2022/02/18

ARRAROA ZARA?

Ez dut uste adinean aurrera egin ahala arraroagoa naizenik. Arraroa naiz eta kito!!! Holakoa naiz eta daukadan adinarekin gaitza dut aldatzea. Gainera, gustura nago neure buruarekin eta, azken batean, horixe da garrantzitsuena.

Blog honetan sarritan hitz egin dizuet jasan ezin ditudan pertsonez edo, hobeto esanda, beraiek egiten dituzten gauzez, adibidez, astean behin dutxatzen direnez, laneko komunean egunero ordu jakin batean kaka egiten dutenez,… Haiei bost axola, arazoa ez da beraiena, ez. Arazoa ondoan gaudenona da, jakina.

Baina, gauza batzuk ezin dira onartu. Bizikidetzak, guztion onurako, baditu bere arauak eta errespetatu egin behar ditugu. Baina guk errespetatzen baditugu, besteek ere bai. Inor ez dago horretaz salbuetsita. Denok berdinak gara. Ziur aski pentsatzen ari zarete zergei buruz ari naizela, zergak ordaintzen ez dituztenei buruz, baina ez. Hortzak garbitzen dituztenei buruz ari naiz.

Hortzak garbitzea ondo dago, haginlariek egunean hiru aldiz garbitzea gomendatzen dute. Hori oso ondo dago, baina ez dute gomendatzen hortzetako pasta konketan uztea, odolez eta adurrez beteta. Nazka ematen dit. Ezin dut jasan.

Jendea zikina da eta, tamalez, jendeak ez du besteengan pentsatzen. Bakarrik pentsatzen du arraroa naizela.   

Zuek ere arraroak zarete? Zer ezin duzue jasan? Zer egin behar dugu horrelako kasuetan? 

2022/02/04

GORA MAITASUNA!!!

Maitasuna zorte kontua dela diote nire lagunek eta ligatzeko artean ere zortea behar dela pentsatzen dute. Zorte? Zorte?… Zortea bilatu behar da eta, nire kasuan bezala, ez da nahikoa polita izatearekin. Zer edo zer gehiago behar da, baina gehiago hori ez dakit zer demontre den.

Ez naiz inoiz oso trebea izan maitasun kontuetan. Borondatea jarri dut, baina ligatzea ez da nire bertuterik onena. Gutxi eta gaizki ligatu dut. Beti maitemindu naiz nitaz maitemintzen ez zenaz eta, hasteko, hori arazo handia izaten da.

Orain bikotekidea dut. Asko kostatu zitzaidan lortzea, baina azkenean lortu egin nuen. Batzuetan, gau erdian, bera lotan dagoenean begiratzen diot eta oraindik ez dut ulertzen zer egiten duen nire ondoan, eta pentsatzen dut kontxo!!! zer zorte izan dudan. Azkenean lagunek arrazoia zuten.

Zer behar da ligatzeko? Zorteak badu zerikusirik? Trebeak zarete ligatzen? Baduzue bikotekiderik? Nola lortu zenuten? Laster Balendin deuna izango da, ospatuko duzue bikotekidearekin?

2022/01/14

PRIMERAN!!!

“Oso ondo hitz egiten duzu eta nahiko ondo idazten duzu. Euskaltegi gehienetan ez dago zu bezalako ikaslerik. Baduzu zerbait berezia,… Ez dakit zer den, baina ikasle gutxik dute zuk duzun komunikatzeko gaitasuna. Euskaldun peto-petoa zara, txo. Baina,…, pena handia ematen dit,… Azterketa honetarako ez duzu behar besteko maila. Sentitzen dut, benetan! Oso ona zara, baina… EZ GAI zara. Segi lanean eta ziur nago hurrengoan lortuko duzula. Txalo bero bat ikasle honentzat,…”.

Halakorik entzuten dudanean, ez dut ezer ulertzen. Pertsona bat ona bada,… edozein gauza egiten, ez bakarrik euskaraz, ez dut ulertzen. Hori da talentu berriak bilatzeko programetan gertatzen dena. Coachek lasai asko esaten dituzte holakoak, baina gero ez dute pertsona hori aukeratzen, edo ez dira eserlekutik mugitzen edo ez dute eserlekua mugitzen. Egia gogorra bada ere, hobe da egia, nire ustez.

Txarrena da hori entzuten duten pertsonek, gainera, eskerrak ematen dizkietela. Horixe bakarrik behar zuten!!! Kaleratu eta eskerrak eman. Eskerrak beti geratuko zaigula Risto!!!

Zer nahiago duzue? Egia gordina ala, bueno, gauza onak entzun? Zer uste duzue talentu berriak bilatzeko programa horietaz? Zer deritzezue coachei? Zein da zuen talentua? Abestea? Margotzea?... Parte hartuko zenukete horrelako programa batean? Zergatik?

2021/12/17

BESTE URTE BAT!!!

