila.

Ez genuen bere berri izan hurrengo urteetan,  duela ez asko, udaberriko egun eguzkitsu batean, mahai-futbolean jolasten ginen lekura postal bat heldu arte: 


Kaixo, lagunok:

Eskerrik asko denagatik.
Eskerrik asko mahai-futbolean utzitako lekuagatik.
Eskerrik asko zigarro-mutxikinengatik.
Eskerrik asko eskotean nire ordez jarritako diruagatik.
Eskerrik asko, benetan, nire lagunak izateagatik.
Ametsa bete dut, orain benetako amerikanoa naiz.

Besarkada handi bat.
                                                 Donald

Oharra: amerikanoagoa izateko aldatu dut izena. Daniel ez zen amerikano dirudun batek izan dezakeen izena. Bye, bye my friends.

Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeak egin berri dituztenez, lagun horren istorioa etorri zait burura. Horrelaxe ikusten genituen amerikarrak, dirudunak batez ere. Eta zuek, nola ikusten dituzue amerikarrak? Zer gustatzen zaizue eta zer ez? Zer deritzozue Donald Trumpi?

2016/10/21

BELEAK ZOZOARI IPURBELTZ

Ez hartu traumarik! Ez larritu! Egiten duenak hanka sartu ahal du; egiten ez duenak, berriz, inoiz ez, baina ez dauka kritikatzeko eskubiderik. Herri madarikatu honetan ematen du mundu guztia zain duzula ea zuk hanka noiz sartuko. Ez da ahalegina baloratzen, ez da esfortzua goraipatzen, bakarrik hutsak hartzen dira kontuan. Barruko zer edo zer pozten zaigu ondokoak kale egiten duenean. Txarrak gara, benetan!

Baina, egia da laster ala berandu guztiok okertu egiten garela, guztiok ahaztu nahi dugun egun hura izan dugula. Zuetako guztiok ere bai, jakina! Nik, adibidez, asko izan ditut, batez ere, gazteagoa izan nintzenean. Orain, beharbada urteek ematen diguten eskarmentu horri esker, gutxiagotan; baina sartzen dudanetan, ene Jainkoa!

Oraindik gogoan dut ikasle batek egindakoa. Azken egunetan ez zen klasetik agertzen eta, beraz kezkatuta, deitu egin nion. Berak telefonoa hartu eta ez etortzearen arrazoiez galdetu nionean eskuineko panpina apurtu zitzaiola eta ezin zuela idatzi erantzun zidan lasai asko.Ene Jainkoa!

Zer uste duzu horretaz? Gogoratzen duzue hanka sartu zenuten egun hura? Zer gertatu zen?