Oporrak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Oporrak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/05/27

74. EGUNA: JAIO NINTZEN BEZALA

Larrugorritan, biluzik, jaio nintzen bezala gustatzen zait eguzkia hartzea. Beroa azalean, eguzkiak ematen digun beroa azalean sentitzea bizirik nagoela sentitzea bezalakoa da. Ni, ezer gabe, naizen bezala eta natura. Une horretan munduaren parte sentitzen naiz, naturaren parte.

Horregatik, ez diet ondo ulertzen biluzteari beldur diotenei. Hainbeste erreparo, hainbeste lotsa ez da logikoa. Mundura arroparik gabe etorri ginen eta, salbuespenak salbuespen, gizaki baten gorputza baino ederragorik ez dago. Gure gorputzeko beste atal bat baino ez dira atal horiek eta ezkutatzeak, hain zuzen ere, ematen die bekatu edo lotsa horren balorea. Egia da, hondartzako harea deserosoa izan daitekeela, batez ere, nahi ez dugun zulotik sartzen denean. Baina, horretaz gain, guzti-guztia ona da.


Herenegun sartu ginen bigarren fasean eta hondartzara joan gaitezke. Aurten ez dakit nola egingo dugun distantzia mantentzeko eta, jakina, ez dakit hondartzara ere eraman beharko dugun ditxosozko maskara hori. Espero dut ezetz, bestela bainujantziaren markarik gabe, baina maskararen markak bai. Hori bai dela lotsa!!!

Nola ikusten duzue aurten hondartzara joatearena? Baduzue gogorik hondartzara joateko? Normalean zein hondartzara joaten zarete? Zergatik?

2020/05/19

66. EGUNA: BESTE GARAI BATEAN…

Egun ederra gaurkoa. Eguzkitsua, oskarbi, egun argia. Beste garai batean, ez oso urrun, halako egun batek guztiok pozten gintuen, uda atarian geundela gogorarazten zigun eta. Baina aurten, zorioneko koronabirus honek, ilusio hau ere zapuztu egin digu, erro errotik.

Bigarren fasetik gertu egonda,  gauza gehiago egin ahal ditugun arren, ez da gauza bera. Beste garai batean halako eguraldia zegoenean, inolako ordutegirik bete gabe, hondartzara, mendira, kalera,… joan gintezkeen eguzkiaz gozatzera. Beste garai batean data hauetarako udarako planak egiten hasten ginen. Beste garai batean udako oporrak hartzeko irrikan geunden, urte osoko lanaren saria jasotzeko irrikan. Beste garai batean eguraldi honekin batera udako jaiak hasten ziren,  herri guztietako jaiak.

Beste garai batean halako gauzei ez genien garrantzirik ematen, berezkoak zirelakoan edo… a ze inozoak ginen!!!!  Gaur egun, honek guztiak Karinaren aspaldiko kanta gogorarazten dit, “ Buscando en el baúl de los recuerdos” izenekoa. Bertan edozein igarotako garaia hobea izan zela esaten zuen zatia, batez ere. Honen bihozkada izango ote zen?


Eguraldi onak alaitu egiten zaituzte orain bizi dugun egoeran? Baduzue kalera ateratzeko gogo handiagorik? Beste garai batean bazenuten ilusiorik uda atarian? Espero duzue hondartzara edo beste inora joatea udan? Nolako uda aurreikusten duzu?

2020/04/24

41. EGUNA: UDAKO OPOR EZOHIKOAK

Orain Aste Santuko oporrak bukatuta, udako oporrak izan beharko genituzke buruan eta, zenbait kasutan, hartuta ere bai. Birus honek hainbat ilusio eta plan hondatu dizkigu dagoeneko eta, batek daki, hemendik aurrera gehiago ere ez ote dizkigun hondatuko.

Egia esan, patuaren gauzak edo, aurten oraindik ez genuen erabakita nora joan udan eta, behintzat, gure kasuan hori ez da oso normala. Urtero, udan, bidaia luzeak egitea dugu gustuko. Urte osoan lanean eman ondoren, geure buruari nolabaiteko saria eman nahi diogu eta aurrezki guztiak bidaiarako izaten dira. Normalean, urrutiko lekura joateko bidaiak direnez eta data zehatzetan joan ahal garenez, konfiantzazko bidaia agentziara joaten gara. Horregatik, otsaila aldera badugu bidaia hartuta eta horrela dauden deskontuak baliatu ahal ditugu bidaia merkeago ateratzeko. 

Baina, esan bezala, aurten ez genuen ezer erabakita, bagenituen leku batzuk buruan, baina argi ezer ez, eta, egia badiotsuet, izugarri pozten naiz, horrela ez dugu desilusiorik izango, beno desilusioa baino, sekulako haserrealdia esango nuke.
 

Ez dakit noiz bidaiatu ahal izango dugun beldurrik gabe eta lehen genuen ilusioz, baina gu hasiko gara destinoren bat aukeratzen. Behintzat, hori eginez arinago pasako ditugu egun luze hauek. Ametsak izatea ez dago gaizki, ezta?