365, bai, 365 egun pasa izan dira aurreko urtetik. Kontrakoa uste arren, 2021. urtea ez da aurrekoa baino luzeagoa izan, ezta laburragoa ere. Urte bisustuek izan ezik, beste guztiek egun berberak dituzte. Gurea da luzeagoa edo laburragoa izatearen kontua, gure  pertzepzioa: gauzak txarto badoaz, luzeagoa, eta, ondo badoaz laburragoa. Erlojuaren orratzak mugitzen dituenak (kabroi horrek), ez dakit nik, apropos egiten bide du.

Urtea nolakoa izan den aztertzeko garai honetan, ziur aski denetarik izan dugula esango genuke. Egun asko dira eta denetarik izaten dugu. Baina, oraingo honetan, urtea bukatzear dagoen honetan,  zuek gauza onak bakarrik gogoratzea nahi dugu eta, horregatik, urtean gertatu zaizuen onena gurekin partekatzeko gonbit egiten dizuegu. Eta, bide batez, hurrengo urteari zer eskatzen diozuen esan.

2021/12/03

EUSKARARI BURUZ ALA EUSKARAZ

Gaur EUSKARAren eguna da eta, lehen bezala, gehiago hitz egiten da euskarari buruz euskaraz baino. Ez dakit zenbat urte pasatu beharko diren egoera aldatzeko, baina, horrela jarraitzen badugu, datorren mendean ere berdin egongo gara, berdin berdin.

Sarrera honetan ez dizuet esango niretzat euskara zer den. Uste dut aurreko sarrera askotan argi utzi dudala eta ez duela gauza bera esatea merezi. Orain zuek esan behar duzue zer den zuentzat, zergatik ikasten duzuen, eta ditxosozko hizkuntza eskakizunak beharko ez bazenituzte ikasiko zenuketen ala ez.

Bukatzeko, nahiko nuke zuek partekatzea euskaraz bizi izan duzuen unerik zoriontsuena edo dibertigarriena edo barregarriena, azken baten, euskaraz bizi izan duzuen unerik gozoena.

2021/11/19

BUUUUUUUUUA!!!

Eeeeeeeh, ez dakit helduko naizen. Buuuuuuuuuuua! Bai, bai , helduko naiz. Hartu arnasa, baina, ikasleek diotenez, sabelatik… Nola demontre egiten da hori? Sudurretik eta … nahikoa da. Une honetan ez dakit ezta arnasa hartzen ere. Azkar, azkar, bestela soinean egingo dut. Buuuuuua! Etxeko atariko atea ikusten dut. Lasai. Berriro hartu arnasa. Ez naiz helduko, kauguen!!! Lorategia! Lorategia!

Buuuuuuua! Txakurrak bezala, baina ezin nuen gehiago. Sentitzen dut, baina ez nuen beste aukerarik.

Ez zait ondo iruditzen kalean txiza egitea, baina noiz edo noiz, beste erremediorik ez dagoenean, egin egin behar da. Buuuuuuua! Zer ondo geratu naizen!!!

Zer deritzozue kalean txiza egiteari? Debekatuta egon beharko luke? Zer zigor jarri zenikoke kalean txisa egiten duenari? Argazkikoa? Beste bat?

2021/11/05

BAT ALA BI IZAN?

Aste osoa daramat eta oraindik ez dakit,… sorpresa izatea nahi dut, baina zaila da, oso zaila da. Opari bat aukeratzea ez da kontu erraza, ez; baina, are zailagoa da oparia zeure buruari  egin nahi diozunean. Eta, esan dudan bezala, sorpresa… ez dut uste.

Kontua da datorren astean, azaroak 11n, ezkongabeen eguna dela eta eguna ospatzeko neuri buruari zerbait erostea pentsatu dudala, baina ez dakit zer. Interneten begiratu dut zer opari erosi eta, egia esaten badizuet, “ezkongabeentzako opariak” idatzi dut eta… bueno, badakizue zer opari motak agertu zaizkidan, ezta? Berdin dit, oraindik badut denbora pentsatzeko eta neure buruari opari ona egiteko.

Oparia dela eta, asko pentsatu dut ezkontzaz edo ezkondu gabe egoteaz. Pentsatu dut nola dauden ezkondu diren lagunak eta, argi daukat, hobeto nago ni. Hobeto alde guztietatik, fisikoki zein mentalki. Ez nago gaztetan bezala, baina ezkonduta dauden lagunak baino askoz hobeto bai.

Pena ematen dit ezkonduta dauden lagun batzuk ikusteak: nor izan ziren lehen eta nor diren orain. Askok galdu dute zeukaten alaitasuna eta kilo asko irabazi dute. Ezkongabeen gauzak kontatzen dizkiedanean, aho bete hortz geratzen dira, eta inbidia pixka bat sentitzen dute. Ziur nago. Baina, gau hotzetan ohean nagoenean, neuk ere inbidia izaten dut, baina ez diet esango, ez.

Zer iruditzen zaizue horrelako egunak ospatzea? Zein izango litzateke zeuen buruari egingo zenioketen oparia? Zergatik? Nola nahiago zenukete egon? Ezkongabe ala ezkonduta edo, jendea ezkontzen ez den garai honetan, izatezko bikotea izan edo, azken batean, beste batekin egon?