Atzo, igandea zenez, kirol arropa jantzi eta mendira joan nintzen aspaldiko
partez. Pandemiak kirolari bihurtu gaitu sofinga praktikatzen genuenok. Etxetik
hurbil-hurbil dut mendia eta hara jo nuen jende gutxiago egongo zelakoan. Baina
ez. Erromeria ematen zuen, jende pilo bat, adin guztietakoak, bakarrik, binaka
edo taldeka. Zaila zen, benetan, pausu bat aurrera ematea eta derrigorrezko
distantzia errespetatzea.
Baina, jendetza horren artean gehien harritu ninduena bikote bat izan zen.
Biak ezin dotoreago jantzita, pintxo-pintxo. Marka handiko txandala eta txapinak.
Erloju inteligentea eskumuturrean, taupadak eta oinkadak neurtzeko. Honaino pegarik
ez, bakoitzak egiten du kirola nahi edo ahal duen moduan; nik, adibidez,
elastikoa garagardo-dastaketa batean irabazitakoa eta prakak futbolean aritzen
nintzen garaikoak. Ziur aski ez haiek bezain pintxo.
Harritu ninduena ez zen haien arropa izan, harritu ninduena izan zen neskak
belarritakoak eta urrezko eskumuturrak zeramatzala eta, gainera, makilatuta,
eta mutilak urrezko ez dakit zenbat gauza eta ilea engominatuta. Biak
dotore-dotore eta bidean Frantziako lurrin famatuen arrastoa uzten zuten,
besteoi kiratsa zerigularik.
Berehala burura etorri zitzaidan azalpena: igandea zen. Garai batean
iganderako arropa genuen. Igandea dotore janzteko eguna zen. Igandea egun
berezia zen. Dutxa hartu eta arropa onenak janzteko eguna. Baina, berehala,
ondo pentsatuta konturatu nintzen azalpena oso bestelakoa zela.
Txikitako igande haietaz gain, uste dut bakarrik ezkondu nintzeneko egunean
dotore jantzi naizela. Dotore-dotore. Zuriz jantzita. Jendeari ez zitzaion asko
gustatu, baina nire ilusioa zen. Zuriz ezkondu nahi nuen, traje zuri batez
jantzita. Bueno, gizona izateko apur bat arraroa, baina nire ilusioa zen traje
zuria eta gorbata zuria. Guapo-guapo.
Joan zarete kirola egitera uzten digutenetik? Nolako
esperientzia izan da? Normalean kirola egiten duzue? Zein izan da zuen bizitzan
ezin dotoreago jantzi zareten eguna? Zergatik?