Bazenuten aurtengo udarako bidaiarik? Noiz bidaiatu ahal izango dugu beldurrik gabe? Zein bidaia egin nahiko zenukete amesgaizto hau amaitzen denean?

2018/10/01

OPORRETAKO POSTALA

Pribilegiatua naiz. Askok eta askok egin ezin izan dituzten bidaiak egin ahal izan ditut. Txikitan ametsetan bisitatzen ditugun lekuak bisitatu egin ditut, eta, oraindik herrialde batzuk ezagutzen ez baditut ere, badakit laster ala berandu hara joango naizela.

Zaila da esaten zein den zirrara handiena egin didan lekua. Mundua handia da eta edozein lekutako txoko batean aurkitu ahal dugu ahoa bete hortz utzi ahal gaituen zerbait edo norbait. Ez da beharrezkoa lekutara joatera, Kotxintxinara joatea. Hemendik ez oso urrun baditugu leku politak, ohitura ikaragarriak, janari ezin gozoagoak,,, eta jende jatorra eta berezia.

Baina, bisitatutako lekuen artean bat aukeratu behar izango banu, Txina izango litzateke. Zeruko Tenpluarena izango litzateke bidaliko nukeen postalaren argazkia, Zerua urdina eta zerupean tenplua.

Ikastaro berri honetako lehenengo sarreran nahi dugu zuek bisitatutako lekuen artean zirrara handiena egin dizuena zein izan zen, zergatik eta zein izango litzatekeen bidaliko zeniguketen postala konpartitzea.

2017/04/08

DENA TXIKITZEN DENEAN

Bertigoa dut. Mexikon jakin nuen bertigoa nuela,  Acapulcon. Bertako hotelean nengoelarik, hogeigarren pisuan nuen gela. Balkoira atera eta behean zegoen igerilekua niregana hurbiltzen zela ikusi nuen. Hurbildu eta urrundu. Hurbildu eta urrundu. Eskerrak atzean sofa bat neukala. Poliki-poliki atzerantz joan nintzen eta,  ukitu nuenean, begiak itxi eta  … eseri egin nintzen.

Harrez geroztik, alturetan bertigoa izaten dut. Ezin dut beherantz begiratu eta, begiratzen badut, hanka tartekoak txikitzen zaizkidala nabaritzen dut. Sentsazio arraroa da, gorputz osoa gelditzen zait eta ez naiz kapaz pausu bat ere aurrera emateko. Ez naiz ni.

Bitxia da gero, baina hegazkinetan ez dut bertigorik. Gainera, ahal badut, leihotxoaren ondoan eskatzen dut eserlekua. Gustuko dut leihotik begiratzea eta gustuko dut  mundua nire aurrean txikitzen dela ikustea.  

Badakit jende askok bertigoa baino zerbait gehiago duela eta nolabaiteko beldurra sentitzen duela hegazkina hartu behar dutenetan. Pilulak, whiskiak, denak balio du, batez ere, bidaia luzeak direnean.


Aste Santuan gaude eta zuetako batzuek beharbada hartuko duzue hegazkina eta, hartzen ez baduzue, ziur aski, noizbait hartu duzue. Nolako esperientziak izan dituzue hegazkinetan? Gogoratzen duzue hegazkinez egindako lehenengo bidaia? Baduzue bertigorik? Zein izan da hegazkinez egin duzuen bidaiarik luzeena? Zer egiten duzue hegazkinean denbora pasatzeko?

2016/03/18

AMETSAK AMETSAK DIRA

Jende askoren ustez, nire lanean gauzarik onena oporrak dira. Ematen du potro jorran ibiltzen garela urtearen zati handi batean, oporrak baino ez ditugula. Eta egia da, beste lanbide batzuen aldean ezin gara kexatu. Udakoak, Gabonetakoak eta orain Aste Santukoak … guztira bi hilabete baino gehiago. Bueno, horiek eta egun solte batzuk ere bai.

Opor luzeak izatea guztion ametsa da. Oporretan bizitzea. Proportzioa txarto eginda dago, bi hilabete lan egin eta hamar opor izan beharko luke. Oporraldiaren amaieran lan egiteko irrikan egongo ginateke, ez litzateke opor osteko ajerik egongo. Baina ezinezkoa da, lan egin behar dugu oporrak izateko eta beste gauza guztiak ametsak baino ez dira.

Oporrak gauza asko egiteko garaia da, normalean egiten ez ditugun gauzak egiteko. Baina bereziki gauza baterako badira, hori bidaiatzeko da. Mundua oso handia da, leku desberdin askoz osatutako planetan bizi gara. Zuen ametsetako bidaia zein den galdetuko banizue, erraz egingo genuke zerrenda luzea. Baina nora ez zinateketen inolaz ere joango galdetuko banizue …

Opor luzeak izate guztion ametsa da? Zein izango litzateke opor proportziorik egokiena?

