Erosi eta erosi, zenbat eta gehiago erosi orduan eta zoriontsuagoak. Eta
horretarako, espresuki, urtean zehar egun seinalatu batzuetarako asmatu dute
zer edo zer. Betidanik egon diren erosteko datak gutxi izango balira bezala,
gaur egun Ameriketatik ekarritako sasi-moda horiek ditugu: Black Friday edo
Zibermonday.
Guk sakelei astindu ederra ematea dute helburu eta gutako askok, dagoeneko,
zalantzan jartzen dugu erosteko data berri hauetan benetan maukarik dagoen ala
aldez aurretik prezioak handitzen diren gero jaitsi egin dutela pentsarazteko,
eta horrela ziria sartzeko. Batek daki!
Horretan argi daukat: itxaron ahal badut, itxaroten dut. Aurreko egunetan
edo asteetan hasten naiz begiratzen eta prezioak konparatzen. Badakit zer erosi
nahi dudan eta, arrantzan bezala, pazientzia baino ez da behar. Arrainak
inguruan daude eta tzast! saskira. Kreditu txartela atera eta datozen asteetan
etxean izango dut.
Baina,... ez dakit nik. Ez dakit arrain ederra harrapatu dudan ala arraina
neu naizen. Eskerrak bi egun baino ez direla, behintzat, momentuz. Ez nuke
esango laster Tuesday Berdea izango dugun
edo merkathursday. Saldu eta saldu, zenbat eta gehiago saldu orduan eta
zoriontsuagoak.
Zer deritzezue egun horiei? Erosten duzue? Merezi du? Zer
beste egun proposatuko zenukete eta zer saltzeko edo erosteko?
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkina