2012/06/08

PROBA HURA

Selektibitate egunak dira hauek. Gazte askok nerbioak dantzari dauzkate, eta normala da, urte osoan egindako lana jokoan baitago. Egunkarian ere egunotan portada da, ikasle asko kontzentraturik, neke aurpegiak, etorkizuna erabakitzen.

Neu ere egoera horretatik pasata nago eta gaur egungo ikasleak dauden moduan egon nintzen selektibitate egun haietan. Bi egunetako azterketa hura erronka handia zen guretzat, heldutasun froga zela esaten ziguten irakasleek, unibertsitaterako bideari hasiera emateko lehen urratsa. Azterketa bat beste baten atzean, goiz eta arratsaldez jo ta ke, burua apurtzen. Komentarioak, buruketak, filosofia galderak, marrazki teknikoa, norberak sortutako testuak …  azterketa hark ez zuela amaierarik ematen zuen. Noten zain egondako egunak ere amaiezinak izan ziren. “Izango dut notarik nahi dudan karrera hasteko?  Notarik ez badut, zein aukeratuko dut?” Egunero buruari ematen, baina nota jakin arte ezin jakin zein izango zen gure etorkizuna.

Orain, aspaldi pasata, ez zela hainbesterako esan ahal dut, baina nik baino lehenago egin zutenek ere gauza bera esaten zidaten eta ez nien sinesten. Bertatik pasa arte ezin imajinatu zer den, behin pasata denok ez zela ematen zuen bezain gogorra esan arren.

Eta zuek gogoratzen dituzue selektibitate egun haiek? Baduzue gogoan egindako beste azterketa bat?

5 iruzkin:

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Egia esate aldera, nik euskarari esker gainditu nuen selektibitatea. Hara:

Eibarko Lasallen U.B.I. ikasten ari ginela, jakin genuen unibertsitatera sartu ahal izateko ‘selektibitatea’ izeneko proba jarriko zutela lehenengo aldiz historian; honek izugarrizko aztoramendua ekarri zion ikasle jendeari baina ez niri, ordea. Erabakia nuen aspaldi ‘Magisterio’ ikastea eta horretarako ez zen beharrezkoa ditxosozko selektibitatea. ‘Balio duenak balio du eta balio ez duena Magisteriora’ esan ohi zen garai hartan. Nik asko balio ez, edo irakasle izatea gustatu, edo biak ala biak, baina kontua da nire ikaskideen ondoan lasai asko nengoela. Hala ere, badaezpada, selektibitatea egitea erabaki nuen.

Donostiara joan ginen bezperan, proba egiteko asmoz. Bertan baziren nik bezala proba gainditzerik behar ez zuten beste batzuk ere eta, badakizue, gazta eta menbriloa elkartzen diren moduan, gu ere elkartu; ‘Bodegón Alejandro’n bapo afaldu eta kristolako parranda eta gaupasa eginda azterketara. Ilara luzean geunden azterketa-lekura noiz sartuko zain, jendea urduri, solasean, eta gu, zorionez, euskaraz solasean. Sartu ginen sartu, azterketa-orriari begiratu, eta zegoeneko erdizorabiatuta banengoen, matematika eta fisika-kimikako galderak ikustean erabat zorabiatu nintzen; ez nekien nondik hasi ere! Begira eta begira, eta boligrafoari eragin gabe. Halako batean, azterketa zaintzen zegoen irakasle bat, ezaguna ez nuena, hurbildu zitzaidan eta ez zen, bada, azterketako erantzunak esaten hasi! Ni erabat harrituta eta irakasleak ahopean esaten zidana idazten azterketan… Pentsa! Ez nuen burua argi (gutxitan izaten dut) baina lausoalditik atera eta konturatu nintzen irakasle hura gure ondoan egon zela sarrerako ilaran, seguruenera euskaraz ari ginela entzun (egia esan ez zen oso ohikoa gazteen artean) eta bihotza samurtu egin zitzaion. Eta nik selektibitatea gainditu!!!!

