ERRONKA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
ERRONKA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2020/05/23

70. EGUNA: TOPAKETAK HIRUGARREN FASEAN

Bihar bigarren fasera pasatuko omen gara. Pandemia hau kopa txapelketa bezalakoa da, faseak eta faseak pasatu behar ditugu finalera heltzeko. Poliki-poliki egin behar dugu bidea, tentu handiz, baina azken unerako borrokatu behar dugu eta, beharrezkoa balitz, luzapenean edo penalti-jaurtiketan irabazi beharko genioke partida birusari. Baina espero dugu gauzak ez aldrebestea eta, adituek dioten bigarren pandemiaren kolpea datorrenean, final hau ere bertan behera ez geratzea.

Bizitzan gauza asko sakrifizio handia eginez lortzen ditugu. Sarritan bidea ez da samurra eta oztopoak handiak izaten dira, baina ekinaren ekinez lortzen dugu amestutako hori. Dena den, ez dakit masoka naizelako izango den, baina zenbaitetan ametsa lortu dudanean, ez dut izan espero nuen poza eta lortutakoan barruan huts bat sentitu dut. Adibide argia da Donejakue bidea egin nuenean. Orreagan lehen pausua eman nuenetik amesten nuen nolakoa izango zen Santiagora heltzea. Faseak edo etapak gainditu ondoren, ametsa handiagoa zen eta imajinatzen nuen nolakoa izango zen poztasun hori. Santiagora heldu nintzen egunean, berriz, ez nuen ezer sentitu eta gogoratzen dut nire kezka hurrengo egunean zer egin izan zela.

Zer kostatu zaizue sakrifizio handia lortzea? Zer sentitu zenuten lortu ondoren? Zer eragiten dizue bigarren fasera pasatzeak? Zein fasetan topatuko gara euskaltegian? Baduzue gogorik?

2020/04/02

19. EGUNA: ERRONKA HANDIA

Konfinatuta gaudenetik gero eta gehiago dira famatuek eta hain famatuak ez direnek proposatzen dizkiguten erronkak. Batzuk errazak izan daitezke, baina beste batzuk, argi dut, trukatuta daude; ezinezkoa da hori egitea, ezinezkoa, behintzat, neuretzat.

Oso trebea ez naiz, bueno, nahiko baldarra naiz eta kosta egiten zait abilezia eskatzen duten gauzak egitea, batez ere, orekarekin eta esku-trebetasunekin zerikusia duten gauzekin. Oso saiatua naiz eta, zergatik ez, burugogorra ere bai. Gauza bat egiten hasten naizenean, bukatu behar dut. Ezin dut utzi amaitu gabe. Bukatu egin behar dut.

Erronkak handiak ala txikiak erronkak dira. Eta gainditzen ditugunean izugarria da. Horregatik, orain etxean egun osoa eman behar dugunean, erronka bat gainditzea proposatzen dizuet. Zuek aukeratu zein: txoko batean botata dituzuen disko guztiak ordenatzea, patata tortilla egiten jakitea, euskarazko aditz-laguntzaile guztiak behin betiko ikastea, etxe osoa garbitzea,… nahi duzuena. Nik atzo aurkitu nuen 3D puzzlea egingo dut, bai ala bai.

Zer iruditzen zaizkizue, batez ere, Interneten proposatzen dizkiguten erronkak? Inoiz egin duzue erronkarik? Zein izango da egin nahiko zenuketen erronka?