2022/06/28

HURRENGORA ARTE

 Beste urte bat. Kurtsoaren amaierara heldu gara beste urte batez. Une honetan beti tristura eta poza. Tristura zerbait bukatzen delako. Poza oporrak hasten direlako.

Plazera izan da jende berria ezagutzea, batzuk ezagutzea hobea izango zatekeen, kar, kar,… Ez pentsa, zuek aguantatu behar nauzue, pertsona bat; baina nik zuek, pertsona asko. Eta guztiak ez zarete berdinak. Ez hobeak, ez txarragoak. Ezberdinak.

Animoa eta hurrengo egunetan dauden azterketak ondo egin.

OSO ONDO PASA OPORRETAN!!!

2022/06/03

BERE ADINEAN LANEAN...

 78 urte eta oraindik taula gainean. Errekor handia da berea, Mick Jaggerrena. Ez dakit beste abeslari bat egon den hainbeste denboraz eszenatokiaren gainean, baina berea meritu handia da, oso handia. Eta ez bakarrik hor egoteagatik, dantzarako duen abileziagatik. Oraindik badu hasiera-hasieran zuen erritmoa. Ikaragarria, benetan!!!

Asko hitz egiten da Jaggerrez, eta ez beti ondo; baina, ezin du inork ukatu zerbait berezia duela, ez dela beste abeslariak bezalakoa, ez. Besteen aitona izan daitekeen deabru honek badu oraindik ere zer irakatsi seme-alabei eta bilobei eta horrexegatik ari da , bere taldearekin batera, ustezko azken bira ematen.

Madrilen egon dira Maiestate Satanikoak eta, beti bezala, itzela izan da kontzertua. Jendea pozik, txoratuta eta azken bira izango ez zelako esperoan.

Ez naiz inoiz oso Rolling Stones taldearen zalea izan, Liverpoolekoak gustuko nituen eta badakizue… Baina, onartu behar dut musika ona egiten dutela eta beren kontzertuak ikusgarriak direla. Dena den, Jaggerren kasuan, gehien miresten dudana hasieran esandakoa da: 78 urte eta lanean. Ezin dut neure burua horretan ikusi, eta ez abesten, klaseak ematen baizik. Bejondeizula, Jagger!!!

Ezagutzen duzu taldea? Zer dakizu? Zer iruditzen zaizu Mick Jagger? 78 urte arte lan egitea meritu da? Ala zigorra? Kapaz izango zinateke 78 urterekin lan egiteko?

2022/05/20

MIHI MARROIAK

 Ez neukan zalantzarik, baina, badaezpada, etxera heldu bezain laster, ispiluaren aurrean mihi atera dut… Eta ez dut marroi. Eskerrak!!!

Ez da gaixotasun berri baten sintoma edo COVID19ak utzitako ondorioren bat. Beste gauza batez ari naiz: mihi marroidunez. Ez dakit nola definitu zer den mihi marroia izatea, baina iruditzen zait azkenaldi honetan gero eta jende gehiagok duela mihi marroia. Haiek ez dira konturatzen, baina batzuen kasuan marroia izan ordez, beltz dutela edo oso marroi ilun esango nuke nik.

Ez dakit dagoeneko jakingo duzuen zertaz ari naizen. Bestela pentsatu zergatik eduki ahal duen pertsona baten mihiak kolore hori. Pentsatu ondo, mesedez.

Oraindik ez badakizue, hona hemen azalpena: aurreko batean lagun batek esan zidan nagusia, irakaslea edo gainean dutena beti lausengatzen dutenak direla mihi marroiak. Ez da gehiago azaldu behar, ezta? Orain jakingo duzue eta ezagutzen dituzuen batzuk burura etorri zaizkizue, ezta? Niri asko, pilo bat.

Zer uste duzue mihi marroidunez? Horrelako jende asko ezagutzen duzue? Nahiko zenuke ondoan  mihi marroidunak izatea, nagusiak izango bazinete?

2022/05/06

EZ LUKE B1 MAILA GAINDITUKO

Ez dakit Martzelinori, Athleticeko entrenatzaileari, kontratua berrituko dioten, baina ziur nago B1 maila ez duela gaindituko. Arrotza egiten zait, prentsaurrekoa ematen duenean, nola hitz egiten duen entzutea. Partida bukatu berria denean, “gaur jokatu genuen”, “partida hau zaila izan zen”, edo horrelakoak esaten ditu gaztelaniazko aditzaren denborari erreparatu gabe.

Badakit Asturiasekoa dela eta horregatik dela. Gainera, lagun bat dut hor, eta pare bat ordu berarekin egon ostean, neuk ere esaten ditut horrelakoak. Baina, egoera normal batean, ez dut horrelakorik esaten, eta, esan bezala, beste pertsona bati entzuteak harritu egiten nau. Bizkaitarra naiz eta guk aditzaren denbora, oro har, egoki erabiltzen dugu. Baldintzarekin dugu arazoa, ondorioa baldintza bihurtzen dugu eta. Gaztelaniazko beste arau gramatikalekin ez dut arazo handirik izaten, baina onartu behar dut ortografiarekin noiz edo noiz zalantzak ditudala. Eskerrak zuzentzaile magiko horiek daudela!!!

