UDABERRIA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
UDABERRIA etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2016/04/08

NEGUAREN OSTEAN UDABERRIA

Ez dakit odola, beste gauza bat esango nuke nik. Unibertsitate garaian udaberria etortzen zelako seinalea ez zen hark guri odola aldatzea, bueno, igual bai; baina ez zen seinalerik nabarmenena. Garai hartako mutikoontzat beste seinale bat zegoen, beste alaitzeko motibo bat: loreak, negu osoan ezkutuan ibilitako loreak.

Ez genekien nola, baina bat-batean egun batean, udaberriak ekarritako eguraldi onarekin batera, eskailera kiribilean loratzen ziren. Haiek gora bueltaka eta bueltaka eta gu, adurra zerigula, behean gora begira. Bat baino gehiago ari da oraindik ordaintzen garai hartan eginiko lepo luzatze horiek.

Minigonaren urrezko garaia izan zen hura. Neska guztiek zeramaten, ez ziren garai hartakoak oraingoak bezain motzak, baina guri gerriko luze horiek odola eta zerbait gehiago aldatzen ziguten. 

Ez dut komentario sexistarik egin nahi. Hura sinpleagoa bezain erreala zen, inolako konnotazio sexistarik gabe. Horixe zen diktaduran jaiotako hogeita piko urteko mutilen errepresioaren adierazlea.

Oraindik irribarre maltzur bat ateratzen zait udaberria datorrela Corte ingeleseko iragarkietan ikusten dudan bakoitzean.

Zer pentsatzen duzue udaberria datorrela entzuten duzuenean? Zer deritzozue “udaberria odol berria” esaerari? Baduzue udaberriak gogorarazten dizuen pasadizorik?

2015/04/17

LORE-BEGIEN GARAIA

Udaberria dugu. Udaberriak odola berotzen du. Dena berotzen du. Eta egia esanda, bero hori eskertzen da. Neguko hotza atzean utzita, alaiago gaude aurrean dugun beroaz gozatzen.

Inguruan dauzkagun lore-begiak loratzen dira udaberrian eta beren onena ematen digute. Beren urteko unerik ederrenean daude, dena emateko prest.  Pentsatzen nuen baino lore-begi gehiago daudela konturatu naiz, inoiz baino gehiago, txoko guztietan bat,  gutxienez. Ez dakit klima-aldaketagatik den edo zergatik, baina Euskal Herrian gero eta lore-begi gehiago eta mota gehiago ditugulako susmoa dut.

Plazera da kaleratzea eta argia ikustea. Neguko kobazulotik kanporatu eta naturan bertan egon. Argia, koloreak eta usaina … usaina … eta askotan kiratsa. Neguko lore-begi kirasdunak loratzen dira udaberrian eta beren onena ematen ez badute ere (udarako uzten dute), perretxiko moduan ugaltzen dira. 

Udaberrian kaleratzea eta argia ikustea plazera bada, handiagoa da plazera usaina gozoa denetan.

Batzuk dira nire inguruan dabiltzan lore-begi kirasdunak eta identifikatuta ditut dagoeneko. Ikusi eta berehala egiten dut ospa. Ezin ditut jasan eta ezin diet ulertu. Ziur nago haiek ez direla konturatzen eta kiratsa guri darigula pentsatzen dutela. Ez dakit horregatik edo potro faltagatik den, baina inor ez da haiei ezer esatera ausartzen eta istorio honetan, beste batzuetan bezala, ez dut esango diedan lehenengoa izan nahi. 

 Zer deritzezue lore-begi kirasdunei? Zein da arrazoia jendea hain zikina izateko? Ezagutzen duzue lore-begi kirasdunik?  Zer egin beharko genuke? Zuzenean esan, zeharka esan edo ezer ez esan?

2014/03/21

LORETAN, NOIZ?

Kapuluz inguratuta nago. Ezkerretan eta eskuinetan. Aurrean eta atzean. Leku guztietan daude. Inbasio bat dira.Ohituta nago, normala da.

Garai honetan kapulu guztiak daude urduri, baina pozik. Gutxi falta zaie kapuluak ez izateko, loratzeko. Batzuk nolakoak izango diren erakusten hasi dira, dagoeneko. Hor, kapuluaren puntan, zerbait sumatu ahal dugu. Denborak esango du zerbait hori zer izango den, bitartean itxaron behar.

Loratzea da beraiena, baina nik ez daukat esku ona kapuluekin. Mimoak ematen dizkiet eta noizean behin hitz egiten diet. Musikarekin ere saiatu naiz, baina gutxi dira nire inguruan loratzen diren kapuluak. Nire ingurukoak kapuluak dira eta kapuluak izango dira betiko. 

Orain dela urte batzuk hasi nintzen afizio honekin. Neskalagun ohiak, gure maitasunaren adierazgarri gisa, behin, urtebetetze egunean, loratzear zegoen kapulu bat oparitu zidan. Kapulua ez zen inoiz loratu eta maitasuna zimeldu egin zen nire lagun onenarekin Tarifara joan zen egunean. Baina, afizioarekin jarraitzen dut. Etxea lorontziz beteta dut, kapuluz beteta.

Baduzue lorerik etxean? Gustuko dituzue loreak? Zer lore gustatzen zaizue gehien? Zergatik? Baduzue eskurik loreetarako?

DENOK ALAIAGO

Beste urte batez hementxe dugu berriro udaberria, urtaro guztietatik erakargarriena esango nuke. Lehenengo eguzki izpiak, arbolen lehenengo fruituak, txorien txio-txioak … 

Egia esan, udaberriaren etorrerarekin gure bizimodua alaitzen da. Negu osoan aldean eraman ditugu kolore ilun horiek atzean uzten ditugu eta gehienok , dagoeneko, begiz jota dugu erakusleihoetan jarri berri duten kolore biziko arropa.

Kalean alaitasuna da nagusi, baina apustu egingo nuke udaberria heltzearekin alaien daudenak gizonezkoak direla. Izan ere, emakumezkoak eguraldi ona hastearekin batera aldeko arropa arintzen hasten dira, neguko praka luzeek minigonei lagatzen die lekua, lepoko zapi lodiek beroa baino ez dute ematen eta estalita egon diren eskoteak berriro eguzkiaren izpiak hartzeko agerian uzten dira.


Hala ere, arestian esandakoa ez dut inork matxistatzat hartzerik nahi. Nik gizon edota mutil batzuei udaberrian emakumezkoak politago daudela entzun diet eta hau entzuteak grazia egin dit, konnotazio lizunik ez baitago. 

Ez dakit nor egongo den politen, baina udaberriak denok alaitzen gaituela ez dago ukatzerik …,  ala ez duzue hori uste?

2012/06/18

LARANJAZKOA ALA LIMOIZKOA?

Udan gaude beste urte batez. Kaleak jendez beterik, parkeak umez gainezka, hondartzak udatiarrez beterik … Erakusleihoetan praka laburrak, minigonak, tirantedun soinekoak, kolore biziko elastikoak, bainujantziak, txankletak, sandaliak … Asko dira uda hemen dugula jakinarazten diguten seinaleak, baina bada bat, nire ustez behintzat, esanguratsuena dena, udako ikurra: izozkiak.

Bai, egia da izozkiok urte osoan ditugula eskuragarri, baina hondartza ertzetan dauden postu horiek, zer? Eta, edonondik paseatzen ari zaretela aurkitzen dituzun beste horiek?

Bertan, zapore guztietako izozkiak, tamaina ezberdinetakoak, kukurutxoetan mihiaz milikatzeko, terrinetan koilaratxoaz jateko, izozduna, palodunak … egia esan, askotan zaila da bat aukeratzea. Izozkien aurrean, jaten hasi baino lehen guztiok adurra darigula, umeak, helduak, nerabeak, adinekoak … izozkiak jateko ez dago adinik.



 Niri betidanik gustatu izan zaizkit eta urterik urtera agertzen diren zapore berri horiek “urtu” egiten naute, elkar “urtzen” dugu. Ezin dut imajinatu izozkirik gabeko udarik, urte osoan salgai egon arren udan izozkiek zapore ezberdina dute eta, ez duzu hala uste?

2011/03/25

MANOLOS ON THE BEACH

Martxoaren 21ean, 15:21ean, hasi zen 2011ko udaberria. Beharbada, gogokoen dugun urtaroa da udaberria eta bere eskutik, normalean, eguraldi ona etortzen zaigu neguko nagia astintzeko. Neguko arropak kendu eta hondartzara joateko lehenengo eguzkiko izpiez gozatzeko une aproposa.

Egun hauetan, lehenengo ausartiak ikusi ditugu hondartzan paseoan, eguzkitan, kirola egiten eta, ausartienak, urteko lehenengo bainua hartzen. Hauek ikusi eta iaz hondartza batean egin genuen argazkiaz gogoratu gara.

Xelebreak, ezta? Bada, nagiak ez ezik, irudimena ere astintzea proposatzen dizuegu. Non dauden, nortzuk diren, nongoak diren, zeri buruz ari diren hitz egiten, … idaztea eskatzen dizuegu.

UDAREN ATARIAN UDABERRIA

Udaberria, odol berria. Egunak argitsuagoak, liliak loretan eta maitasuna azalean, hauexek dira udaberria etorri zaigulako lehenengo seinaleak. Sugeak bezala, neguak lagatako azal zaharra erantzi eta berria janzteko irrika.Bizitza berria udaberrian, eguzkiak ematen digun bizitza berria.
Udaberria, kalbario berria. Loreak lau haizetara botatako hauts madarikatuak, batzuen izerdi usain gomitagarria eta beroa, bero jasanezina. Gerizpean dabilenak bezala, udaberriak dakarkigun eguzkitik babestu beharra. Bizitza berria udaberrian, mukizapiari lotutako bizitza.

Zer da udaberria, odol berria ala kalbarioa? Egia al da udaberriak aldatzen gaituela? Zer eragin dauka zuengan / guregan udaberriak edo eguraldi onak? Badiozue alergiarik udaberriari? Zeri diozue gorroto udaberrian?

UDABERRIAREN ERAGINA

IRAKURMENA:
Bikini operazioa
Gaia prestatzeko:
Zer dio idazleak?
Zein ideia nabarmenduko zenuke? Zergatik?
Eman zure iritzia:
Zer diozu gaiaz?
Aldatuko al da datozen urteotan edertasun eredua?

HIZKA-MIZKA: ORDUTEGI ALDAKETA

  • Energia aurrezteko modu bat .
  • Ordubete aurrerago edo atzerago izateak ez du eraginik gure bizimoduan.
  • Bizitza pribatuan ere aprobetxa dezakegu argitasuna.
  • Herrialde gehienetan egiten bada zerbaitengatik izango da.

  • Ez da hainbeste energia aurrezten.
  • Osasun-arazoak ere sortzen ditu.
  • Ohitu arte aldaketa asko gure egunerokotasunean.
  • Herrialde askotan egiteak ez du ezer esan nahi.