Ai ama, non ote nengoke ni euskara izango ez balitz!!! ;-D

(JML)

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Selektibitateari buruz pentsatzen dudanean, burura etortzen zaidan ideia nagusia da nahiko gaizki pasatzen dela. Nire ustez, froga hori ez da batere zuzena, eta bi egunean urte batzuetako lan osoa laburbiltzea astakeria hutsa dela iruditzen zait. Batzuetan ematen du ikasteko sufritzea ezinbestekoa dela barneratuta daukagula, eta batzuetan halaxe bada ere, bi gauzek ez dute zertan lotuta egon. Hobe da ahalik eta etekin handien ateratzen saiatzen, albait indar gutxien erabilita, baina, batek daki, beharbada oraindik ez diegu aurre egin geure usadio kristauei. Hala ere, pentsamendu on bat ere dakarkit gogora. Batzuetan gauza "arraroak" gertatzen zaizkidan susmoa daukat, eta ez dakit pertsona guztiei gertatzen zaizkienentz. Halakoetan, leku egokian une egokian egon izan banintz bezala sentitzen naiz. Horrela, selektibitatean, irakasle batek ariketa batzuk egiteko eman zizkigun kasualitatez korridore batetik pasatu ginen ikasle batzuoi. Arratsalde horretan ariketa horiek etxean egiteko lana hartu nuen, eta hurrengo egunean ariketa berberak jarri zituzten azterketan. Hori ezin zen izan kasualitatea. Beste pertsona batzuk ez ziren enteratu edo, ariketak izanda ere, ez zituzten aldez aurretik prestatu eta txartoago egin zuten azteketa. Norbaitek esan lezake lagundu zidatela, eta ezin izango nieke ukatuko, baina neuk behintzat nahiago dut pentsatu abagune hori, eta geroago gertatu zaizkidan beste batzuk, aprobetxatzen jakin izan dudala.
Ana Pi.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Ez nuen selektibitatea egin, BUPa amaitu nuenean lan egitera joan nintzen. Ikastea ez zitzaidan gustatzen eta horregatik ez nuen ikasten jarraitu. Baina gogoratzen dut, nire anaiak eta nire nebak nola pasatu zuten. Egun osoan oso urduri zeuden eta zerbait esaten zenienean haserretzen ziren. Gaur biak lan egiten dute eta ziur nago, biek selektibitateaz gogotatzen zutena.
Josean A2

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Gogoratzen dut ez nengoela oso urduri egun haiek. Niretzat txango bat iruditu zitzaidan lagun guztiak joan ginelako oinez Gurutzetatik Barakaldora. Hiru egun izan ziren eta oso azkar pasatu ziren.
Bakarrik pixka bat errepasatu nuen dena aurreko egunetan oso egin berri nituelako ikasturte amaia oso hurbil zegoelako eta dena ezaguna zelako.
Dena gainditu nuen eta nota sobera eduki nuen unibertsitatera joateko.
Azken ahalegin zen garai huran eta gero uda osoan aske eduki nuen edozer gauza egiteko.
Orain gauzak oso desberdiank dira eta konplikatuagoak ere bai.
Ikasketaren garaia oso ona izan zen ardurik gabe bizi ginelako.

c.p.

Anonimoa erabiltzaileak esan du...

Oso egun beroak ziren, hori bai gogoratzen dut. Bilboko ingeniaritzako eskolan egin nuen proba eta noski, urduri samar nengoen, besteak bezala. Agian, garraintzi gehiegi ematen diogu probari zeren eta normalean ez baitute nota altuegia eskatzen unibertsitatera joateko. Bakarrik medikuntza ikasi nahi dutenek edo gutxi gehiagok emaitza ona behar dute .
Pozik nago ikasketak amaitzeagatik, dena den, hizkuntzak ikasten jarraitzen dut oraindik pazientzia pixka bat geratzen zait eta, baina gaur egun ez daukat aspaldiko presioa gainean eta hori bai nabaritzen dut.
Zorte on denoi zuen azterketetan !

D.T. 1B