Jakin badakit euskaraz zer maila duzuen, baina gaztelaniaz ez. Horregatik sarrera honetan eskatzen dizuet gaztelaniarekin nola moldatzen zareten adieraztea, hau da, zeintzuk diren egiten dituzuen akatsak, zer den ondo erabiltzea gehien kostatzen zaizuena,…, azken batean, gaztelaniazko B1 maila gainditzeko kapaz zareten.

2022/04/08

GAINDITZEKO GARAIA

Orain oporrak, deskantsatzeko garaia. Bi aste disfrutatzeko, deskonektatzeko eta, ahal baduzue, idazlanen bat edo beste egiteko.

Garai ona da Aste Santua espiritualagoak izateko eta fedea ere berreskuratzeko. Ondo dago goikoak gure alde izatea, ondo edo, zenbaitetan, beharrezkoa. Maiatzaren lehenengo astean daukagun erronkan irabazle atera ahal izateko laguntza guztiak ongi etorriak dira. Baina, egia da urte osoan kolperik eman ez duzuenok goikoen laguntza baino zerbait gehiago beharko duzuela.

Gure aldetik, esan behar genuen guztia esanda dago. Hamaika bider esan ditugu esan beharrekoak, eta badakigu, hala ere, zer edo zer ahaztu egingo zaizuela. Gu bezala, zuek ere ez zarete perfektuak, kar,kar,kar,…

Dena den, hamaika bider esan dizuegun arren, ez dago gaizki berriro esatea: IDATZI BIHOTZEZ!!!

Azterketaren bezperan gauden honetan, animoak emateaz gain, jakin nahiko genuke nola zaudeten eta uste duzuen gainditzea merezi duzuela, eta idazmen froga horren atarian zer gomendatuko zenieketen zuen ikaskideei.

2022/03/25

KAR, KAR, KAR,…

Serioak garenoi asko kostatzen omen zaigu barre egitea, baina horrek ez du esan nahi barre egiten ez dakigunik. Gehienetan barrutik egiten dugu. Barre maltzurra da gurea, ez zaigulako barre-algararik gustatzen. Graziarik? Bai, ziur aski egingo digu, baina ez dugu inolaz ere neurrigabeko barre-karkararik egingo. Serioak garenok beti neurriz eta egoki egiten ditugu gauzak, eta, jakina, barrea ere bai.

Baina badaude etengabe barre egiten dutenak. Edozer esanda, barrez hasten dira, barre tontoa da hori, oso tontoa, nire ustez. Baliteke oso pertsona zoriontsuak izatea eta besteok beti pipertuta egotea, baina ez da posible edozer esanda barre egitea. Denak ez dauka graziarik eta denak ez digu barrerik eragiten.

Ez dut hemen esango zer pentsatzen dudan beti barrez egoten direnez. Nahiago dut ez esan. Baina, aurreko paragrafoa irakurrita, argi dago, ezta?

Eta zuek, barre egiten duzue azkar ala kosta egiten zaizue? Zer-nolako barre egiten duzue? Zer pentsatzen duzue etengabe barre egiten dutenez? Zerk eragiten dizue barrea?

2022/03/07

NIRE LORATEGIKO LOREA

Zer edo zer berezia behar da etxean landareak izateko. Askok etxea ez dela lekurik egokiena diote, baina ez dut uste, nire kasuan, hori arrazoia izango denik. Interes osoa jartzen dut eta mimatu egiten ditut, baina ez dut lortzen. Noizbait hitz egin diet edo musika jarri, baina agian ez dute gogoko jarri diedan musika.

Landareek, oro har, bizitasuna edo alaitasuna ematen diote etxeari eta urtean zehar izaten dituzten aldaketak ikustea berezia da, batez ere, bonsaien kasuan. Benetan ikusgarriak dira zuhaitz txiki horiek urtaroaren arabera dauzkaten aldakatetak. Zuhaitz handiek bezalaxe izaten dituzte beren zikloak eta naturaren pausuak jarraitu behar dituzte. Etxean bonsai bat duzunean, naturaren zati bat duzu.

Azken urteotan ez dakit zenbat bonsai erosi edo oparitu didaten. Zaila da, bueno, arte bat da bizirik mantentzea. Oso delikatuak dira. Beharbada animaliak baino delikatuagoak, eta hiltzen direnean sentitzen duzun pena berbera da. Baina bizirik dauden bitartean gozatu ahal ditugu txakurra, txoria edo katuarekin gozatzen dugun bezalaxe.

Baduzue landarerik etxean? Nola zaintzen dituzue? Zer da inportanteena bizirik mantentzeko? Landareak animaliak bezalakoak dira?