2015/07/03

BETI POSITIBO

Bueno, aitortu behar dugu aurten ez garela fin ibili eta apur bat alde batera utzi zaitugula. Baina, era berean, zin egiten dugu datorren ikasturtean zintzo-zintzo ibiliko garela eta aurtengoa modu batean edo bestean ordainduko dizugula.

Ikasturte gogorra aurtengoa, baina zorionez amaitu egin dugu eta oporrak hartzeko atarian gaude. Ez izan zalantzarik, merezitako oporrak dira, indarrak berreskuratzeko oporrak, ikasturte berrian zerrenda pasatzeko momentuan presente egoteko.

Balantzea egiteko orduan, positiboa, beti positiboa eta inoiz ez negatiboa.

Eta zurea? zuena?

2015/03/27

BALBOA

Opor garaia da Aste Santua. Lehen zuen zentzu erlijiosoa galdu bide du eta mezatara joan beharrean hondartzara edo mendira joateko aitzakia ezin hobea dugu orain. Otoitzak elizako bazter batean utzita, toalla hartuta hondartzara edo bota goretexdunak jantzita bideari ekin, igual, Aste Santua izanik, Santiagorako bideari.

Erabat aldatu da Aste Santua, erabat aldatu dugu. Lehen hemen geratzen ginen, gero herrira joaten ginen, beranduago Espainian zehar bidaiatzen genuen garaiko prozesioak ikusten eta orain, hegazkin bat hartuta, edonora joaten gara. Ez dago desberdintasunik Aste Santuko eta udako oporren artean, iraupenean ez bada. 

Berezia da beti opor garaia, batez ere, kanpoan gaudenean. Beste herrialde batean egoteak badu zerbait, aldatzen gaituen zerbait, bertakoa egiten gaituen zerbait. Edonon egonda hangoa egiten saiatzen gara, natiboak baino natiboagoak izango bagina bezala, sarritan barregarri geratu arren.

Oso sentsazio arraroa da gu oporretan egondako leku bat film batean ikustea. Eszena ikusi eta han egon garela esaten dugu berehala. Film horretako parte sentitzen gara. Baina berezia bezain barregarria da film batean ikusi genuena egitea bertan gaudenean. 

Arraroa bezain barregarria da Filadelfian egonda, Rocky Balboak korrika batean igotzen zituen eskailerak igotzea eta gora helduta besoak altxatzea. Eskerrak eskailera gutxi direla, bestela ez dakit nik … Eskailerak ikusi eta barruko indar batek bultzatzen du jendea eskailerak igotzera.

Bertan nengoela, neure burua kontrolatu nuen. Eskailerak igo nituen, banan banan, baina korrika ez. Ez nuen barregarri geratu nahi. Goian nengoela, besoak ez altxatzeko, eskuak patriketan eta listo. Ez nintzen frikia izan, beti bezala,  pertsona zentzuduna eta logikoa. Baina onartu behar dut eskailerak igotzen ari nintzela  TARI, TARA … entzuten nuela nire barnean. 

Holakorik ikusi duzue inoiz, hau da, oporretan jendea egiten filmetako edo telesailetako eszena xelebreenak? Eta zuek egin duzue inoiz halakorik? Zer uste duzue Aste Santuak duen zentzu berriaz? Ikusi duzue inon Aste Santua ospatzeko modu berezirik? Non? Nolakoa zen?

2014/04/11

SOSLAI ONENA

Ile gutxiago eta sudurra luzeago. Horrelaxe ikusten dut neure burua oporretako argazkietan. Ez naiz batere fotogenikoa eta, sarri askotan, bertan agertzen dena neu naizela sinestarazi behar didate. Baina nik ezin sinetsi, ez naiz ni.

Ez daukat soslai onik. Leku guztietatik begiratuta, ez dut neure burua ezagutzen. Gorputzez ez nago txarto, aldean ditudan urteak jakinda; baina objektiboa banaiz, ez nago ibiltoki batean erakusteko. 

Ez naiz natural ateratzen argazkietan, baina aldizkarietan modeloak jartzen diren bezala jartzeari gorroto diot. Argazkiak egiten dituenak beti keinu arraro bat egiten harrapatzen nau, nire zain dagoela ematen du, nik aurpegi arraroena noiz ipiniko.

Ni baino askoz itsusiagoak diren beste batzuk primeran ateratzen dira argazkietan. Antza, haien kasuan, flashek bat-bateko edertasun tratamendu baten efektua dute haiengan. Aurrez aurre baino ederrago ateratzen dira. Ez diet inbidia. Oporretan haiek etengabe beren buruari argazkiak egiten dizkioten bitartean, nik bidean aurkitzen ditudan monumentuei. 

Fotogenikoak zarete? Nola ikusten duzue zeuen burua argazkietan? Gustuko duzue argazkietan zeuek ere agertzea? Argazkirik egiten duzue oporretan?