HEROIAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
HEROIAK etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2014/03/28

SUPER SUPER …, MUNDIALA!

Batzuetan oraindik umetxo bat naizela pentsatzen dut. Umetan egiten diren kontuak gustukoak ditut eta egin ahal ditudan unetan poz-pozik sentitzen naiz. Aldean urte asko ditugunean urte gutxirekin egiten genituen gauza horiek orain egitea gozamena da, benetan.

Gauza horien artean badago bat bereziki estimatzen dudana: irudimen askea. Ume bat zarenean den-dena imajinatu ahal duzu, den-dena posible da, ez dago mugarik. Gauza bat imajinatu eta benetakoa izango balitz bezala sentitzen duzu. Ametsetan zaudela esango dizute, baina zu ziur zaude ezetz. Imajinatutako hori benetakoa da zuretzat eta kito!


Txikitatik super-botere bat eduki nahi izan dut. Ez dut hegaz egin nahi izan. Ez dut super azkar korrika egin nahi izan. Ez dut super super indarra eduki nahi izan. Ez, beste super-botere bat izan nahi izan dut, ikusezina izan nahi izan dut. Leku guztietatik ibiltzea eta inork ni ez ikustea, totala izan behar da. Oraindik egiten dut amets horrekin, oraindik umetxo bat naizela pentsatzen dut edo … super kuxkuxero bat naizela …

Zer super-botera eduki nahiko zenukete? Zergatik? Zer imajinatzen zenuten txikiak zinetenean?

2013/02/01

NIRE HEROIAK


Heroia izateko ez da botere berezirik behar, ez da hegaz egiteko kapa bat behar edo ez dira praka gainean galtzontziloak eraman behar. Heroia izateko bihotz handi bat eta potro handi bi behar dira (barkatu komentario matxista). 

Boteredunak, kapadunak eta galtzontzilodunak fikziozko heroiak dira eta besteak, benetakoak, haragi eta hezurrezkoak. Fikziozkorik ez daukat, aspaldi konturatu nintzen pantailatik edo aldizkarietatik ez zirela aterako mundua salbatzeko. Benetakoak batzuk ditut, gero eta gehiago, gainera. 

Mundua gaizki dago, inoiz baino geurekoiagoak gara eta leku guztietan ustelkeria da nagusi; baina oraindik badaude pertsona batzuk ondokoari edo oso urrun dagoenari, igual dio, laguntzeko prest daudenak, kalean aurkitutako dirutza itzultzen dutenak edo ezintasun bat dutelarik bizitzari aurre egiten diotenak. 

Heroi anonimo hauek, botererik eta kaparik gabekoak, miresten ditut. Neu ere egun batean heroia izango naizela egiten dut amets, baina momentuz ez naiz heroia, nahiko koldarra bainaiz. 

Baduzue heroirik? Fikziozkorik edo benetakorik? Zein? Zergatik?

HEROIA NAHI NUKE IZAN


Heroia. Esanahi ugariko hitza. Izaki kementsua,ausarta, adoretsua. Gizakia batzuetan, pertsonaia mitologikoa besteetan. Sarritan arra, azkenaldian emerik badago ere. Film, liburu eta komiki askoren protagonista, amets eragiten diguna, baita inbidia sortarazten ere.


Nork ez luke heroia izan nahi bizitzan behin? Nork ez du bere gogoko heroia edo nork ez du inoiz izan? Ia mundu guztiak esango nuke, eta  honek zerk garamatzan heroirik izatera pentsarazten dit.


Agian, pertsonaia hauetan izan nahiko genukeena eta inoiz izango ez garena bilatzen dugu, egoera guztietatik garaile ateratzea, alegia.


Eta zuek, nahi zenukete izan?